Mundiala. Horixe da gaurko, Euskararen Nazioarteko Egunerako, sare sozialetan erabiltzea proposatu duten traoletako bat. Horren bidez, keinu bat egin nahi diete Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari direnei. Hizkuntzekiko maitasuna, beren arbasoen hizkuntza eta kultura ezagutzeko nahia... Asko dira pauso hori ematera bultzatu dituzten arrazoiak. Ikastea ez dela erraza diote, eta are gutxiago praktikatzea. Baina argi dute ahalegina merezi duela. Euskaldunei, jakin ez ezik, erabiltzeko eskatu diete.
JOEL AUBET
«Euskara ikastea ez da txinera edo errusiera ikastea baino zailagoa»
Kataluniakoa da Joel Aubet. Betidanik izan ditu gustuko hizkuntzak, eta horregatik egin zituen atzerriko hizkuntzetako irakasle izateko ikasketak. Egun ikasketa horietan diplomatua da, eta Ingelesezko eta Katalaneko Gradu Konbinatu bat egiten ari da. Hain zuzen ere, hautazko irakasgaien artean euskara zegoela ikusi zuenean erabaki zuen ikasten hastea. «Lehenagotik banuen gogoa. Donostian senideak ditut, eta haiek euskaraz hitz egiten entzuten nituen. Gainera, beti izaten nuen kuriositatea egunkarietan edo abestietan agertzen ziren euskarazko esaldiak eta abar itzultzeko».
Iaz hasi zen ikasten. Astean bitan jasotzen ditu eskolak, eta Euskararen eta Euskal Kulturaren Historia Soziala irakasgaia ere ari da ikasten unibertsitatean. Euskara oso hizkuntza «berezia» dela dio. «Haren jatorria ez ezagutzeak, gutxitua izateak eta bizirik irauteko egin duen borrokak erakargarri egiten du niretzat». Jendeari euskara ikasten ari dela esaten dionean «harritu» egiten da. «Egiten dudana miresgarria dela ere esaten didate. Harrigarria egiten zaie hizkuntza gutxitu bat ikastea, eta zaila dela esaten didate». Berari, ordea, ez zaio hala iruditzen. «Ez da txinera edo errusiera ikastea baino zailagoa. Zailena lexikoa da, batez ere aditzak. Sintaxiak zaila dirudi, baina badu bere logika. Ikastea borondate kontua da, beste hizkuntzekin gertatzen den bezala». Gaur egun «oinarrizko maila» du Aubetek, eta penatuta dago gehiago ikasteko denborarik ez duelako. «Pena da, batez ere ezin erabiltzea. Euskal Etxean izango nuke horretarako aukera, baina ikasketak amaituta, nire herrira itzuliko naiz, eta Bartzelona nahiko urruti geratzen zait».
Euskal Herrian bizi eta euskara ez dakitenak ikastera animatu ditu. Dena den, hori bezain garrantzitsua iruditzen zaio, dakitenek erabiltzea. «Denetarako erabil dezatela: ikasteko, haserretzeko, maitatzeko... Neurrigabea bezain hauskorra den altxorra duzue euskaldunek».
ARANTXA AMAIA IRIZAR
«Hizkuntza gutxitu askok ez dituzte euskarak dituen hizkuntza politikak»
«Txilen jaio eta bizi naiz, baina nire familia Euskal Herrikoa da. Aitona-amonak frankismotik ihesi etorri ziren hona. Dena den, aitonari esker, beti izan dugu lotura euskal kulturarekin. Kultura baten ezaugarri garrantzitsuenetakoa da hizkuntza. Horregatik erabaki nuen nik ikastea». Arantxa Amaia Irizar txiletarrak hala azaldu du zergatik hasi zen euskara ikasten. «Familiako bakarra naiz, eta denak oso harro daude nitaz. Hori oso pozgarria da».
Iaztik Eusko Jaurlaritzako Euskara Munduan programan parte hartzen ari diren ikasleetako bat da. «Hasiera batean ez nuen aurkezteko asmoa, baina unibertsitatean nuen tutoreak animatu egin ninduen. 70 ikasle aurkeztu ginen, eta beka eman egin zidaten». Astero egin behar dituzte gramatikako, lexikoko eta idazketako lanak, eta urtean bitan barnetegi batera doaz. «Gainera, euskarazko musika entzuten edo telebista ikusten saiatzen naiz. Gutxienez egunero hamar bat minutu egiten dut, belarria ohitzen segitzeko». Euskara ikastea asko kostatu zaiola nabarmendu du, baina ahalegina merezi izan duela. «Ikasi dudan hizkuntzarik interesgarriena da».
Urte hauetan makina bat bitxikeria izan ditu euskara ikasten. Oso gogoan du Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegira etorri zen aurreneko aldia. «Dena euskaraz egin behar genuen, eta sekulako komeriak izaten nituen jatekoa aukeratzeko orduan. Txilen ez dugu ohiturarik untxia jateko, eta, nahastuta, hori aukeratu nuen. Nire ondoan zegoen Uruguaiko ikasle batek zer zen esan zidanean, ia hankaz gora erori nintzen». Gaur egun Euskal Etxean jasotzen ditu eskolak. «Oso irakasle onak ditugu, eta batez ere ilusio handia dute guk ikasteko».
Imazek uste du neurri handi batean Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak ahalbidetu duela berak euskara ikastea, eta horregatik oso eskertuta dago. «Beste hizkuntza gutxitu askok ez dituzten politikak ditu euskarak, eta hori harro egoteko modukoa da. Jarrai dezatela horretan, eta batez ere euskararekiko errespetua eta maitasuna zabaltzen, Euskal Herria berezi egiten duen ezaugarria da».
ALICJA JANKOWIAK
«Hizkuntzak gustuko izanda, oso aberasgarria da euskara ikastea»
Hizkuntzalaria izanik, hizkuntzak maite ditu Alicja Jankowiak poloniarrak. Maitasun horrek bultzatuta hasi zen euskara ikasten, eta horrek Euskal Herria maitatzera eraman du. «Nire bigarren etxea da, eta urtero saiatzen naiz hara joaten, gustuko ditudan lekuak bisitatu, eta euskaraz hitz egitera». Buruan iltzatua du euskara entzun zuen lehen eguna. «Orain dela 12 urte izan zen. Ingeles Filologiako ikasketak egiten ari nintzen Poznango Unibertsitatean. Euskarazko eskolak ematen zituzten, eta horietako bat ikustera joan nintzen. Oso hizkuntza berezia eta misteriotsua iruditu zitzaidan, eta ordutik ez diot ikasteari utzi». Euskaraz erantzun dio BERRIAren galdetegiari.
Ikaslea zenean, unibertsitatean bertan jasotzen zituen eskolak. «Ikasketak amaituta, ordea, zaila da praktikatzea». Hori dela eta, unibertsitatean eskolak ematen dituen irakaslearekin hitz egin zuen. «Orain noizean behin geratzen gara, taberna batean zerbait hartu eta euskaraz hitz egiteko». Jendeari «arraro» egiten zaio berak euskara ikastea. «Askorentzat, hizkuntza ezezaguna da».
Hori dela eta, Poznango bizilagunek euskara ezagutzeko hainbat proiektu bultzatzen ditu irakaslearekin batera. «Korrika, euskal jaiak, itzulpen tailerrak eta abar antolatzen ditugu». Bere lantokian ere badute euskararen berri. «Argitaletxe bateko erredakzio zuzendaria naiz, eta argitaletxeko webgunean euskarazko elkarrizketa gida bat argitaratu dugu». Ikastea gomendatzen du. «Hizkuntzak gustuko izanez gero, oso esperientzia aberasgarria da. Izan ere, beste edozein hizkuntzak ez duen gramatika dauka». Ikastea zaila den galdetuta, ona erantzuna: «Beste edozein hizkuntza ikasteak bezain besteko ahalegina eskatzen du».
FELIPE ANDRES BILBAO
«Euskaldunekin hitz egitean, asko harritu egiten dira dudan euskara mailarekin»
Txilekoa da baita ere Felipe Andres Bilbao. 2011. urtean Europan zehar bidaia bat egin zuen, eta Euskal Herrian dituen izebak eta lehengusuak bisitatzea erabaki zuen. «Oso berezia izan zen. Konturatu nintzen nire aiton- amonei esker euskal kulturarekiko eta euskararekiko maitasuna jaso nituela. Baina hori ez zela nahikoa, eta nire arbasoen hizkuntza ikasi behar nuela». Pixkanaka ari da horretan. «Nahiz eta oinarrizko maila batean egon, euskaldunekin hitz egiten dudanean, harritu egiten dira dudan mailarekin. Hori bai, nor-nori-nork egiturarekin ez naiz moldatzen!». Zailtasunak zailtasun, «oso politak eta erakargarriak» iruditzen zaizkio euskararen egiturak. «Hitzak oso modu naturalean sortuta daudela iruditzen zait, eta tradiziotik sortutakoak direla. Gainera, oso gustuko ditut atzizkiekin eta aurrezkiekin sortutako hitzak».
Horrek ikasten jarraitzera animatzen du. «Ikasten hasi ginenen artean, bik baino ez dugu jarraitzen. Askotan ez da erraza, oso eskola ordu eta irakasle gutxi baitaude». Hori kontuan hartuta, iaz Zornotzako barnetegian egon zen ikasten, eta Internetez ere egin ditu euskaraz hitz egiteko lagunak. Izan ere, argi du hizkuntza bat jakin ez ezik erabili egin behar dela. «Bestela, galdu egiten da. Hemen, adibidez, hori gertatu da Mapundugun hizkuntzarekin. «Hizkuntza bat ez da altxor bat balitz bezala museo batean gorde behar den zerbait, jakinez gero erabili egin behar da».
Bi aldiz egon da Euskal Herrian, eta itzultzea gustatuko litzaioke. «Hango jendea eta paisaiak ikaragarriak dira, eta oso gustuko dut hango bizimodua»
MARTA DE PEDIS
«Euskal Herriaren historiaren adierazgarri ederrena da euskara, xarma berezia du»
«Zertarako balioko dizu horrek?». Horixe izan zen Marta de Pedisi aitak galdetu ziona, unibertsitatean euskara ikastaro bat egin behar zuela esan zionean. Mutil-lagunak, berriz, zera esan zion: «Ikusten dut erronka zailak dituzula gustuko». Pedis Erroma ondoko herri batean bizi da, eta onartu du mutil-lagunak arrazoi zuela. «Ikasiz frogatu nahi nuen zaila zen edo ez, eta horren misteriotsua iruditzen zitzaidan hizkuntza ezagutu».
Esan eta egin. Jada bi urte daramatza euskara ikasten. «Unibertsitatean egiten dut. Astean hiru eskola izaten ditut, ordu eta erdikoa bakoitza. Eskoletako batzuk euskarazkoak dira eta besteak euskal kulturakoak». Hortik kanpo, ordea, ezin du hitz egin. «Orain euskaldun batekin jarri naiz harremanetan posta elektronikoz, eta harekin praktikatzen ditut gramatika eta lexikoa». Bi urte eta gero, gai da orainaldian hitz egiteko eta idazteko, eta une honetan iraganeko egiturak ikasten ari da. «Gehien kostatzen zaidana hitz egitea da. Behin egon naiz Euskal Herrian, eta apenas hitz egin ahal izan nuen. Baina gustatuko litzaidake itzultzea, euskaraz hitz egin, eta hango jendea gehiago ezagutzea».
Ikasten hasi ahala, euskara are hizkuntza erakargarriagoa egiten dela azaldu du. «Ezinezko arauak ditu, espero ez dituzun egiturak, mekanismo arraroak... Dena da berezia». Hori dela eta, harrigarria iruditzen zaio iraun izana. «Are gehiago, jasan dituen erasoak jasanda. Iraupen hori da, nire ustez, euskarak duen xarma nagusietako bat». Euskaldunek harro egon beharko luketela uste du. «Herri askok ez du bere hizkuntza propioa izateko aukera. Maita dezatela, Euskal Herriaren historiaren adierazgarririk ederrena baita». Egun, hizkuntzak ikasteko orduan hiztunek erabilgarritasunari erreparatzen diotela gogorarazi du, eta horrek kalte egiten diola hizkuntza aniztasunari. «Lortuko duguna da denek ingelesa soilik hitz egitea eta, horrekin, hizkuntzek dakartzaten aberastasunak galtzea».
ANNA ANDERSZ
«Euskara, besteak beste, Leteren eta Laboaren kantuak entzunda ikasten dut»
Lau hizkuntza dakizki Anna Andersz poloniarrak: ingelesa, gaztelera, frantsesa eta alemaniera. Euskarazko eskolak ematen zituztela zioen iragarki bat ikusi, eta probatzea erabaki zuen. «Liburu bat irakurria nuen euskarari buruz, eta antropologiako eskoletan ere entzunda neukan zerbait horri buruz. Gainera, zenbat eta gehiago jakin, konturatu nintzen Euskal Herriaren eta Poloniaren historia nahiko antzekoak direla». Hizkuntza eskola pribatu batean lan egiten du, eta itzulpengintza eta interpretazioa ditu gustuko. Amets bat du: testu juridikoak itzultzen lan egitea epaitegi batean. «Horretarako, zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobeto». Euskaraz erantzun dio BERRIAk bidalitako galdetegiari.
Lau aldiz egon da Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) euskara ikasten. «Umeak zaintzen ere egon nintzen Arrasaten, eta Gasteizen hilabete batzuk pasatu nituen, Erasmus ikasle moduan». Horri esker, nahiko ondo moldatzen da euskaraz. «Behintzat, komunikatzeko gai naiz». Tesia egiteko euskara erabili zuen. «ETAri buruzko diskurtsoa aztertu nuen prentsan».
Skype bidez hitz egiten du Euskal Herrian egin zituen lagunekin. «Orduan aprobetxatzen dut euskaraz hitz egiteko, eta euskarazko artikuluak eta liburuak irakurtzen saiatzen naiz». Euskarazko musika ere gustuko du. «Xabier Lete eta Mikel Laboa dira nire gustukoenak, eta horiek entzunda ere ikasten dut euskara». Euskal Herriaren historia politikoa eta soziolinguistikoa gehiago ezagutzea gustatuko litzaioke. «Baina bien arteko harremana ezagutzea oso zaila da Euskal Herrian bizi gabe». Euskaldunei gogorarazi die, berezi egiten dituena hizkuntza dela.
Ezarian. Euskararen Nazioarteko Eguna
Euskaldun mundialak
Euskal Herritik milaka kilometrotara jaio eta bizi dira, baina euskara maite dute. Munduan euskarak dituen enbaxadore onenetakoak dira, atzerrian euskara ikasten ari diren ehunka lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu