Frankismo garaian ez zen erraza izanen, baina gaur lasai asko eskatu dio zerbitzariari ebaki bat euskaraz. Parte Zaharretik urruti egonagatik ere, Dani Fanok (Donostia, 1968) hurbil sentitzen du Intza taberna, eta, haren memoria hitzetara ekarrita, komiki bat idatzi zuen orain urtebete: Intza, ez da munduan beste bat. Donostiako Esterlines kalean dago ostatua.
Ziur ez dela bertzerik egonen?
Zoritxarrez, Intzakoa ez da kasu bakana, horrelako kasu asko gertatu baitziren Euskal Herrian gerra garaian. Hain justu lehengo astean jakin nuen Juan Antonio Irulegi ez zela izan Donostiako tabernari fusilatu bakarra. Juan Antonio Irulegik eta Paulina Garmendiak sortu zuten Intza, 1933an, eta sortu bezain laster bilakatu zen euskaltzaleen bilgune. Han jartzen zituzten, esaterako, euskarazko lehen irratsaioak. Han biltzen ziren euskaldun guztiak, irrati txiki baten bueltan.
Karlistak etorri ziren arte.
Hori da. Karlisten helburua Intzan sortzen zen espazio horretan zegoen, hor zegoen bilatzen zutena, eta taberna ixtearekin batera Juan Antonio Irulegi atxilotu eta fusilatu zuten. Gaur egun, ez dakigu haren hilotza non dagoen.
Zer gertatu zitzaion Paulina Garmendiari?
Bertako sukaldaria zen, oso ezaguna Donostian. Sekulako eskua zuen, eta jakintza handia. Atxilotuta gelditu zen taberna barruan, eta etxea kendu zioten, tabernaren goiko pisuan zuena. Bi seme-alaba txiki zeuzkan, eta eskatu zien utzi ziezaiotela tabernan lan egiten, bere bizimodua zelako eta haurrei nonbaitetik eman behar zielako jaten. Utzi zioten, baina baldintza batekin: Intza ez, baizik Bar España izena eduki behar zuen. Zapalkuntza metodo ezaguna da hori, ez da hiltzea bakarrik. Euskal arrastoa ezabatzea.
Ezin euskaldunik sartu Bar Españan, ezta?
Nola sartuko ziren, ba? Tabernaren gainean Centro Carlista de San Sebastian jarri zuten, eta horko jende asko joaten zen tabernara. Euskaldunak kendu, eta karlisten gune bihurtu zuten Intza, eta asko eragin zuen inguruan.
Nora joan ziren euskaldunak?
Gerra garaian, Donostia hustu egin zen; frankista asko sartu ziren, eta zaila zen bertako bizimodua. Euskaltzaleak zirenek eta ziur aski Intzara joaten zirenek alde egin behar izan zuten hiritik. Hiru-lau urteren buruan, batzuek ahantzi egin zuten Bar Españaren aurretik Intza zegoela hor, eta euskaldun gutxi geratu zen barrenean; polizia asko joaten ziren. Umiliazio eta zapalkuntza handia izan zen, baina beste estrategia bat da hori, eta lortu zuten nahi zutena.
Noiz bihurtu zen berriz Intza?
Franco hil zenean. Baina Paulinak ez zuen jarraitu nahi izan.
Zergatik?
Beldurra hezur muinetaraino sartu ziotelako. Haren erreleboa Koro Solanak hartu zuen, gaur egungo jabearen amak. Koro taberna izenez aldatzera joan zenean, konturatu zen erregistroan ez zutela behin ere izenez aldatu. Paulinak sekulako depresioa izan zuen, eta eskizofrenia ere bai azkenerako. Medikuek zioten sufrimenduagatik bukatu zuela horrela. Beldurra errotu egiten da, eta beldur horrek ez zion utzi taberna berriz ere bere bihurtzen.
Baina asmatu zuen erreleboa ematen.
Paulinak errelebo kulturala pasatu zuen, eta gastronomikoa; taberna egiteko modu bat irakatsi zien. Gero, Korok Koldori pasatu zion, eta Koldo orain Asierri pasatzen ari zaio. Falta ditugunean ohartzen gara horrelako lekuen garrantziaz, eta, egun, Donostiako Parte Zaharrean aukeratu egin behar da nora sartu. Intzan argi dute zer izan nahi duten eta norentzat.
Zer izan nahi dute?
Donostiak gaur egun turistifikazio basatia bizi du, aspaldi honetan gehiegikerian erorita dagoena. Donostiarroi, batez ere Parte Zaharrean, gure lekuak kendu dizkigute, baina badira batzuk oso gureak izan direnak beti, eta Intza da horietako bat. Intza gure lekua da, euskaldun guztiona. Donostian beti egon dira turistak, eta ongi etorriak dira denak, baina gurera etortzen direnean, gure moldeetara. Intzak ez du ezer aldatu turisten neurrira, eta horregatik sentitzen dugu hain gure.
Maiz joaten zara Intzara?
Ahal badugu, astero joaten gara, familiarekin. Gaztetan ere joaten ginen, baina beste giro batean. Oso leku abegikorra da, zintzoa, eta oso ondo jaten da.
Maitasun keinu bat da komikia, beraz?
Nire obsesioetako bat beti izan da memoria historikoa, bereziki gurea. Edozein artistak bizitzako momentu batean uste dut bere buruari galdetzen diola ea zertarako egiten duen egiten duena. Zertarako izorratuko dut bizkarra marrazten? Arrazoi bat topatu nuen: euskaldunon historia hori guztia. Koldori eta Korori galdetu nien ea zer iruditzen zitzaien komikiaren ideia. Korok lehen pertsonan bizi izan zuen dena, eta harentzat ez da erraza horretaz hitz egitea. Baina pozik erantzun zidaten, eta lan txiki bat egin nuen Xabiroi aldizkarirako. Gero, haiek beste aldizkari txiki bat egin zuten, eta asko hedatu da. Nik historia horren aitortza egin nahi nuen, biktimena eta herriak bizi izan duenarena. Hainbeste sufritu duen familia baten aitortza eta maitasuna da komikia.
Komikia banatzen aritzen dira Intzan, ezta?
Bai, lan gehiago ematen ari naiz... baina Intzaren historia ez dakien jende asko dago, eta oraindik ere jende asko etortzen da harrituta. Seguruenik, pixka bat arakatuz gero, leku pila bat aterako dira antzeko kasuren bat izan dutenak. Lizentzia publikoa zuten leku askotan aldatu izango zituzten moldeak, eta gehienetan ez da lehenagokora itzuli izango.
lotsabako
Intzako plater konbinatu bat?
Eskalopea.Donostiako kale bat?
Intzarena, San Lorenzo eta Esterlines kalea.Bertze komiki bat?
The Big City.