Iruñerriko Euskalerria irratiaren aldeko CD-DVD bat prestatzen ari da Ene Kantak egitasmoa. Haurrentzako hogei kanta beste hainbeste bideoklipekin bilduko dituen lana da. CD-DVDa heldu den urrian fisikoki eskuragarri izan baino lehen, dirua aurreratuko duten mila erosle behar dituzte.
Mila erosle lortu baietz! da Euskalerria irratiak eta Ene Kantak egitasmoak bota duten erronka. Auzolanean egiten ari den egitasmoan hainbat musikarik eta kirolarik parte hartu dute, besteak beste: Fermin Muguruzak, Manolo Garciak, Ruper Ordorikak, Enrique Villarreal Drogasek, Mikel Urdangarinek, Kutxi Romerok (Marea), Imanol Ubedak (Bide Ertzean), Fran eta Zuriñek (Hesian), Asier Riesgo Osasuna taldeko atezainak, Abel Barriolak eta Oinatz Bengoetxeak.
Abestiak sortu eta grabatu dituzte jada, eta orain, CD-DVDa fisikoki kaleratzeko eta salgai jartzeko behar dute dirua. Horretarako, aldez aurretiko erosleak lortzeko kanpaina hasi zuten atzo goizean. «Mila erosle behar ditugu. Hori da gure nahia eta erronka», zioen Reyes Ilintxetak, Euskalerria irratiko kazetariakproiektua aurkezterakoan.
Auzolana
Proiektua errealitate bihurtu ahal izateko, lagun askoren laguntza izan dute Ene Kantak egitasmoko lagunek zein Euskalerria irratiak. «Auzolan honetan jende askok parte hartu du. Eskuzabaltasun ikaragarriz, denek baietz esan diote Euskalerria irratiaren aldeko lan honetan parte hartzeari», azpimarratu du Nerea Urbizu musikariak eta Ene Kantak egitasmoaren bultzatzaileak.
Kantari eta kirolariak ez eze, hainbat ikastetxetako —Bilbotik hasi eta Zangozaraino— 500 ikaslek ere parte hartu dute lanean. Kanta bakoitzak bideoklip bat izanen du. Bideoklip bakoitzean, kanta abesten duen pertsona ezaguna agertuko da, baina baita neska-mutil ugari ere, kantaren koreografia dantzatzen. Bideoetako eta CD-DVDko azalean ageri diren irudi ikusgarriak Kukuxumusuk egin ditu.
Haurrentzako euskarazko abesti berriak eta herri kantu moldatuak eta gaurkotuak daude proiektuan. Kasu honetan, itsasoari buruzko hitzak egin dituzte.
Behin dirua lortuta, heldu den urrirako 4.500 kopia ateratzeko asmoa dute egitasmoaren bultzatzaileek. Dirua orain aurreratzen duten laguntzaileek urrian jasoko dute lana. 18 euro balio du. Hura lortzeko lotura ondokoa da: www.verkami.com/projects/9008-1-000-erosle-baietz-eman-bidea-euskalerria-irratiari.
Etekinaren erdia Euskalerria irratiarentzat izanen da, eta beste erdia Ene Kantak egitasmoaren hurrengo proiektua finantzatzeko erabiliko da.
Euskalerria irratiaren aldeko diskoa prestatzen
Haurrentzako 20 kanta dituen diskoa ateratzeko, aurrez mila lagunek erostea ezinbesteko zaio Ene Kantak egitasmoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu