Komunikazioa. ETBk 30 urte: Iragana eta etorkizuna (I). Ramon Labaien. Kultura sailburu ohia

«Euskaltzalea izan beharko luke EITBko zuzendari berriak»

ETB1en dirua gastatu eta kalitatezko saioak egin behar direla uste du Labaienek.

urtzi urkizu
Donostia
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
ETBren sorreran funtsezko pertsona izan zen Ramon Labaien (Tolosa, Gipuzkoa, 1928). 1980tik 1983ra Eusko Jaurlaritzako aurreneko kultura kontseilaria izan zen, eta haren ardurapean sortu ziren Euskadi Irratia eta Euskal Telebista.

1982. urteko maiatzean onartu zen EITBren Sorrera Legea, eta abenduaren 31n hasi ziren ETB1en emisioak. Urte horretan, Kultura Sailaren ardurapean hainbat lagun lanean jarri ziren. Nolakoa izan zen garai hura?

Telebista jaio aurretik baziren lagun batzuk lanean bai, baina juridikoki ez zuten babesik ez segururik. Esan genezake telebista sortu zela Eusko Jaurlaritza eratu eta Kultura Sailari esan zitzaionean lehentasuna komunikabideak zirela. Guk orduan esan genuen ez genekiela euskara aurrera aterako zen telebista eta irratiarekin, baina argi zegoela ez zuela aurrera egingo telebistarik gabe. Ez genuen aurrekonturik egin, eta behar zena gastatu behar genuela adierazi genuen. Aurrekontuak Eusko Legebiltzarrean onartu ziren hurrengo urtean, 1983an; oso-oso zehatzak izan ziren, ordurako telebista egina baitzegoen.

EITBren Sorrera Legea aipatzen da gaur egun. Lege horretan euskarari eta euskal kulturari ematen zitzaion lehentasuna.

Bai, dudarik gabe. Telebista sortzearen helburua euskara zen, ez zegoen bestelako motibazio politikorik. Telebista euskaraz egitea zen asmoa. Eta garai hartarako oso garrantzitsua zen, euskarak leku txikia zuelako komunikabideetan. Esan dezaket ikastolarik gabe ez zela ETB1ik egongo, ez Euskadi Irratirik. Lehen belaunaldi alfabetatuak ikastoletatik atera ziren. Ikastoletatik sortutako belaunaldiari zor zaio euskarak egindako aurrerapauso hori.

Testuingurua nolakoa zen? Madrildrik traba asko izan al zenituzten?

Estatutuak ematen zigun ahalmena gure komunikabideak sortzeko. Baina Madrilen ez zuten halakorik nahi. Madrildik egiten zuten eskaintza zen TVEko kate bat erabiltzea, hirugarren kanal erregionala, txistulari eta danbolin askorekin. Gu, ordea, gure telebista propioa sortzen hasi ginen. Lana isilean egin genuen.

Legebiltzarreko oposizioko alderdiek zer zioten?

PSEn kultur gaietan Maturana zen bozeramailea, baina ez genien berri handirik ematen. Ez zuten arazo handirik jarri, dena den. Euskadiko Ezkerrak, berriz, lagundu egin zigun.

Telebista bat hutsetik sortzea, ordea, ez zen kontu erraza izango?

Kontua da telebista sortzeko kazetariak, itzultzaileak eta bikoizleak behar zirela. Futbol partida baten kontaketa egiteko euskaraz pertsona bakarra zegoen, adibidez. Bikoizketak egiterakoan ingelesetik euskarara zailtasunak daude, euskara hizkuntza luzea delako. Iñaki Beobidek sekulako lana egin zuen urte haietan. Gure arazo handienetako bat zen ez zizkigutela filmak saltzen, eta hori TVEren presioarengatik zen. Oztopoak jarri zizkiguten, baina, azkenean, akordio bat sinatu genuen TVEko zuzendari Arias Salgadorekin, hirugarren kanala guk kudeatuko genuela ziurtatuz. Laguntza Alemaniatik jaso genuen. Talde bat Hamburgon izan zen formatzen, eta lehen instalazioak alemaniarrek egin zituzten. 1982ko udazkenean, Espainiako bozak PSOEk irabazi, eta TVEra Jose Maria Calviño iritsi zen. Kargura moldatzen ari zela aprobetxatu genuen emititzen hasteko. Behin emisioak hasiak zirela eta taldea osatua zegoela, Kultura Sailak bere egitekoa amaitua zuela iruditu zitzaidan. Eta ni mapa horretatik desagertu nintzen.

1986. urtean, ETB2 jaio zen. Horrek gauzak aldatu zituen, ezta?

Ni ez nengoen konforme horrekin. Ezin duzu kazetari bat behartu batzutan euskaraz egiten eta bestetan gaztelaniaz. Kazetari euskaldun batek euskaraz egin behar du. Beste herrialdeetan ez dituzte behartzen kazetariak bi hizkuntzatan aritzera.

ETB2 egon izanak baliabideak kendu al dizkio euskarazko telebistari?

Iruditzen zait baietz. Kontua da zer lehentasun ematen zaion ETB1 kateari. Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk. Euskaraz pentsatu beharra dago.

EITBko azken bi zuzendari nagusiak ez ziren euskaraz moldatzen kargua hartzerakoan. Zer diozu?

Urkulluk hauteskundeak irabazten baditu, egun jendeak ez du onartuko sailburu belarrimotzik. EITBko hurrengo zuzendaria euskalduna ez bada, kristorena sortu beharko da. Telebistak bere zentzua zuen euskararen alde. Ez du zentzurik horren buru euskararik ez dakien bat jartzeak. Euskalduna eta euskaltzalea beharko luke zuzendari berriak.

Etorkizunari begira zer eredu proposatuko zenuke ETBrako?

Panorama aldatu da, eta kate ugari daude orain. Patxi Lopezek lau urtez kontrolatu du ETB, ahuldu ditu telebistak, baina ez du profitatu. ETB1en dirua gastatu behar da, kalitatezko saioak egin. Telebista komertzial bat egin behar dugu euskaraz, audientzia izango duena. Horrek lagunduko baitu euskararen erabileran. Horretarako, programa onak behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.