Kazetaria

Allande Boutin: «Euskara barnetik ikasi nahi nuen, kasik ene ama hizkuntza bihur zedin»

France3 katean egin ibilbideari adio erranen dio Allande Boutinek ekain bukaeran. 'Txirrita' emankizunaren animatzaile gisa da ezaguna. Telebistako lana anitz aldatu dela nabarmendu, eta hedabideen bilakaera ikusirik «izutua» dela zehaztu du.

Allande Boutin, ekainaren 1ean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Telebistan ardura ikusten zaitut!», erran dio adineko emazte kriket batek Allande Boutin kazetariari (Paris, 1958) Baionako Zamai ostatuko terrazan zegoela. «Laster fini izanen da! Baina milesker, eta izan ongi», erantzun dio irriz Boutinek, ekain hondarrean erretiratuko baita kazetari lanetarik. Le Point astekarian eta Le Monde egunkarian hasi zuen kazetari ibilbidea. Ondotik, TVEn segitu zuen prentsa idatzian hasi ibilbidea. Bizkitartean, Txomin Peillenekin euskaldundu zen, Frantziako hiriburuan. 1988an, Baionara jin eta ETBren ordezkaritza sortzen lagundu zuen, eta, lau urte berantago, France3 telebista katean lan egiten hasi zen. Bertan egin du gaurdainoko bidea, kateak ekoitzi saioetan euskara pixkana-pixkanaka txertatuz. Txirrita emankizunaren aurkezle gisa da ezaguna.

Kartoizko kutxak betetzen hasia zara France3ko erredakziotik joateko?

Badakit bukatzen ari dela, baina erran dezaket trantsizio ona izaten ari naizela. Joan den aste hondarrean euskarazko nire azken magazina zabaldu zuten, eta kontent naiz horrekin. Txirrita ekainaren 28an emanen dute azken aldiz. Kartoizko kutxak betetzen ari naizen heinean, ohartzen ari naiz zenbat gauza metatuak nituen!

Euskara garrantzitsua izan da zure ibilbidean. Nola euskaldundu zinen? 

Ama zuberotarra nuen, Lakarrikoa, eta ttipia nintzelarik otto eta ttanta zaharraren baserrira joaten ginen. Garai hartan, euskarazko hitz batzuk baizik ez nituen buruan. Lagunak, aldiz, euskaldunak nituen, eta berantago ohartu nintzen enegatik frantsesera lerratzen zirela. Nihauren burua euskalduntzat neukan, baina ez nintzen hala, basque nintzen. Fitexko, otto zaharra hil zen, eta ene familian hura zen azken euskalduna. Hutsune izugarria sentitu nuen, eta pentsatu nuen euskara ikasi behar nuela familian eten ez zedin.

Baina Parisen euskalduntzea ez zen gauza erraza izanen, ezta?

Txomin Peillenek klaseak ematen zizkigun asteazken arratsaldeetan, Lavoisier lizeoan. Hari esker, euskara hautatu ahal izan nuen baxoan, eskualdeko hizkuntzen azterketan. Gabriel Aresti eta Jon Mirande idazleak ezagutzeaz gain, euskal kultura irakasten zigun Peillenek. Garai hartan, euskara barnetik ikasi nahi nuen, kasik ene ama hizkuntza bihur zedin.

«Txomin Peillenek klaseak ematen zizkigun asteazken arratsaldeetan, Lavoisier lizeoan. Hari esker, euskara hautatu ahal izan nuen baxoan, eskualdeko hizkuntzen azterketan»

Parisko Euskal Etxea euskal kulturara hurbiltzeko leku garrantzitsua izan zitzaizun?

Kazetaritza ezagutzeko lekua izan da enetzat. Euskal Etxearen bitartez, Arthur MacCaig dokumentalgilea ezagutu nuen. Euskal Etxera jin zen, euskal musika ezagutu baitzuen bere dokumental batean txertatzeko. Harekin adiskidetu nintzen, bere estudiora gomitatu ninduen, eta kamera lana gustatu zitzaidan. Pentsatzen hasi nintzen hori egin nahi nuela. Bertzalde, lagun bat banuen pilotan aritzen zena La Cavalerie pilotalekuan, eta haren laguna zen Jean Cazenave Antenne 2ko errealizadorea. Hark erran zidan ez zuela lekurik niretzat telebistan, baina Le Point astekariko norbait aurkeztu zidan.

Halaxe hasi zinen prentsa idatzian, beraz?

Le Point-ekoekin hitzordua hartu, eta ikusi zuten motibatua nintzela kazetaritza ezagutzeko. Han hilabete bat pasatu ondoan, ikastaroa beste hilabete batez luzatzea galdegin nien, eta onartu zidaten. Ondotik, Le Monde egunkarira igorri ninduten egunero idaztearen martxa ezagut nezan. Parisen, euskaldunen, katalanen eta espainolen artean ibili nintzen, eta horrek TVEn lanean hasteko parada ireki zidan. Memento bertsuan, ETBko jendea ezagutu nuen, eta garai hartako zuzendaritzak proposatu zidan lanean hastea Baionako ordezkaritza sortu berrian.

1988an Baionara jin, eta ez zinen itzuli Parisera.

Ez, kar-kar. Hona etorri eta euskaraz lan egiten hasi nintzen. Kamerari bat eta ni hasi ginen ETBko ordezkaritzan. Garai hartan, hemengo auzapezen ikustera joan nintzen egoitza sortu berria aurkezteko eta haien sarean sartzeko. Kazetari batek euskaraz egitea aski arrotza zen garai hartan. Egun, aldiz, bada komunitate bat, eta erranen nuke indar bat egiten dela hautetsien artean ere euskaraz zerbait gehiago egiteko.

(ID_16141231) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-06-01, Baiona.Allande Boutin kazetaria
Allande Boutin kazetaria, Baionan, ekainaren 1ean. PATXI BELTZAIZ
Nolakoa izan zen ETBko esperientzia?

Aberasgarria, dudarik gabe. Halere, ETBk, garai hartan, Hegoaldeko berriak hemen hedatu nahi zituen. Erran nien Iparraldeaz dena delakoa amesten ahal zutela, baina bereziki eskatu nien Iparraldea konpreni zezaten. Gerora kontuan hartu zuten hori. Oroitzapen onak ditut Egunean giro emankizunean parte hartzeko parada izan nuelako, besteak beste. Haren zuzendaria Martxelo Otamendi zen, eta, oroitzen naiz, 1992an, asteazken arratsalde batez, Akitaniako hauteskundeen debatea antolatu genuela, osoki euskaraz. EAtik Manex Pagola etorri zen, RPRtik Marie Antoinette Etxebarren, eta Berdeetarik Jean Lizar.

Eta justuki urte hartan joan zinen France3ra, ezta?

France3 Euskal Herri sortzekotan ziren, eta Le Monde-n izandako erredaktore batek erran zidan postu bat bazela hantxe. Bi kazetari hasi ginen France3 Euskal Herrin, eta zintzoki erran behar dizut hastapenetik euskarak bere lekua izan duela. Urte bat eta erdiren buruan, euskaraz egunero zerbait emititzen hasi ginen. Egia erran, neke zitzaidan gauza laburrak baizik ez egitea euskaraz, eta fite nekatu nintzen horretan. Beraz, 1984an euskal magazina sortu genuen. Ondorioz, astelehenetik ostiralera egunero sei minutuko pieza bat ekoizten genuen euskaraz, eta larunbatetan magazin luzeagoa egiten genuen. Euskararen aldeko jarrera bizia izan da France3n. AEKn sartu ziren franko euskara ikasteko, eta haurrak euskararekin nolazpaiteko kontaktua izateko gisan eskolatu genituen denek: batzuk ikastolan, beste batzuk sistema elebidunean.

«Euskararen aldeko jarrera bizia izan da France3n. AEKn sartu ziren franko euskara ikasteko, eta haurrak euskararekin nolazpaiteko kontaktua izateko gisan eskolatu genituen denek: batzuk ikastolan, beste batzuk sistema elebidunean»

Egunerokoari Txirrita emankizuna gehitu zitzaion, beraz?

2012an, hain zuzen ere. Gomit baten ibilbidea jorratzen dugu Txirrita-n. 146 saio egin ditugu, eta zazpi lurraldeetan ibili gara kulturaren, ekonomiaren eta hainbat arloren arteko zubiak eraikitzen. Orrialde xuri bat eman zidaten emankizuna egiteko. Ez dut sekula presiorik sentitu. Alta, gobernu aldaketak izan ditugu, baina ez dut sekula trabarik ukan emankizuna ekoizteko denboran. Lasaiki eta askatasun osoz jardun dut.

Telebistako baliabideak anitz aldatu dira hasi zinenetik, ezta?

Teknikoki anitz aldatu da telebista. Egun, irudiak filmatu orduko sartzen dira edizio gelan. Bat-batekotasuna eta zuzenekoak lehenesten dira, eta espero dut erreportajeek eta magazinek geroan ere balio izanen dutela, haien bidez denbora eta gibelapen handiagoz trata baitaitezke gaiak. Baina dena aldatzen da. Sare sozialetara errazago jotzen dugu edukiak bertan txertatzeko, baina espero dut gure lana atxikia izanen dela geroan. Guri erakutsi ziguten irudiaren, edizioaren eta esatariaren arteko oreka atzeman behar zela pieza bat ongi ekoizteko. Egun, oreka hori bestelakoa da, baina nik, adibidez, eskerrak editore bat izan dudala aldiro ene ondoan oharrak egiteko. Azken finean, editorea baita zure lehen ikus-entzulea telebistan.

Halere, ezin da ukatu komunikabideen egoera zailtzen ari dela. Iaz ikus-entzunezkoen arloko erreformaren kontra mobilizatu zineten, adibidez.

Ikus-entzunezkoen arloko erreforma egin nahi izan zuten iaz, eta hedabideen holding bat sortu. Arrisku bat ikusi dugu erreformaren kudeaketan. Irratiekin junta gaitezke bakoitzak bere nortasuna atxikiz, baina gurea bezalako tokiko telebistak ezabatzea baldin bada xedea, pena handia hartuko dut. Garrantzitsua zait Frantziako zerbitzu publikoan euskarak presentzia izatea, zubiak eraikitzeko balio baitu euskarari begira, baina baita proposatzen ditugun edukiei begira ere.

«Garrantzitsua zait Frantziako zerbitzu publikoan euskarak presentzia izatea, zubiak eraikitzeko balio baitu euskarari begira, baina baita proposatzen ditugun edukiei begira ere»

Azken urteetan aldaketa argiak ikusi dituzu?

Oraindik bada zerbitzu publikoaren sena, baina noiz arte? Berrikitan mintzatu naiz Akitania Berria saileko zuzendariarekin, eta erraten zidan urtarriletik aurrekontua oraino gehiago beheititu zaiela. Mementoko, ene lanpostua izoztua da, eta ez dakit ordezkatua izanen naizen, eta horrek izutzen nau.

Ez bazara ordezkatua, euskarak lekua galduko du.

Bai eta ez. Horretan badugu xantza. Andde Irosbehere eta Laurianne De Casanove kazetariak ditugu, hots, bi euskaldun. Euskarari dagokionez, salbatu gara, bi kazetari euskaldun baititugu. Ene ordezkapena egiteko kazetari euskaldun bat hartuko balute, ongi litzateke. Baina ez dut ukatu behar testuingurua zailtzen ari dela. Erraterako, Bordelen hiru lankide joan zaizkigu, eta badakit ez direla ordezkatuak izanen.

Horrek markatzen du zerbait, halere, ez? Ez da kasualitatea?

Dena murrizten ari dira, baina guhaurek segitu behar dugu gure herria kontatzen, eta denen artean herri honen historia eraiki behar dugu. Ez baldin bada gehiago hemen sustraitutako kazetaririk, nekeza izanen da gaiak hurbiletik aztertzea. Ez dut gainontzekoen izenean hitz eginen, baina murrizketen beldur naiz. Halere, etxe barnean izan dugun indar sindikal orotarikoak betidanik indarra eman digu zailtasunei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA