Asteburuko proposamenak

Euskara eta festa uztartzeko eguna

Zangoza eta FaltzesEuskararen Eguna ospatuko dute larunbatean zangozar eta faltzestarrek

Inigo Astiz
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euskara eta festa. Errimatzen ez duten bi hitz. Halere, elkarri oihartzunka jarriko dituzte biak larunbat honetan Zangozan eta Faltzesen (Nafarroa). Euskararen Eguna ospatuko dute zangozarrek eta faltzestarrek larunbatean. Errimatzen ez duten bi hitz horiek, berriz ere, gutxienez, elkarren arrimuan jarri nahian.

Ospakizunak 11:30ean hasiko dira Zangozan, bertso eta dantza artean. 12:00etan, ordea, kuadrillak hasiko dira norgehiagokan, herri kiroletako lehiaketan. Txaranga, haurrentzako tailerrak eta abesbatza izango dira 14:30era arte, eta zikiro bazkaria hasiko da orduan. Bazkalondoan, 16:30etik aurrera, herri kirolak berriz, eta txaranga 19:30ean. 20:30ean, larrain dantza eta herri dantzak izango dira, eta kontzertua afalondoan. 23:00etatik aurrera, Los Magras eta Gora Herria taldeak arituko dira, eta gero bakoitzaren kontu joango da egitaraua.

Faltzesen, Foruen Plaza izango da gune nagusia. Han izango dira egitarauko ekitaldi guztiak. Eta ez da egitarau xumea faltzestarrek prestatu dutena. Goizetik hasiko da festa: 10:30ean, dianak eta zanpantzarrak izango dira. Asko izango dira goiza alaituko duten ekitaldiak: txalapartariak, dantzariak, abesbatzak, haurrentzako tailerrak, magia ikuskizunak, erraldoiak eta bazkaria, horien guztien ondoren.

Bazkalondoan, mus txapelketa, kuadrillen arteko lehiaketa, irrintzi txapelketa, haur jaialdia eta karaokea; 20:00etan, dantzariak, eta gero peñaz peñako kalejira, eta 22:30ean, Laket taldearen kontzertua.

EUSKARAREN EGUNA

Zer. Musika, dantza, magia, bazkariak, kirolak...

Non. Zangozan eta Faltzesen (Nafarroa).

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.