Euskara, Internet sareko amu

'Euskara mundiala' kanpainaren bidez mundu osoko biztanleek ikasi ahal izango dute euskara

Bilbo
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Aniztasunak egiten du mundua aberats. Horregatik, Jalgi hadi mundura leloaren bitartez, mundua euskaldunago eta Euskal Herria mundutarrago bilakatu nahi du Etxepare Euskal Institutuak. Hori dela-eta eraiki dute euskararen azken ataria: www.euskaramundiala.net.

Euskararen sarea, sarean euskararen edukiak zintzilikatuz hedatuko dute euskara.

Munduko edozein biztanlek euskarazko esaldiak ikasi, grabatu eta Interneten ipintzea. Hori da euskara eta euskal kultura zabaltzeko ireki duten bide berria. Horretarako, euskarazko esamoldeak audioz lagunduta argitaratu dituzte kanpainako atarian.

Atzo aurkeztu zuen Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Euskara mundiala egitasmoa, Bilboko itsasadarra itsas museoan.

Webgunea hurbileko lau hizkuntza nagusietan,hots, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez programatu dute. Dena dela, Google Translator programaren bitartez, 40 hizkuntzatan ikus liteke. «Euskararen aldeko jakin-mina piztu nahi dugu. Ezin dugu euskal kultura zabaldu hizkuntza bat dugula eta hori zer den azaldu gabe».

Ezohiko kanpaina

Marijo Olaziregi Etxepareko euskara sustapenaren zuzendariaren iritziz, kanpaina probokatzailea da. Izan ere, Twitter eta Facebook sare sozialen bidez, munduari euskara erabiltzeko deia zabaldu nahi diote.

Gabriel Arestik euskara eguneroko ogitzat zuen, bizitzeko beharrezko. Teoria bere egin du Olaziregik, kanpaina aplikatuz jendea inplikatzeko. «Guretzat, ogia bezala da euskara; egunerokoan oharkabean pasatzen da, baina ez dagoenean faltan izaten da. Hori sentiarazi nahi diogu munduko edozeini». Azken batean, euskara bere izateko zerbait egiteko eskatzen dute.

Aizpea Goenagarentzat, atipikoa da ekimena. «Ederra da mundu osoko jendea euskara den hizkuntza gutxitu bat hitz egiten jartzea».

Euskal Herriko zortzigarren probintzia bilakatu dela iritzita erabaki dute erabiltzea Internet. Hargatik jarri dituzte atarian eskura eta entzungai, erraz erraza atala, gustuko dut edo ez dut gustuko sailak, aho korapiloak eta esaera zaharren gunea. Kategoria bakoitzean hogeina esaldi ikasteko parada dago. «Denbora pasatu ahala, esaldiak ere aldatuko ditugu». Gabonetan, esaterako, urte berria ona izan dadin opatzeko mezuak zabalduko dituzte. Dagoeneko, 45 grabazio ikus daitezke. Tartean daude, Alemaniako, Senegalgo eta Japoniako biztanleenak.

Goenagak dio bertara etortzen denak ikasi nahi duen esaldia aukeratu, entzun eta webgunean bertan grabatzeko aukera izango duela, euskal hiztunen kopurua biderkatuz. «Sakelako telefono, bideokamera... edozerekin graba daiteke». Igorritako irudiek gehienez hiru minutuko iraupena izan dezakete.

Horretaz gain,bakoitzak nahi duena esateko aukera ere bada. 25 hizkuntzatan utz daiteke mezua, eta 24 orduren buruan jasoko dute itzulpen egokia.

Euskara, matxinsalto

«Euskarak salto egin dezala, beste eremuetara pasatu, beste jende batengana iritsi». Euskaldunak arrantzatzeko teknika berria da matxinsaltoarena.

Matxinsaltoaren jolas gisa bota dio erronka Goenagak gizarteari: «Lagunengandik hasita kanpaina 800.000 pertsonari pasatuko bagenie eta horiek beste bost laguni posta elektronikoz bidaliko baliete, zenbat jendek izango luke euskararen existentziaren berri?». Euskal hiztunen arrantza sarean dago, eta zabalik. Orain, euskararen sarea zabaltzea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.