Euskara oinetan eta errailetan

Ibilera betean da Euskarabentura espedizioa, Euskal Herriko txokoak alderik alde zeharkatuz. Euria dela eta, Donostiatik Zarautzerako bidea trenez egin dute gaur 'jzioquitarrek'.

Euskarabenturakoak trenean, Donostiatik Zarautzerat bidean, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskarabenturakoak trenean, Donostiatik Zarautzerat bidean, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 24a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Trikuak motxilekin, katagorriak anorakarekin eta erbiak aharrausika doaz Donostiako Amara auzoko tren geltokirat, ilaran. Ez da fabula bat, eta Euskotrenek ere oraindik ez du uzten basoko animaliak garraio publikoan sartzen: Euskarabentura espedizioko jzioquitarrak dira. Zarautzerat (Gipuzkoa) doaz trenez.

31 egunez, Euskal Herriko mapa propioa marrazten dabiltza 126 gazte, mugak baztertuta eta euskara iparrorratz hartuta. Egitasmoaren zazpigarren aldia da aurtengoa, eta, gaurkoan, Donostiatik, Igeldo mendian barrena, Zarautzerat iristekoak ziren inurri laranjak. Eguraldiak ez die lagundu, ordea, eta kostaldeko ibilbidea tren abentura bihurtu dute.

Hiru aste daramatzate oinak txikitzen, baina etapa hori ere oinez egiteko gogoz zeudela erran du Santurtziko (Bizkaia) Eneritzek: «Astebete baino ez da falta, eta aprobetxatu egin nahi dugu, etapak baitira abenturako onena». Araiako (Araba) Oierrek, berriz, eskertu du deskantsua, baina ilusioa ere bazuen bidea oinez egiteko: «Araban asfalto eta gari artean ibili gara; ondoren, mendiz mendi Zerainera iritsi arte, eta, orain, gogoa neukan kostako zatia egiteko».

Euriak ibilaldia zapuztu arren, gazteek ohi baino geroago esnatzeko aukera izan dute. Hala ere, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Peru Gorrotxategik aitortu du ohitu egin dela jada goizeko zazpietan esnatzerat. Hala, eguzkiarekin batera esnatu dira, eta egunero bezala, Hatortxu Rock jaialdiaren azken aldirako sortutako Bi t’erdi kanta izan da gazteen iratzargailua. «Orain nazkatuta gaude abestiarekin, baina seguru nago kariñoz oroituko dugula espedizioa bukatzean». 

Horrela, erlojuak goizeko hamarrak jotzerako, banan-banan atera dira Donostiako Zuhaizti ikastetxetik, hor pasatu baitituzte azken bi gauak. Ordu laurdenean iritsi dira Amarako geltokirat. Ongi ezagutzen du lekua Intza Eizagirrek, bertakoa baita bera: «Oso berezia da, bertako jendea ezagutzen dudalako, eta amona ere etorri zait bisitan». Era berean, «arrotza» egin zaio Eizagirreri, «burbuila» batean egotearen sentsazioa baitu.  

Aldi berean iritsi dira trena eta gazteak. Indartsu sartu dira oraingoan; Hendaiatik (Lapurdi) Donostiarako bidea, berriz, lotan igaro zuten gehienek, etaparen bukaera baitzen. Palestinako bandera astindu dute CAFeko trenaren parean, eta bakoitza ahal duen tokian eseri da. Jzioquitarrez beteta abiatu da ibilgailu luzea, eta norberak euskararekiko duen harremanari buruz hausnartu dute bidean.

«Etxean euskaraz hitz egiten dut, baina aberasgarria da beste egoera batzuk ezagutzea», azaldu du Gorrotxategik. Iruñeko Irati ere bat dator. Askotariko errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak batzen ditu Euskarabenturak. 

«Nik etxean euskaraz hitz egiten dut, baina aberasgarria da beste egoera batzuk ezagutzea»

PERU GORROTXATEGI Jzioquitarra

Beraz, Euskarabentura arnasgune ibiltaria da, Euskal Herria ezagutzeaz gain, euskara praktikatzeko aproposa baita. Derioko (Bizkaia) Andrea Rodriguezek, adibidez, ez du euskaraz egiten etxean eta lagunekin. Alabaina, «txipa aldatu» zaiola erran du: «Hemen 24 orduz hitz egin dezaket, eta hemendik kanpo ere saiatuko naiz». Konpromiso bera hartu du Biriatuko (Lapurdi) Matxin Chaumumek ere.

Bestalde, Ipar Euskal Herriko partaideen kopurua inoizko altuena izan da aurten. Guztira, hogei gazte eta bi xerpa daude, eta horrek taldea «euskalduntzen» duela uste du Algortako (Bizkaia) June Camiñak: «Lehen egunetik txipa aldatu dugu konturatu gabe; bestela Theok, adibidez, ez ninduke ulertuko». 

Theo Lebreton Kanbokoa (Lapurdi) da, hain zuzen. 7 urterekin etorri zen Euskal Herrirat, eta euskaraz ikasteko hautua egin zuen. Hark ere hitz batzuk ikasi dituela kontatu du: «Aprobetxatu edo deskantsatu, erraterako». Arras gustura daude Camiña eta Lebreton, eta esperientzia gehiago luzatuko lukete biek. «Urruñan [Lapurdi] aritu ginen pentsatzen abentura honek urtean zehar aste gehiago izango balitu, sinatuko genukeela», azaldu du Lebretonek.

24 ordu eta egunez euskaraz

24 egun daramatzate etengabe euskaraz mintzatzen. Donostiatik Zarautzerat iritsi dira, eta bertan Porrotx pailazoak besoak zabalik hartu ditu. Zarauztik Debarako (Gipuzkoa) bidea izanen da biharkoa, eta Lekeition (Bizkaia) lotaratuko dira. Bertze sei lurraldeak igarota, Bizkaia gurutzatzea bertzerik ez zaie faltako.

«Helmuga gero eta hurbilago ikusten dugu. Abenturaren sortzaileetako batzuek esan ziguten oso azkar pasatuko zitzaigula dena, eta berehala 24. egunean gaude», erran du Gorrotxategik. Oraindik, ordea, bertze astebete beharko dute Getxorat (Bizkaia) heltzeko; oraindik mila bizipen dituzte bizitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.