Oso zaila da euskara ikastea; ezinezkoa kasik. Beste edozein hizkuntza ezagutzea baino latzagoa. Horiexek dira urteetan aintzat hartu izan diren usteak. Usteak erdi ustelak dira, baina. Euskalduntze programek argi erakutsi dute posible dela geroz eta euskaldun berri gehiago egotea. Baina, are gehiago, egon badaude ikastaroen eta eskolen beharrik ez dutenak ere: euskaldun berri autodidaktak. Euren kabuz ikasten duten pertsonak dira. Jose Miguel Ramirez (Pereira, Kolonbia, 1980), Maria Sigma (Atenas, Grezia, 1992) eta Jon Alejandro Ricaurte (Medellin, Kolonbia, 1978) dira horren adibideak. Bakarrik eta, gainera, Euskal Herritik kanpo aritu dira. Aho bete hortz utzi dituzte makina bat pertsona YouTuben euskaraz hitz egiten eskegi dituzten bideoekin.
JOSE MIGUEL RAMIREZ Kolonbiako euskaldun autodidakta
«Seme-alabak edukiz gero, euskaldundu nahi ditut haiek ere!»
«Ekuazioa sinplea da: euskaldun zaharrak gero eta gehiago hiltzen ari badira, ez dago beste erremediorik euskaldun berri gehiago sortzea baino». Jose Miguel Ramirezek orain dela hamalau urte ikasi zuen euskara, bakar-bakarrik, ikastarorik gabe, gramatika liburuen laguntzaz. Ez Euskal Herrian, Kolonbian, baizik. 20 hizkuntza inguru dakizki, baina horietako «zazpitan edo zortzitan» dago «eroso». Hori bai, euskara «top 5» zerrendan dauka. Are gehiago, denen artean «kutunena» du. Dena dela, ez da harritzekoa eleaniztuna izatea; hizkuntza irakaslea da unibertsitatean. Afizioa ofizio ere badu, beraz.
Ramirezek ez zuen Euskal Herriarekin harremanik euskararekiko jakin-mina piztu zitzaionean. 2000. urtean, etxean zela, Madrildik emititzen zuen irrati batean entzun zuen aurrenekoz, eta «liluratuta» geratu zen. Ikasi behar zuela erabaki zuen. Gainera, Risaralda (Kolonbia) eskualdean oso ohikoak dira euskal abizenak, eta Ramirez han bizi da. Horren ondorioz, euskaldunekin lotura izan zezakeela otu zitzaion, eta are amultsuago ekin zion.
Hasi bezain pronto, arazo batekin egin zuen topo: ez zegoen materialik. Gaur egun, ohikoak dira Interneteko laguntza orrialdeak; garai batean, ordea, zailagoa zen. Ramirez liburuak irakurri eta irakurri ibili zen: A Brief Grammar Of Euskara eta Buber´s Basque izan zituen zutabe nagusi. Bestalde, gutunak bidaltzen hasi zen: Euskaltzaindiari eta Deustuko unibertsitateari liburuak eskatu zizkien, bere burua euskaraz hezteko. Zorionez, eman egin zizkioten. Hala, urte eta erdian erdietsi zuen xedea: euskara ulertzea, idaztea eta hitz egitea.
Dena dela, «tinko» jarraitu zuen urteetan sakontzen. «Prozesua ez da inoiz amaitu, eta ez da amaituko, ez euskaraz, ez eta nire ama hizkuntzan ere. Hizkuntza bat ez da inoiz bete-betean menderatzea lortzen».
Izan zen, era berean, giltzarri bat ikasketa prozesuan: Internet. Geroz eta ohikoagoa da euskarazko edukiak aurkitzea, eta Ramirezek ere horiek baliatu izan ditu. Euskara ikastera bideratutako orrialdeetan ez ezik, Armiarma, klasikoen gordailua literatur gunean eta Kaixo txat zerbitzuan ere ibili da.
«Ezin bitxiago eta ezin ederrago» deritzo euskarari. Eta, horregatik, denetarik kontsumitzen du euskaraz: telebista programak, irratia, liburuak... Literatura arloan, Bernardo Atxaga eta Xabier Montoia ditu gustukoen. Eta klasikoen mireslea ere bada, «deszifratzea» konplikatua bazaio ere.
Gustuz egin du ikasketa prozesua: «Puzzle itzel baten osaketaren modukoa da». Baina, izan ditu momentu «zailak» ere. Gogorrena: lehenbiziko aldiz euskaldun batekin aurrez aurre hitz egin zuenekoa. 2005an izan zen. Pereiran bertan, ezagun euskaldun baten telefonoa eman zion haren lagun batek. Ramirezek, deitu, eta euskaraz hasi ziren biak: «Hark haren Irungo lagun bat nintzela uste zuen, eta adarra jotzen ari nintzaiola!». Telefonoa eskegi, eta ordubetera geratu ziren. Erraza izan ez bazen ere, «magikoa» izan zen. Geroztik, lagun euskaldunak egin ditu, eta askotan izan du solas egiteko aukera. Ez da inoiz egon, baina, Euskal Herrian.
Garestia da bidaia, eta akrofobia dauka. Zaila dauka, beraz. Ideiak «txoratu» egiten du, dena den. Etorriko balitz hiru gauza egin nahiko lituzke: Gernikako arbolarekin argazki bat, Kalakan taldea ikusi eta Xabier Euzkitze ezagutu. Bizitoki gisa Kolonbia hautatuko lukeen arren, hemengoa ere ikusi nahi du.
Noizbait Euskal Herria bisitatzeko aukera balu ere, Kolonbiara bueltatu eta irakaslea izan nahi luke etorkizunean. Ez nolanahikoa, ordea: EGA irakasle izatea gustatuko litzaioke. Hori da haren hurrengo helburua. Baina ez bakarra: «Ez daukat seme-alabarik oraindik, baina, edukiz gero, euskaldundu nahi ditut haiek ere!».
Euskara haren bizitzaren parte izan dadin dabil lanean. Hamalau urteko esperientziaren ondorioz, oraindik ilusioz dabil hizkuntzaren barrunbeak arakatzen. Ilusioz eta baikor: «Hainbeste milaka urte bizirik iraun ondoren, euskara ez da hain erraz hilko. Inoiz baino biziago dago, eta geroz eta esparru gehiago konkistatzen ari da».
«Nortasunarekin» lotu du, eta daukan garrantzia azpimarratu du: «Inolako hizkuntza ez da txikia hiztun gutxi dituelako; handitasuna hiztunok ematen diogu». Harro dago ikasi izanaz.
MARIA SIGMA Greziako euskaldun autodidakta
«Zergatik ikasi behar ditugu denok 'hizkuntza garrantzitsuenak'?»
Greziako bihotzean bizi da Maria Sigma: Atenasen. Eta euskara ikasteko harra sartu zitzaion orain dela urtebete inguru, «jakin-minarengatik», ez beste deusengatik. Sekula ez du Euskal Herriarekin hartu-emanik izan, eta ez du euskaldunik ezagutzen. Dena den, bera ere euskalduna da, gaur egun. Internet bidez ikasi du, irratia entzuten eta autodidaktentzako webguneei esker. YouTuben jarri berri du bideo bat, euskaraz solas egiten, eta 13.000 bisita baino gehiago izan ditu. Hizkuntza bat norbere kabuz ikas daitekeen proba bizia da.
«Neska euskaldun bat ezagutu nuen, eta lehen aldiz euskaraz entzun nuenean, banekien hizkuntza hau ikasten hasiko nintzela». 2013an izan zen hori. Orduantxe ernatu zitzaion «grina». «Euskarari buruzko informazioa irakurtzen hasi nintzen, eta egunetik egunera geroz eta gehiago gustatzen zitzaidan». Horrela, denborarekin, «maitemindu» egin zen.
Baina hizkuntza bat ikasi nahi izatea eta ahal izatea ez da gauza bera. Prozesua ez da beti erraza, eta Sigmaren kasuan ere ez zen «atsegina» izan. Sarean dauden baliabideek lagundu zioten: besteak beste, mintzalagun.com, santurtzieus.com eta ikasbil.net orrialdeek. Hasierako ezintasunarekin akordatzen da, orain. «Berbak ahazten zitzaizkidan, eta neure buruari esaten nion ezin nuela jarraitu, oso zaila zela». Egoskortu egin zen, haatik: «Amore ematea ez zait gustatzen, ez dago aukeren artean». Eta jarraitu zuen, ez baitago aldaparik gustuko tokian. «Egunero esaten nuen: 'Berriz saiatuko naiz'. Eta euskal musika eta bideoak jartzen nituen». Heldu zen, beraz, baikortasunaren unea; fruituak eman zituen egindako lanak: «Egun batean, konturatu nintzen nire lana ez zela alferrik izan...». 11 hilabete pasatu dira hasierako une gogor haietatik. Orain, ez dauka «inolako problemarik», eta are pozgarriagoa dena: egunero «gauza berriak» ikasten ditu. Prozesuak bizitza aldatu diola daki: «Zoriontsu egin nau».
Bidea ez da laua izan, baizik eta malkartsua eta maldan gorakoa; «diziplina eta esfortzu handia» eskatzen du ikasketak. «Egunero-egunero» egin beharra dago lana. 30 minutu eskaintzen dizkio gutxienez egunean, irratia entzuten edo Internet erabiltzen. Gehienez, ordubete. Ez gehiago. Hala, konstantzian du oinarri. Egunerokotasunak ez dio uzten, berriz, beti nahi bezainbeste arreta ematen euskarari. Ingeniaritza mekanikoan dabil unibertsitatean, eta «zaila eta zorrotza» da karrera. Horregatik, batzuetan ezin du egunean finkatutako denbora pasatu. Dena den, aisialdiarekin lotzen du autoikaskuntza: «Ez da betebeharra, gozamena da».
Malgutasunaren sinonimo ere bada: «Ikasteko gehien gustatzen zaidan modua da, nahi dudan hitz eta esaldiak ikasteko askatasuna dudalako, eta badakizkidalako nire mugak».
Oraindik ere, badu ahulgune bat: aurpegiz aurpergi beste pertsona batekin solas egitea. Hori du Akilesen orpoa. Aurten, aukera izan du euskaldun batekin egoteko, eta gustu gazi-gozoa utzi dio esperientziak. Atenasen izan zen. Hasieran, euskaraz hasi ziren biak, gero, gaztelaniara pasatu ziren. «Oso txarra» izan zen momentua, Sigmaren irudiko. Etsi egin zuen, une batez. Honako hau esan zion bere buruari: «Amore eman, Maria, ezinezkoa da. Ulertzea izugarri zaila da». Ez zuen utzi, aldiz. Orain, solaskide gehiagoren bila dabil, mintzapraktika egiteko. «Urduri» paratzen baita, egun, elkarrizketa bat edukitzeko garaian. Baina badaki horrek konponbidea duela: praktikatzea.
«Erotuta» dagoela esaten diote ingurukoek, egiten duenak ez duela zentzurik. «Hizkuntza erabilgarriagoak ikasi behar ditudala esaten didate». Senide eta lagunen iritziarekin ez du bat egiten: «Zergatik ikasi behar ditugu denok 'hizkuntza garrantzitsuenak'?». Galdera utzi du airean, ironiaz. Mintzaira bakoitzak errealitate bat sortzen duela dio, «mundu bat» dela. «Hizkuntza bakoitza aparta da, pentsatzeko modu desberdina da, kultura...».
Begirunearekin lotzen du ezinbestean eleaniztasuna. «Hizkuntza gutxitu bat ikastea haren hiztunak errespetatzea da; 'zuen hizkuntzak merezi du' esatea». Gauzak horrela, oraindik badu zer hobetua euskaraz: irakurmena eta ulermena. Hori erdietsita, badauzka aurrera begirako ametsak ere. Hurrengoa: euskalki bat ikastea. Bide onetik doa.
JON ALEJANDRO RICAURTE Kolonbiako euskaldun autodidakta
«Norberaren jakinduria handitzeko balio dute hizkuntzek»
Bere «sustraiak» aurkitu nahi zituen Jon Alejandro Ricaurtek. Izan ere, arbaso euskaldunak dauzka: «XVIII. mendeko Bizkaiko rekaurtetarrak eta Arabako montoiarrak». Horregatik, 2006an, 28 urte zituela, Internetetik hartu zuen euskara ikasteko txosten bat, eta aztertzeari ekin zion. Zortzi urte pasatu dira harrezkero. 36 urte ditu orain, eta jada ez du mintzatzeko arazorik.
Euskaldunek kolonbiarrekin «zerikusi handia» izan dutela dio. Horren ondorioz, «etxekoa» egiten zaio euskal kultura. «Antzinakoa eta polita» izateak erakartzen du, batez ere. Hori dela eta, ez zen ezagutzearekin konformatu, eta menderatu nahi izan zuen. Autodidakta gisa eman zituen bi urte, bakarrik sarean arakatzen. «Inorekin praktikatzeko modurik ez nuenez, beste erremediorik ez neukan neure buruarekin ahaleginak egitea baino».
Iritsi zen, nolanahi ere, konpainia beharra sentitu zuen momentuan. Hasi eta bi urtera, 2008an, helduak alfabetatzeko eta berreuskalduntzeko HABE programan eman zuen izena, Bogotako Euskal Etxean. Eta handik urtebetera, Euskara munduan egitasmoan hartu zuen parte. Hala, Hego Amerikako hegoaldean dauden zenbait barnetegitara joateko aukera izan zuen. Autoikaskuntzaren makuluak izan ziren bi tailerrak, bere kabuz jasotakoa hobeki finkatzeko euskarriak.
2010ean topo egin zuen lehenbizikoz euskaldun batekin, eta «oso ona» izan zen elkartzea: «Konfiantza eman zidan beldurrik gabe hitz egiteko». Modu horretan, lotsa gaindituta, geroz eta askeago sentitu zen ikasitako mintzairarekin.
Urteak pasatu ziren, eta geroz eta gehiago murgildu zen euskararen munduan; tematia zen prozedurarekin, gainera. «20 ordu egiten nituen astean, bost egunetan». Egun, ez du horrenbeste denbora pasatu behar liburuen eta pantailaren aurrean, baina, hala ere, ez dio utzi ikasteari. Inoiz amaituko ez den prozesua delako.
Are gehiago, ikasi ez ezik, ikertzen ere ari da. Azken finean, historialaria da Ricaurte, eta euskal kulturarekiko interesa historiografia arlotik ere lantzen du. Kolonbiako Antioquia eskualdean euskaldunek izandako eragina behatu, eta Vasco-Navarros en Antioquia liburua kaleratu du. Bigarren atalarekin ari da orain. Halaber, Antioquiaco Eusko Ikaskuntzen zentroan egoten da, kultura sustatuz. Haren lanaren eta bizitzaren ardatzetako bat bihurtu du euskara.
«Arraro xamarra» dela esan izan diote ingurukoek, euskararekiko duen interesa dela medio. Baina ez dio axola. Argi dauka baliagarria zaiola: «Hizkuntzak ez dira gutxietsi behar, norberaren jakinduria handitzeko balio dute eta».
Euskara,inork lagundu gabe
Euskara norbere kabuz eta Euskal Herritik kanpo ikas daitekeela probatu dute euskaldun berri autodidaktek; Internetek eskainitako baliabideei esker hizkuntza menderatzeko gai dira. Euren prozesua azaldu dute hiruk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu