Iruñeko sanferminak

Euskarak badu non dantza, josta eta kanta

Egunotan, Zaldiko Maldiko da euskarak Iruñean dituen arnasgune sendoenetako bat. Zurruterako eta solaserako ez ezik, parodiarako, «bertso jazarpenetarako» eta zirikarako txoko ere bada.

Iruñerriko bertso eskoletako hainbat kide, Zaldiko Maldikon antolatutako saioan, ondoan txistulariak dituztela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñerriko bertso eskoletako hainbat kide, Zaldiko Maldikon antolatutako saioan, ondoan txistulariak dituztela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko uztailaren 11
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jazarpena eta gozamena guztiz bateraezinak ez direlako froga izan da, nolabait. Baita obren izenburuei kasu handirik egin behar ez zaielako oroitarazpena ere, orobat. Izan ere, Iruñerriko bertso eskoletako kideek gidatuta, bertso poteoa egin dute eguerdian Zaldiko Maldiko elkarteko atarian. Bertso jazarpena izenez ageri zen iragarrita egitarauan, baina, izenburuak iradoki lezakeenaren kontrara, saio horretan inor ez zaio beste inori jazarri, eta oinazerik erakusten zuen aurpegirik ere ez da azaldu ingurura. Jolasa izan da nagusi, baita bertsolarien arteko konplizitatea ere. Eta euskara; Zaldiko Maldikon, nola ez bada.

Iruñean, euskal giroko erreferentziazko gunea da Antsoleaga kaleko Zaldiko Maldiko; aspaldi da halaxe, bai Iruñeko eta bai kanpoko euskaltzaleentzat. Dena dela, umorea ere bada elkartearen izaeraren elementu inportante bat, eta, beraz, bertso bidezko eta batik bat gezurrezko jazarpen horretarako eszenatoki egokia da elkartearen ingurumaria.

Bertso eskoletako kideek aitortu dutenez, saioaren izenburuak orain bi urteko anekdota batean du jatorria. Oroitu dutenez, oraingoaren gisako bertso poteo bat antolatu zuten —bazkaltzeko etena eginik, goizean eta arratsaldean aritu ziren kantuan—, eta jendeak ez zien arretarik jarri kantuei. «Kasik ematen zuen ihesean ari zirela, elkartetik sartu eta atera!», gogoratu du pozik Ainara Ieregik. «Horregatik pentsatu genuen: 'Egin diegun hau bertso bidezko jazarpena izan da'». Norbere buruaren kontura irri egin izanaren arrastoa izan da izena, funtsean, plazaraino eramana.

Eta, hain zuzen ere, barreek eta jolasek harilkatu dute poteoa oraingoan. Entzule gisara artean inor gutxi zelarik ekin diote kantuari, 13:00 aldera, baina kanpoko giroa berotu den abiada berean handitu da lagun taldea gero, eta dozenaka herritar izan dira azkenean bertan, adi. Zehazki, Joaquin Maia musika eskolako txistulari taldea hurbildu izanak ekarri du lehenbiziko entzule oldea. «Bertsotan aritu gara lehen/ nahiko larri eta estu/ txistulariei gutxienez ez/ diegu egingo txistu!», egin die harrera, zirika, Mikel Lasarte bertsolariak.

Errimak bata bestearen atzetik txirikordatuz, bizi segitu dute bertsolariek. Librean aritu dira batez ere, baina kideek prestatutako gaiek ere nabarmen balio izan dute giroa alaitzeko. Esaterako, giribaten sandaliak izatea tokatu zaie ariketa batean; beste batean, uztailaren 14an siesta egiten hasi eta oharkabean handik bi egunera esnatu denaren rolean aritu dira. Eta entzuleekin jostatzen ere ahalegindu dira, gainera; adibidez, Antton Telleria telebista aurkezle eta umoristarekin, entzuleen artean baitzen. Hain justu, bi bertsolariri proposatu diete bata Telleria eta bestea haren pertsonaia Enekoach izateko. Pena, zein? Ordurako alde egina zela benetako Telleria.

Espartinak jauzika

Bertso jazarpena ez ezik, bestelako jarduera mordoa ere antolatu du Zaldikok egunotan. Uztailaren 7tik 13ra bitarte, egunero izaten da kantu edo musika dantzagarririk elkartean. Ez da halako egitaraua diseinatzen duten aurreneko aldia, baina aurten, preseski, lehenbiziko aldiz egin dute Espartinen Dantzaldia. Asteazkenean egin zuten, hilaren 9an. Funtsean, uztailaren 7tik 14ra bitarte Gazteluko plazako Casino Berria elkartean egiten den dantzaldiaren parodia gisako bat egin dute Zaldikon. Euskal parodia bat.

«Esaten da inauteriak neguko sanferminak izan daitezkeela, eta, beraz, sanferminak ere izan daitezke udako inauteriak, mozorrotzeko eta», egin du gogoeta Ihitz Iriartek. Iriartek eta Oier Zuñigak antolatu dute batik bat dantzaldia, eta haiexek atera ziren oholtza gainera, hain justu, kantatzera. Iriarten arabera, kontua zen «ohi baino dotoreago» janztea —perlak eta eskumuturreko banderadunak aipatu ditu—, «halako festa zoldatsu bat Zaldikoko erara egitea, euskarazko kantu ezagunez betea». Argoitia anai-arreben kantuak aditu ahal izan ziren dantzaldian, bai eta jauzi, fandango eta arin-arinak ere. Eta jotak, euskarazkoak. Iriarten iritziz, berriz egiteko modukoa izan zen jaia.

Falta diren egunetarako, jarduera hauek antolatu dituzte elkartean: bihar Egun Motelak DJa ariko da arratsaldean, 17:00etan hasita; etzi, igandean, bertso saioa izanen dute eguerdi partean —Sarai Robles eta Maddi Ane Txoperena ariko dira kantuan, librean—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.