Komunikazioa. Jon Lamarka. Gazteako koordinatzailea

«Euskarak behar du konplexurik gabeko irrati komertziala»

Musika ez ezik, entzuleek entretenimendua nahi dute. Bide horretatik jo du Gazteak, eta geroz eta entzule gehiago lotu dira irratira.

EITB.
Adrian Garcia.
2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Oso gertutik aztertzen dugu gazteek zer entzuten duten». Jon Lamarka (Donostia, 1963) Gazteako koordinatzailearen arabera, hori da arrakastaren giltza. Egunero 127.000 entzule baititu Gazteak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan astelehenetik ostiralera, Ciesen azken neurketaren arabera. «Beste irrati musikal guztien gainetik gaude». Bizkaia du Gazteak erronkarik handiena, «hizkuntzak asko eragiten» dietelako. Baina Bizkaian eta Araban «ikaragarri» hazi dira. Eztanda egiten du Gaztearen webguneak eduki propioak lantzen dituzten oro.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban gehien entzuten den musika irratia da Gaztea. Nolakoak dira datuak gainontzeko herrialdeetan?

Nafarroan ez da jasotzen gure seinalea Iruñerriko eskualde osoan. Hori da gure beharrik handiena. Nafarroako datuek gorabehera handiak edukitzen dituzte gure kasuan, erabiltzen duten laginaren arabera. Iparraldeko daturik ez dugu.

Zein da Gaztearen arrakastaren giltza? Zerk desberdintzen zaituzte, hizkuntzaz aparte, gainontzeko irratietatik?

Hurbiltasuna. Irrati komertzial bat egiten dugu, inongo konplexurik gabe. Euskarak hori beharrezkoa du. Oso gertutik aztertzen dugu gazteek zer musika entzuten duten, Interneteko erreminten bidez. Musikaren mundu globalizatu horretako hautaketa entzuleen gustuekiko ahalik eta fidelena izan dadin saiatzen gara. Gainera, proportzio handia du gurean hemengo musikak. Euskarazko musikak leku handia du, noski, baina gure lurraldean gazteleraz eta ingelesez egiten duten beste taldeak ere oso kontuan hartzen ditugu.

Musikaz gain, entretenimendua lantzen duten saio asko dituzue irratian.

Pisu ikaragarria du entretenimenduak. Deezer, Spotify eta Interneten streaming bidez ematen dituzten beste kate musikal horien aurrean garrantzitsua da. Musikaz aparte, entzule gehienek konpainia ona bilatzen dute. Dida, Ze Martxa, B Aldea eta Akabo Bakea saioak ditugu. Jasotzen ditugu batzutan kritikak alde horretatik: gutxiago hitz egin eta musika gehiago jartzeko. Euskal komunikabide garen neurrian, iruditzen zaigu euskarazko entretenimenduak pisua behar duela izan.

Entzuleek erantzun diote eginiko apustuari.

Hara ezustea zein izan den: gure entzule kopuruak gora egin du. Ñabardura txiki bat dago entzule datuen inguruan. Gure lehiakideek dibertsifikatzera jo dute. Kate asko dituzte, eta entzule kopurua banatu dute. Guk gure txikitasunean nahiko genuke beste hiru edo lau kate espezializatu eduki, baina aurrekontu eskasa daukagu. Musika kate guztiak kontuan hartuta, halere, hazi den bakarra Gaztea da.

Teknologia berriek nola aldatu dute entzuleekiko harremana?

Musikan zein entretenimenduan, hurbiltasuna garrantzitsua zaigu, eta, horretarako, Internet bakarrik ez, Whatsapp ere ezinbestekoa da. Guk egiten ditugun ekitaldiak, musikarekin zerikusia duten arren, irudiei lotuta daude, eta, horretarako, oso inportantea da Internet. Egin ditugun parodiek, bideoklipek eta lehiaketeek arrakasta handia izan dute. Gure apustua hortik doa.

Entzuleek bidalitako hainbat mezu sexista zabaldu izana salatu dute aste honetan. Zein da irratiaren politika alor horretan?

Inoiz ez dugu horrelako kexarik jaso. Ez ditugu entzuleen mezu denak irakurtzen, galbahea egiten da. Arreta oso-oso berezia jartzen dugu iruzkin homofobo, sexista eta iraingarriak ez aipatzen. Agindua hori da. Izan diren tonuz kanpoko komentarioak segituan zuzendu ditu gidariak.

Maketa lehiaketaren finala egingo da maiatzaren 16an. Talde arrakastatsu askoren jauzi ohola izan da.

23 urte egingo ditu aurten lehiaketak. Urteroko buruhaustea da finantzabidea, eta, aurten, azkenean, Jaurlaritzak emango digu diru laguntzatxo bat. Oso talde onak atera dira, EH Sukarra, Sorotan Bele... Nik bi sariei ematen diet inportantzia, bai epaimahaiarenari bai entzuleenari. Entzuleen sariak ere aurkikuntza oso interesgarriak egin ditu: Berri Txarrak...

Nola doa Gaztea telebistara eramateko saioa?

Hasiera-hasierako erronka zen ETB3 Gaztearen plataforma izatea. Horregatik jarri ninduten zuzendari, telebistatik nentorrelako. EITBk multiplataforma izan behar badu, Gazteak du aukera gehien horretarako. Gazteek Internet, telebista, musika eta entretenimendua beste era batera kontsumitzeko modua dute. Gauza dezente egin ditugu azken urteetan alor horretan, irratian, webgunean eta telebistan saioak emanez. Jakina, produktua egokitu egin behar dugu euskarri bakoitzera.

Zergatik ez dira gauza gehiago egin?

Ez dugu telebistarako baliabiderik. ETB3ko filosofia aldatu den neurrian, webgunerako edukiak ere galdu ditugu. Bisitak erakartzeko eduki propioak behar ditugu. Ez dugu amore ematen, eta baliabide horiek gurera nola ekarri esperimentatzen ari gara. Euskal gazteek eskatzen dituzten edukiak euskaraz ematen baditugu, euskararen erabilerak irabaziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.