Albaolako ikerketa departamentuko burua

Xabier Alberdi: «Euskarak egiteke dituen lanen artean zegoen hiztegi hau sortzea»

'San Juan' baleontziari dagokion lexikoa eta ontzigintzako eta nabigazioko hainbat hitz eta kontzeptu bildu dituzte hiztegi batean. Albaolak, Euskal Itsas Museoak eta UZEI zentroak ondu dute.

Xabier Alberdi. MAIALEN ANDRES / FOKU
Xabier Alberdi. MAIALEN ANDRES / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko martxoaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

San Juan baleontzia azaroan uretaratu ondotik, haren lexikoa eta ontzigintzako eta nabigazioko 241 kontzeptu bildu dituzte hiztegi batean. Albaola Itsas Kultur Faktoriaren, Euskal Itsas Museoaren eta UZEI zentroaren arteko elkarlanaren fruitua izan da. Xabier Alberdi (Zarautz, Gipuzkoa, 1969) Albaolako ikerketa departamentuko burua eta Euskal Itsas museoko zuzendari zientifikoa da. «Zubi lanak» egin ditu. 

San Juan baleontziaren antzera, haren hiztegia ere urperatzear al zegoen?

Bai, hainbat hitz galtzeko zorian zeuden. Baina horri beste arazo bat gehitu zitzaion: dauden hitz guztiak hainbat hiztegitan banatuta zeuden. Orain arte ez zegoen euskal itsas hiztegi bateraturik. Hori izan da proiektuaren helburua. Hau, gainera, hastapena besterik ez da izan, hasierako pauso bat.

Noiz jabetu zineten hutsune bat zegoela?

Itsas historiarekin eta ontzigintzarekin lanean gabiltzanok aspalditik dugun gabezia bat da. Euskaraz idazteko garaian, beti topatzen ginen arazo berarekin: hitzak bildu gabe zeuden, bilduta zeudenak ere hala moduz, eta erabilera aldetik ere zuzen bildu gabeko kontzeptuak zeuden. Beti eragin digu horrek, eta egin behar genuen zerbait da.

241 hitz bildu dituzue. Guztiak San Juan baleontziaren ingurukoak dira?

Gehienak bai. Gai honekin hasi ginenean, esan genuen: nondik hasiko gara? Azken finean, itsasoaren mundua oso zabala da: itsasoa, itsasoaren egoera, nabigazioa, ontzigintza, arrantza, merkataritza... Hemen badaukagu azken urteetan gabezia oso nabarmena zuen eremu bat: ontzigintza.

Hori izan zen abiapuntua?

Bai. Albaolan arazo horrekin topo egiten genuen etengabe. Baina ez Albaolan bakarrik, beste hainbat eremutan ere bai; denok arazo bera genuen. Horregatik erabaki genuen San Juan ontzitik abiatzea. Pieza ugari ditu, eta abiapuntu interesgarria izan zitekeela uste genuen. Gainera, ontzigintza bera ofizio bezala gure herrian galdu egin zenez, agian galtzeko arrisku handiena zuten hitzak ere horiek ziren. Arrantzak oraindik bizirik jarraitzen duenez, esparru hartako hitz askok ere bai.

«Orain arte ez zegoen euskal itsas hiztegi bateraturik. Hori izan da proiektuaren helburua»

Ez dituzue euskarazko hitzak bakarrik bildu: gaztelerazkoak, ingelesezkoak eta frantsesezkoak ere hortxe daude. 

Hori da. Egia da beste hizkuntza batzuetan lehendik eginda zeuzkatela itsasoaren esparruko hiztegiak. Euskarak egiteke dituen hainbat gauzaren artean zegoen hiztegi hau sortzea. Beste hizkuntzetan urteak daramatzate lantzen; izan ere, hiztegiek bilakaera bat izaten dute. Mundua aldatuz doan heinean, erabiltzen ditugun hitzek ere esanahia aldatzen dute, berriak sortzen dira, eta beste batzuek, berriz, erabilera galtzen dute. 

Zein izan da aldaketa horietako bat?

Baleontzien garaia desagertu zenean, eta motorrarekin funtzionatzen zuten ontziak erabiltzen hasi zirenean, hainbat eta hainbat hitz bazter batean gelditu ziren, eta, aldi berean, ontzi berriekin hitz berriak sortu ziren. Beraz, zer gertatu zaigu guri? Bada, XIX. menderako itsasgintzari buruzko hiztegiak eginda zeuzkatela beste hizkuntzetan, eta guk, aldiz, ez. Beraz, horrek zaildu egin du gure eguneroko lana. 

Zergatik lau hizkuntzatan?

Hitz batzuk ez dira hizkuntza guztietan ageri. Lehendik lana egin badute ere, gabeziak daude beste hiru hizkuntza horietan ere. Batez ere, azkeneko mende erdian, itsas mundua gero eta aldenduago baitago egunerokotasunetik. Garai bateko gizarte ekonomikoko jarduera zentrala zena bazterrera joan da. Badaude hainbat hitz gazteleraz azaltzen direnak, baina ingelesez ez, esaterako. Edo ingelesez agertzen ez den hitzen bat, ba, euskaraz, aldiz, ageri da. Beraz, gure lana errazteko garrantzitsua izan da, euskaraz gain, hiru hizkuntza horiek ere erabiltzea. Gainera, kontraesanak daude hiru hizkuntzen artean kontzeptuen erabilerari dagokionez, eta aberasgarria izan da.

Zein izan da zuen lana?

Euskal Itsas Museoaren eta Albaolaren lana izan da lehen bilduma egitea, gure interes horietatik abiatuta. Horrez gain, kontzeptuak lau hizkuntzatan jarri ditugunez, UZEI zentroaren laguntza izan dugu, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik. Azken finean, gu ez gara hizkuntzalariak; itsas historian eta ondarean lan egiten dugu. Guk ontzigintzaren ikuspegitik egiten ditugu proposamenak. Haien ekarpena funtsezkoa izan da hitz bakoitzaren ortografia finkatzeko.

Hiztegia lantzen eta berritzen jarraituko duzue?

Lan handia dago egiteko, eta presa ere badauka, hitzak galtzeko joera baitago. Gure eguneroko jardunean ikusten ditugu gabeziak, eta hitzen erabilerak ahazten, baztertzen eta galtzen ari dira. Hainbat atal ukitu gabe utzi ditugu, eta horiek ere biltzen joan beharko dugu.

LOTSABAKo

Hiztegitik gehien gustatzen zaizun hitz bat?
Abenkohola.

Gutxien erabiltzen duzuna?
Bularkama.

Gehien harritu zaituena?
Mokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA