ATZEKOZ AURRERA

Euskararen deiadar ozena

Iruñerriko dantza eta kultur taldeek VI. euskal jaia egin dute, 'Geureari eutsi' lelopean. Kaleak girotzeaz gain, euskararen aurkako erasoei eusteko beharra aldarrikatu dute ekitaldi nagusian.

Erraldoiak, atzo, Iruñeko San Frantzisko plazan. Bertan egin zen ekitaldi nagusia. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Vincerò! (Irabaziko dut) Nessum Dorma aria ezagunaren amaierako deiadar euforikoa ozen entzun zen atzo eguerdian, Iruñean. Udaletxeko plazan operaren eguna ospatzen ari ziren bitartean, handik gertu, San Frantzisko plazan, bestelako deiadar bat entzun zen Iruñerriko euskal jaiaren ekitaldi nagusian. «Euskal kultura eta identitatea bereizteko ari dira erabiltzen euskara. Nafarrok batu beharko gintuena nafarrok bereizteko erabiltzen ari dira. Horregatik, uste dugu oraindik irain, mespretxu, eraso eta trikimailuei eutsi behar diegula. Eutsi eta eraiki».

Geureari eutsi izan da aurtengo euskal jaiaren aldarria. Garai batean, sanfermin txiki festetan ospatu ohi zuten, baina, hainbat iruindar nahasten zenez, udaberrira aurreratzea erabaki zuten, eta seigarren aldia badu jada. Iruñeko dantza, erraldoi konpartsa eta euskal kultur taldeek antolatu dute. Egunak parada ematen die elkartu eta alde zaharrari euskal giroa emateko. Hain justu, horregatik, «egun ederra» izan ohi dela nabarmendu du Ortzadar taldeko Mikel Jurikok.

Euskal jaia iragarrita bazegoen ere, herritarrak nahasteko aukerak baziren atzo goizean, orotariko ekitaldiak baitzeuden antolatuta. Gazteluko plazan triatloiaren helmuga atontzen ari ziren bitartean, Udaletxeko plazako balkoietan operaren eguneko entseguekin zebiltzan kantariak. Donejakue bidea egiten ari diren ibiltariek eta txirrindulariek harrituta entzuten zituzten operako doinu ezagunak. Harridura handitu egiten zen plazako alboetan itxaroten ari ziren erraldoiei begira.

Joaldun, dantza eta txaranga talde bakoitzak goizean alde zaharreko kaleetan barna kalejira egin ondotik, erraldoi konpartsa guztiek plazan bat egiteko ordua zuten, baina abeslarien entseguak amaitu arte itxaron behar izan zuten. Azpilagaña auzoko jai batzordeko eta erraldoi konpartsako kideek protesta egiteko aukera baliatu zuten.

Begoña Azpirozen arabera, entseguetarako egoitza baten beharra dute auzoan. «Azpilagañan badugu kultur mugimendu indartsu bat, eta ez dugu inolako lokalik». Auzoan, jai batzordea, erraldoi konpartsa, joaldun talde bat, gazte mugimendua eta emakumeentzako jostun tailer bat eratu dituzte. Orain arte, bizilagun bati txoko bat alokatu izan diote, baina «aspalditik txiki» geratu zaie, «gauza asko antolatzen direlako». Hilabeteotan, udalarekin hartu-emanetan izan dira konponbide baten bila, baina oraindik ez da gauzatu.

Mezu nagusia

Opera kantarien entsegua amaituta, Udaletxeko plazan Mendillorriko, Alde Zaharreko, Txantreako eta Azpilagañako erraldoiak elkartu eta elkarrekin dantza egin zuten. Ondoren, San Frantzisko plazarantz jo zuten, eta atzetik, txistu, danbor eta gaitaren doinuei segika, ehunka haur eta heldu joan ziren. Txalapartariek egin zieten ongietorria konpartsei eta dantzariei.

Antolatzaileen izenean, Iker Tubiak hartu zuen hitza, eta euskarak Nafarroan etengabe jasan beharreko erasoa gaitzetsi zuen. «Ezin diogu horien agendari jarraitu. Ezin gara haien jokoan erori. Ez dezagun denborarik gal eztabaida antzuetan, ez eta banderetan ezkutatzen diren diskurtso zaharkituekin eta bihurriekin ere. Gure bidea egin behar dugu».

Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzearekin batera, aurtengo jaiaren afixari egin zion erreferentzia. Geureari eutsi leloaren alboan, harria altzora altxatzen ari den irudia ageri da. «Aurtengo afixan harri bat paratu dugu, eta gureari eusten dion lagun bat. Ez da kasualitatea. Harrizko herri honetan, anitzetan igaro dugu eskua ehundura latz eta hotz horretatik. Ongi estututako gerrikoari esker, bi eskuekin harria jaso eta minik gabe jaitsi. Baina badira bi eskuk jaso ezin ditzaketen harri handi eta pisutsuak baina, era berean, ederrak».

Haren ustez, horietako bat daeuskal jaia, eta zazpigarren aldia ere izan dadin «denen eskuak» beharrezkoak izango direla aldarrikatu zuen. Tubiaren mezua amaituta, erraldoiek bals bat eta larrain dantza dantzatu zituzten. Arratsaldeko kontzertu eta dantzaldiekin amaitu zen eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.