Kanpalekuak antolatzen zituen aisialdi talde bateko begirale zela deskubritu zuen Maite Menek (Zaragoza, Espainia, 1965) gitarra jotzea eta abestea gustuko zuela. Ikasketak zirela eta, Nafarroara etorri zen, eta euskal musikak txundituta utzi zuen. Hala, ikasketak amaitu eta gero, Euskal Herrian bizi berri bat hastea erabaki zuen, eta euskara ikastearekin batera, euskarazko kantak egiteari ekin zion: «Hasieran, euskarazko abestiak ikasi eta abesten nituen, baina egiazki ez nekien zer esaten zuten hitzek».
Biologia ikasketak egitera etorri zinen Nafarroara. Nolatan erabaki zenuen hemen geratzea?
Biologia ikasketak egin eta gero, Zaragozara bueltatu nintzen. Urtebete bakarrik eman nuen etxean, eta berriro Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen. Bigarren Hezkuntzako oposizioak gainditu nituen Gipuzkoan, eta mutil-laguna ere zarauztarra zenez, hemen geratzea erabaki nuen.
Orain, euskarazko abestiak egiten dituzu. Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin nituen. Uda batean, ordea, erabaki nuen pixkanaka euskaraz ikastea. Egunean bi orduko ikastaroak egiten hasi nintzen. Behin oposizioak gaindituta, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza baten bitartez, egunean bost orduko euskara ikastaroak egiten nituen, lan egiteaz gain. Behar nuen titulua atera nuen, eta eskolak euskaraz ematen hasi nintzen.
Euskara ikasi ondoren, nola animatu zinen euskarazko musika egitera?
Gitarrarekin eta abesten betidanik ibili izan naiz. Dena den, nire abesti propioak egiten duela hamar bat urte hasi nintzen. Nire lehendabiziko abestia egiteko hausnarketa prozesu bat abiatu nuen. Iruñean ikasten nenbilela, konturatu nintzen zein politak ziren euskarazko abestiak. Euskararen doinua beste hizkuntzena baino goxoagoa da. Hala, pentsatu nuen merezi zuela abestia euskaraz egitea, nahiz eta gehiago kostatu.
Bada, zein izan zen idatzi zenuen lehendabiziko euskarazko kanta?
Bat-batean konturatu nintzen kontatzeko zerbait nuela. Nire anaia bakarra hil egin zen, eta sentitzen nuenaz abesti bat egitea pentsatu nuen. Dolua pasatzea lortu nuen sormen prozesuarekin.
Gainera, ez da zure senide bati idatzi diozun abesti bakarra.
Ez, nire aitonari eskainitako beste bat ere badut. 1936ko urriaren 10ean, Zaragozako kartzelatik atera eta erail zuten nire aitona. Abesti bat eskaini nahi nion, eta memoria historikoaren aldeko ekitaldietan abesteko modura egituratu nuen. Nire ustez, kantautoreok justiziaren alde egin behar dugu. Memoria historikoaren aldeko ekitaldien giroan-eta mugitzen naiz, eta maiz galdetu izan didate ez al dudan zerbait grabatu ekitaldi horietan abesteko aproposa dena.
Beraz, asmo hori bete duzu Oinutsik ibiltzea diskoarekin.
Bai. Hamahiru abesti sartu ditut diskoan; hamabi euskarazkoak dira, eta, gero, Koldo Pla lagunaren olerki bat sartu dut. Oso pozik nago emaitzarekin. Hamar urte hauetan egin ditudan abestiak sartu ditut, eta horien artean daude nire anaiari eta aitonari eskainitakoak. 300 disko egin nituen, eta salmentak erritmo onean doaz.
El Bardo Escaldao izeneko elkartea ere kudeatzen duzu. Nola definituko zenuke?
Kultura alternatiboa sustatzeko leku bat da, Ojala elkartean gauden kantautoreek kudeatutakoa; hiru urte daramatzagu proiektuarekin. Saiatzen gara euren lanak erakutsi edo aurkezteko tokirik ez dutenei aukerak ematen, baina jende ezagunagoa ere etortzen da. Nik nire diskoa bertan aurkeztu nuen. Dena den, hainbeste jendek jo nahi du elkartean, bazkideok aukera gutxi izaten ditugu bertan aritzeko.
ATZEKOZ AURRERA. Maite Mene. Kantautorea
«Euskararen doinua beste hizkuntzena baino goxoagoa da»
Abestiak euskaraz idazten hasi eta hamar urtera erabaki du Menek bere lehendabiziko diskoa grabatzea: 'Oinutsik ibiltzea'. Memoria historikoaren ekitaldietan erabiltzeko abesti bat sartu du diskoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu