Badu zazpi urte euskarazko bideojoko bat egiteko ideia jin zitzaiola Barttolo Decungi (Montori, Zuberoa, 2000). Ideia horretarik atera du plazaratu berri duen Bazterka, urik gabeko herria bideojokoa. Bakarrik ondu du proiektua, Ekialdeko Estudioa zigilupean. Tolosan (Okzitania) bideojokoak sortzeko eskola batean ikasi ondoan, erronkari heldu eta jokoa diseinatzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka. Euskal mitologia izan du inspirazio nagusitzat, eta, mundu horretan murgildurik, jokalariak bortz maila iragan beharko ditu helburura heltzeko eta jakiteko Bazterka herrian ura zergatik desagertu zen. Joan den abenduko Durangoko Azokan presentatu zuen bideojokoa, eta harrera ona izan duela kontatu du.
Euskal mitologian oinarritu zara zure bideojokoa sortzeko.
Hori baino lehenago, Japoniako mitologiari buruzko Touhou Project egitasmoa ezagutu nuen. Ondotik, ikusi nuen Japonian zuten ideia Euskal Herrira ekar zatekeela. Jose Miguel Barandiaranen Dictionnaire illustré de mythologie basque liburua irakurri nuen, eta laminei buruzko ipuinak xerkatzen hasi nintzen. Horrela hasi zen ideia, 2018an.
Geroztik, Bazterka, urik gabeko herria sortu da. Nondik bururatu zaizu izena?
Bideojokoko historia azkarki azaltzeko titular gisako zerbait nahi nuen hastapenetik. Bazterka herrian ez da gehiago urik, laminek lapurtu baitzuten. «Urik gabeko herria» hortik heldu da, sinpleki. Jokalariek maila batzuk gainditu beharko dituzte helmugara arribatzeko, hots, ura zergatik desagertu zen jakiteko.
Zeri aurre egin beharko dio jokalariak maila bakoitzean?
Maila bakoitzean jokalariak etsaiak izanen ditu kontra. Erran gabe doa haien kontra irabazi behar dela mailaz igan ahal izateko. Mailakako jokoa hasi baino lehen, elkarrizketa bat atzemanen du jokalariak, zeinetan historiaren hastapena kontatua den. Bost maila igan ondoan, berriz, historiaren bukaera ezagutuko du jokalariak.
«'Urik gabeko herria' hortik heldu da, sinpleki. Jokalariek maila batzuk gainditu beharko dituzte helmugara arribatzeko, hots, ura zergatik desagertu zen jakiteko»
Teknikoki nola gauzatu duzu bideojokoa?
Bakarrik egin dut bideojokoa. Ekialdeko Estudioarekin atera dut, eta nihaurek eraman dut prozesua hastapenetik bukaeraraino. Hala ere, testua zuzentzeko tenorean, adibidez, lagunek lagundu eta sostengatu naute.
Zailtasunak ukan dituzu bideojokoa sortzeko?
Denbora anitz hartu dut bideojokoa garatzeko. Garapen prozesuan, gainera, ikasketen ondorioz, proiektua pixka bat bazterrean utzi behar izan nuen. Jokoaren azken etapa gogorra egin zait. Alta, funtsezkoa izaten da gauza ttipiei arreta ematea, baita zehaztasunak ezartzea ere.
Euskara batuaz gain, zure euskalkia ere gehitu diozu jokoari.
Euskara orotarikoa dela erakusteko txertatu diot euskalkia. Euskalkiaren erabilerak pertsonaien diseinua sakonago egiteko parada eman dit. Nolabait, pertsonaia bakoitzari berezitasun puntu bat ematen ahal zaio. Horrela, jokoan ez duzu zehaztu behar nongoak diren, jokalariak asmatuko baitu jostatu arau.
Durangoko Azokan aurkeztu zenuen bideojokoa. Nola pasatu da?
Ontsa iragan da. Kabian antolatu hitzaldian parte hartu nuen. Uste dut Durangoko Azokako erakusmahai batera eraman den lehen bideojokoa dela. Egia erran, pixka bat zaila izan da jendearekin izan dudan lehen kontaktua, baina garrantzitsua iruditu zait bideojokoa azokan plazaratzea. Hastapenean jende anitzek ez dute ulertu bideojokoa zela, baina azkenean esperientzia biziki ona izan da.
«Uste dut Durangoko Azokako erakusmahai batera eraman den lehen bideojokoa dela. Egia erran, pixka bat zaila izan da jendearekin izan dudan lehen kontaktua, baina garrantzitsua iruditu zait bideojokoa azokan plazaratzea»
Kontzeptua maitatu dute?
Probatu dutelarik, ez dute ontsa ulertu nola ibiltzen den jokoa, baina kontzeptua oro har maitatu dutela erran didate. Froga gisa lehen bi mailak entseatzen ahal zituzten, eta gainerateko mailetan jostatu nahi badu jendeak, bideojokoa erosi behar du.
Egungo erronka bideojokoaren zabalpena ahalik eta hobekien gauzatzea da?
Pixka bat zaila zait jokoa zabaltzea, ez naizelako profesionala komunikazioa egiteko. Gainera, jokalariak ohituak dira erdaraz jostatzera gehienbat. Izan ingelesez, gazteleraz edo frantsesez, euskaraz ez diren bideojokoak dira nagusi egungo munduan, eta zaila da mundu horretan leku baten atzematea.
Joera aldatuko dela uste duzu?
Agian euskarazko zinema bezala izanen da. Zinez espero dut pixkanaka-pixkanaka zabalduko dela euskaraz jostatzeko ohitura. Luzea izanen da, baina esperantza ez da galdu behar!
LOTSABAKO
Hurrengo bideojokoa prestatzen hasi zara?
Lehenean bezalako mundua batean kokatu nahi dut bigarrena.Jakin daiteke bideojokoaren izena?
Saia deituko da.