Hizkuntzak gehiegi maite ez zituelako aukeratu zuen informatika ikastea. Aspergarri zitzaizkion ikasgai haiei ihes egin nahian edo. Paradoxikoki, ordea, informatikan murgildu zenez geroztik hizkuntzak izan ditu lanaren ardatz nagusietariko bat. Hizkuntza aniztasuna, zehazki, eta hizkuntzekin loturiko teknologia orokorrean. Alemaniako Antropomatika Institutuan egiten du lan Tanja Schultz-ek (Oldenburg, Alemania, 1964), eta mintzairarekin lotutako gailuak garatzen ditu bertan. Ordenagailuentzako sistemak. Hori da etorkizuneko erronka, dioenez: makinek giza mintzaira ulertzea. Hori da tresna informatikariekin komunikatu ahal izateko modurik intuitiboena, dioenez: autoari «piztu» esatea, eta autoa piztea. Hiztunaren hizkuntza ezagutu beharko dute horretarako makinek, eta horregatik da garrantzitsua eleaniztasuna. Euskaraz egin beharko dute makinek euskaldunekin. Bilbon izan da egunotan, Ikerbasque elkarteak gonbidatuta.
Noiz hasi zinen eleaniztasunaren errealitatea informatikara aplikatzen?
Hizkuntza ezberdinak identifikatzen dituen makina bat sortzea izan zen nire doktore tesiko lehen lana. Hortik hasi nintzen. Japoniera identifikatzen zuen sistema bat sortu nuen gero, japonierarik ez nekien arren. Beste hizkuntza batzuei ere aplikatu nien sistema bera. Gero hizkuntza ezberdinei buruzko informazioa biltzen hasi nintzen. Mintza aparatua berdina da denontzat, soinuak artikulatzeko tresna berdinak ditugu, eta egin dezakegun hots kopurua ez da hain handia. Hizkuntza ezberdin askok hots berak konpartitzen dituzte. Orain arte hainbat hizkuntzaren informazioa bildu da mintzairan oinarritutako ordenagailu sistemak sortu ahal izateko. Hizkuntza handiekin egin da, batez ere, lan hori, prozesu horiek kostu handia dutelako, eta denbora asko eskatzen dutelako. Eta hizkuntza txikiekin ezin da halako lanik hartu. Jadanik bilduta dugun hizkuntzen informazioa erabiltzea da xedea orain. Bilduta dagoen informazio hori oraindik makinetarako moldatu ez diren bestelako hizkuntzentzako tresnak sortzeko erabiltzea. Hotsak jatorrizko hizkuntza hartatik askatu, eta berri batean baliatzea da ideia, nolabait ere.
Solasa errekonozitzeko makina eleaniztun bat garatzea da zure lan ildoetariko bat. Zein da halako tresna baten erabilera?
Oso interesgarriak dira halako tresnak Euskal Herrikoaren pareko komunitateetan, bertan hizkuntza asko hitz egiten direlako. Hizkuntza berrietan oinarritutako ordenagailu sistemak azkar sortzeko tresna bat sortu nahi nuen. Bereziki lagungarria da hau hizkuntza batek hiztun gutxi dituenean, edo hizkuntza hori desagertze arriskuan dagoenean eta baliabide gutxi dituenean. Hori da, izan ere, mintzairak errekonozitzeko gailuek duten arazo nagusia: grabazio ordu piloa behar dituzte funtzionatu ahal izateko. Hori da makina eleaniztunarekin konpondu nahi dudana, esan bezala, beste hizkuntzetan erabilitako informazio hizkuntza berrietara
Baina zein da bildutako informazio horri eman diezaiekezuen erabilera?
Etorkizunean garrantzi handia izango dute solasean oinarritutako teknologiek. Txikituz eta txikituz doaz erabiltzen ditugun tresnak. Sakelako telefonoak, adibidez. Jadanik ez dute teklaturik ere. Solasada gizakiontzako makinekin komunikatzeko modurik intuitibo eta naturalena. Berdin makina robot bat, PDA bat edo auto bat bada. Telebistarentzako urrutiko kontrol bat sortu nahi izanez gero, beraz, telebista egileek jendearen hizkuntzara moldatu beharko dute gailua. Ezin da jendea behartu makinaren hizkuntza hitz egitera. Makinak egokitu behar du erabiltzailearen hizkuntzara; ez alderantziz. Ingelesik hitz egiten ez badute, ezin diezu ingelesezko urrutiko kontrol bat saldu. Euskal Herrian telebistarik saldu nahi izanez gero, beraz, euskara ulertzeko prestatu beharko dituzte urrutiko kontrolak. Gero eta garrantzi handiagoa izango dute mintzairak eta mintzairan oinarritutako ordenagailuek.
Bilbon gizakion bio-seinaleak izan zenituen hizpide. Etorkizunean makinek halakoak ere irakurriko dituztela esan zenuen.
Hizkeraz gain, beste seinale asko emititzen ditugu. Muskuluen seinaleak, garunekoak... hamaika. Horiek guztiak makinekin hobeki komunikatu ahal izateko erabiltzea da asmoa. Gizakion artean gertatzen diren komunikazioak ere makina bidez garatuko dira hemendik denbora batera. Sakelako telefonoak adibide sinpleena dira, baina gehiago etorriko dira. Makinak ulertu egin behar du zer den zehazki esan nahi duzuna. Zein diren zure benetako asmoak, eta baita nola sentitzen zaren ere.
Inteligentzia artifizialaz ari zara, ia.
Bai, kasik. Ulertu egin behar gaituzte makinek, lagundu ahalko bagaituzte. Makinek ez dakite zein diren gure beharrak. Makina intuitiboagoak sortzea da nire xedea. Gizakion beharrak ulertu, eta haietan lagunduko gaituzten makinak sortzea. Asko ikasten da gizakiak begiratuta soilik. Kamara adimentsuak edo gela adimentsuak sor daitezke zer egiten dugun monitorizatzeko. Gizakiaren barruan ere, kanpotik ikusi ezin diren hamaika gauza gertatzen dira. Bio-seinale horiek irakurri eta prozesatzea da erronka, egoeraren arabera haien esanahia ulertu ahal izateko. Hizkera izan liteke horretarako tresna bat, baina baita ahoko muskuluen mugimendua ere.
Hori da azkenaldian asmatu duzuen tresnetariko bat. Aurpegian jarritako elektrodo batzuen bidez makina batek ahoaren mugimenduak irakurri, eta mintzaira gisa erreproduzitzen ditu. Hotsik egin beharrik gabe hitz egitea ahalbidetzen du, alegia.
Bai. Esan dezaket «hello», edo egin dezaket «hello» esango banu bezala, soilik ahoa mugituta. Hala ere, seinalea transmitituko luke gailu horrek. Liburutegietan, bilkuretan edo trenetan inori enbarazurik egin gabe erabili ahal izateko sortu dugu gailua. Baita oso gune zaratatsuetan erabiltzeko ere. Baliagarri izan liteke ahots kordarik ez dutenentzat, edota aldi berean dei asko izaten diren guneetan.
Zientzia fikzioa dirudi kontatzen duzunak.
Bai, hala da, baina era berean, aipatzen ditudan sistema horiek eraiki egiten ditut, funtzionatzen dutela erakusteko. Prototipoak dira, noski, ez merkaturako tresnak. Epe luzera begira sortzen ditugu halako gailuak. Orain, adibidez, elektrodoak aurpegian jarri beharrean, telefono itxurako gailu bat sortu nahian gabiltza, funtzionalagoa izan dadin. Are epe luzeagoan, inplantatu ere egin ditzake jendeak elektrodo horiek aurpegian. Urrun dago hori, bai, baina erabili egiten da jadanik sistema hori besoa galdu duen jendeak erabiltzen dituen tresnekin, adibidez. Orain zientzia-fikzio itxura duena, egia bilaka daiteke epe motzean.
Bi dira, beraz, zure lanaren ardatz nagusiak: hizkuntza eleaniztasunarekin lotutakoa, bata, eta etorkizunerako komunikazio tresnen diseinuarekin lotutakoa, bestea.
Bada hirugarren bat ere. Nahiko gogor ari gara lanean jendeak zer pentsatzen duen asmatu nahian. Ez zer ezkutatu nahi duten jakin nahi dugulako, baizik eta zerbait komunikatzeko gogoz bazaude, ordenagailu sistemak hori ere igarri behar lukeelako. Pentsa dezagun testu bat idatzi nahi duzula. Makinak jakin behar luke une horretan hari adi ote zauden, edo beste zerbaitetan zabiltzan. Sistemarekin ari ote zaren, edo beste norbaitekin. Solasaren bidez funtzionatuko badu, sistemak jakin behar luke une horretan berarekin ari zaren, edo zure seme-alabekin mintzo zaren. Era beran, autoan erabiltzen dugun nabigazio sistema batek jakin behar luke isiltzen, adibidez, momentua kritikoa denean. Bidegurutze batean, eskuin edo ezker, hori da jakin behar dugun bakarra, baina sistemak jarraitzen du hizketan eta hizketan. Ez da lagungarri. Informazio baten zain zaudela jakingo balu, ordea, askoz hobeki funtzionatuko luke. Garunaren aurrealdeko bio-seinaleak irakurrita lor daiteke informazio hori.
Zein da eleaniztasuna eta teknologiak batu ahal izateko erronka?
Amildegi bat dago hizkuntzen artean. Badaude informazio bilketa handiak egiteko bideak dituzten hizkuntzak, eta halakoetarako aukerarik ez dutenak. Alde hori murriztu egin behar da. Mintzairan oinarritutako tresnak sortzeko behar diren denbora eta informazio kopurua murriztea da giltza horretarako. Gero eta garrantzitsuagoa izango da hau, mintzairan oinarritutako teknologiak agertuz joan ahala.
Ezarian. Zientzia. Tanja Schultz. Informatikaria eta mintzairan oinarritutako teknologian aditua
«Euskaraz hitz egingo zaie telebisten urrutiko kontrolei»
Mintzaira izango da etorkizunean makinekin komunikatzeko erabiliko dugun tresna nagusia, Tanja Schultz infomatikariaren ustez, horregatik urteak daramatza eleaniztasuna kontuan hartzen duten gailuekin lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu