Azterketak Euskaraz taldeko kidea

Laia Urrutikoetxea: «Euskaraz ikasten dugun heinean, gure eskubidea da azterketak euskaraz egitea»

Bilboko Hau Pittu Hau konpartsak Euskara Saria eman dio Azterketak Euskaraz taldeari. Bost urte ditu, eta aurrerapausoak ematea lortu du: aurtengo baxoan matematikako proba euskaraz egitea eta zuzentzea. Urrutikoetxea duela hiru urte batu zen.

Laia Urrutikoetxea. ARITZ LOIOLA / FOKU
ARITZ LOIOLA / FOKU
2026ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lizeoko azken urtera igaroko da Laia Urrutikoetxea (Lexantzü, Zuberoa, 2009), eta ikastetxean daramatzan hiru urteetan Azterketak Euskaraz taldearen parte izan da. Ikasleen kontzientziazioaz eta aktibazioaz gain, gurasoekin, irakasleekin eta ikastolekin egiten duten elkarlana nabarmendu du. Bilboko Hau Pittu Hau konpartsak Euskara Saria eman dio taldeari.

Nola hartu duzue berria?

Uda honetan jakin dugu; ez genuen halakorik espero. Guk aurten egin ditugun ekintzak pretentsiorik gabekoak izan dira, eta saria jasotzea poz handia da. Eta ikustea Hegoaldean ere entzunak izan garela eta jendeak sostengatzen gaituela biziki garrantzitsua da guretzat.

Nola dago euskara Iparraldean?

Euskara ez da batere ofiziala. Orduan, [eskola] publikoan ez da osoki euskaraz ikasten ahal, eta ikastola da euskaraz ikasteko egitura bakarra. Badugu lizeo bakar bat Iparralde osoan, Bernat Etxepare lizeoa. Bigarrena sortzeko proiektua bada, dena den. Eta edozer gauzarentzat oraindik borrokatu behar dugu. Azterketak adibide bat dira, baina egunerokoan ere euskaraz bizitzeko askoz eskubide gutxiago ditugu beste leku batzuetan baino.

Zein da azterketen egoera?

Brebeta eta baxoa euskaraz egitea lortzen saiatzeko sortu zen Azterketa Euskaraz mugimendua. Brebeta kolegioko azken urtean egiten den azterketa da. Eta hori euskaraz pasatzea lortu zuten gu baino urtebete zaharragoek, eta geroztik euskaraz da. Baxoaren sistema anitz aldatzen da; beraz, aurrerapausoak izan dira garai batez, gero berriz atzera egin dute... Gehiena frantsesez da oraindik. Matematika proba euskaraz egiten zuten lehen, eta orain, berriz, frantsesez pasatu behar da.

Zeren arabera aldatzen da baxoa?

Bi edo hiru urterik behin aldatzen dira baxoaren sistema eta probak: beti dira proba berriak, batzuk kentzen dituzte... Askotan, batzuk euskaraz egitea lortzen da, gero kendu egiten dira, eta gero berriz jartzen dira. Adibidez, matematikakoa aurten. Etengabe aldatzen denez, lortzen ditugun urrats txiki horiek ez dira batere segurtatuak. Eta badakigu segur aski bizpahiru urteren buruan baxoa aldatuko dela, eta berriz borrokatu beharko dela lortutakoa lortzeko.

«Guri instituzioek babes eta eskubide gutxiago ematen dizkigute, baina ikasleon artean euskararekiko atxikimendua lortu dugu. Euskaraz ikasten dugunok benetan indar egiten dugu gure hizkuntzan eta gure kulturan bizitzeko»

Ikasle borrokak lortu ditu aurrerapausoak?

Bai, baina jakin behar da Azterketak Euskaraz taldean ikasleek gure tokia dugun bezala badirela irakasleak, gurasoak, eta Seaskak ere anitz laguntzen gaituela horretan. Talde lana da, bakoitzak gure tokitik egiten dugu ahal duguna, eta horrela lortu da brebeta euskaraz izatea.

Zergatik da garrantzitsua azterketak euskaraz izatea?

Gure eskubidea delako betidanik euskaraz ikasten dugun heinean. Frantziako Estatuak baimentzen digu euskaraz ikastea, baina azterketak frantsesez pasatzera behartzen gaituzte, eta hori inkoherentzia bat da haien aldetik. Behin baimenduta euskaraz ikastea, gure eskubide osoa da azterketa horiek ere euskaraz pasatzea, frantsesez betidanik ikasi dutenek frantsesez pasatzen dituzten bezala. Ikusten dugu badugula gaitasuna frantsesean, eta hori ez da galera.

Zeintzuk dira zuen helburuak?

Ikasleen artean giro hori sustatzea. Horrek bide ematen digu ikasleen artean antolatzen ikasteko, eta gure aldetik proiektuak sortzen ikasteko, elkarlanean ere bai —gurasoekin, irakasleekin...—. Baina lehen helburu nagusia da baxoa eta azterketa guztiak euskaraz izatea.

Zein da instituzioen erantzuna?

Nik bizi izan dudanaren arabera, iaztik eragina badugu: ohartzen ari dira arrisku bat dakarkiela gure antolaketak eta egiten ditugun ekintzek. Azterketak Euskaraz nahiko berria da, baina instituzioak nahiko itxiak dira gure mugimenduari so. Benetan eragina baldin badugu, hor gure alderat joaten dira. Baina iaz matematika euskaraz pasatzearekin, adibidez, guk esan genuen desobedientziara joko genuela, nahiz eta ez zuten baimendua euskaraz pasatzea. Momentu batean, bilkura batean esan zuten euskaraz pasatzen ahalko zela, baina ez zen deus ofiziala izan, eta orduan gure alde zeuden, baina deus argiki esan gabe. Eta ezin jakin zer pentsatzen duten benetan, eta nola jokatuko duten azken momentuan.

Esaten da babes administratiboa nahikoa dela euskara salbu egon dadin, baina ikusi besterik ez dago selektibitateko euskara azterketekin zer gertatu den Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Guri instituzioek babes eta eskubide gutxiago ematen dizkigute, baina ikasleon artean euskararekiko atxikimendua lortu dugu. Euskaraz ikasten dugunok benetan indar egiten dugu gure hizkuntzan eta gure kulturan bizitzeko. Eta, egiaz, EAEn dena kasik lortua da: eskubideak badira, euskara ofiziala da, euskaraz ikasten ahal da... Baina, agian, euskaraz ikasten dutenen artean atxikimendu gutxiago dago euskararekiko. Bakoitzak badu bere bizimodua; egoera bakoitzak baditu bere alde onak ere... Gurean, bizi dugun errepresio horrek, hizkuntza ofiziala ez izateak eta baxoa frantsesez pasatu behar izateak pizten gaitu, eta kidetasuna indartzen du. Eta hori oso garrantzitsua da gure hizkuntzarentzat. Instituzioek hizkuntza erdizka baimenduz gero, minorizatu bezala geratzen da: nahiz eta publikoan euskaraz ikasi, batzuek ez dute gaitasunik edo kulturarekiko atxikimendurik. Hori Iparraldeko ikasleok badugu, normalean.

Zer egin daiteke Hegoaldetik?

Indar gehien ematen duena sostengua erakustea da: deialdiak zabaltzen direlarik haiei erantzutea, eta gure borroka eta errealitatea ezagutaraztea.

Zer esango zenieke euskal ikasleei?

Konturatzea euskaraz ikasten ahal dugun heinean eta euskaraz ikasten dugun heinean behar dugula zentzu bat, eta horri antzematea. Arrazoi bat dago euskara ikastearen atzean: bada kultura bat, bada hizkuntza bat. Badira errealitate ezberdinak, eta horren inguruan interesatzea, sostengua erakustea, eta antolatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA