Euskaraz, katalanez eta galegoz eskaintza sendotzeko eskatu dute

Erkidegoetako gobernuetako ordezkariek idatzi bat bidaliko diete ikus-entzunezko plataformei

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako gobernuen ordezkariak, Palman. NAFARROAKO GOBERNUA.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako gobernuetako hizkuntza politiketako ordezkariek idatzi bat bidaliko diete ikus-entzunezko plataforma nagusiei, ordezkatzen dituzten lurraldeetako hizkuntza ofizial propioetan bikoiztu edo azpidatzi diren produktuen «behar adinako eskaintza eskuragarria» jartzearen garrantziaz jabetu daitezen.

Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Segimendu Batzordea Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Balearretako, Kataluniako, Valentziako erkidegoko eta Galiziako gobernuetako arduradunek osatzen dute, eta batzorde horretako ordezkariek bilera bat egindute asteon Palma hirian (Herrialde Katalanak). Bertan parte hartu dute, besteak beste, Euskarabidea Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek.

Ikus-entzunezko sektorearen garrantzia nabarmendu dute ordezkariek. Nafarroako Gobernuko iturrien arabera, hainbat administraziok kontaktuak areagotuko dituzte ikus-entzunezko plataformekin, aniztasun linguistikoa bultzatzeko apustua sendotu dezaten.

Topaketan, bestalde, RTVE Espainiako irrati-telebista publikoaren ordezkariekin izandako bilera baten berri eman dute. Hain zuzen ere, RTVEri neurriak hartzeko eskatu diote, bere edukiak gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialetan eskaintzeko. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra betetzeko helburua izango luke eskaera horrek, bereziki haurrentzako Clan kanalean.

Eskaera hori ez da berria. Otsailaren 4an, Kontseiluak, Hekimenek eta Pantailak Euskaraz-ek legea betetzeko urratsak egiteko eskatu zioten RTVEri. Donostian egindako agerraldian, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak UEMAren azterketa bati egin zion erreferentzia: «Udalerri horietako lehen hezkuntzako ikasleek gehien ikusten duten katea RTVEko Clan da». Kate horretan, eduki guztiak gaztelaniaz dira, nahiz eta Espainiako lege berriaren arabera 12 urtetik beherakoentzako edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz ere eman behar dituzten.

Bilatzaileen auzia

Horrez gainera, Protokoloko kideak kezkatuta azaldu dira, Interneteko bilaketa tresnen —nagusiki Google— erabileran haien herrialdeen hizkuntza ofizialetan lortutako emaitzak baztertzeak eragindako egoeragatik. Administrazioek hizkuntza bakoitzerako eskuragarri dagoen informazioa trukatu dute. Haien nahia litzateke arazoa ahalik eta azkarrena ebatzi ahal izatea; izan ere, Interneteko hizkuntza erabileran zuzenean eragiten du auziak.

Ordezkariek, halaber, adostu dute aniztasun linguistikoa hizkuntza ofizial orotan sustatzearen aldeko ekarpena egiteko ahalegina egitea, bereziki hezkuntza arlora zuzendutako testuak koeditatuz —curriculum berria lantzeko baliabide modura—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.