Komunikazioa

Eusko Irratietarako deialdi publikoa onartu du administrazio kontseiluak

Langileek diote «EITBn inoiz izandako murrizketa handiena» ekarriko duela; lanuzteak iragarri dituzte

EITB irratietako langileak protestan, atzo, Bilboko egoitzan. BERRIA.
Adrian Garcia.
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Enplegu lehiaketa publikoa izango da EITBko irratietan. Maite Iturbe hedabideko zuzendariak udazken partean egingo den deialdia aurkeztu zuen atzo EITBko administrazio kontseiluan. Lekurik ez duten langileak erregularizatu nahi ditu horrela zuzendaritzak. Iskanbila handia sortu du deialdiak, erregularizatu beharreko baino lanpostu gutxiago eskainiko baititu: 49 lekuko deialdia izango da azkenean. 79 dira, ordea, lekurik gabeko langileak.

Hogei kide ditu kontseiluak, eta bi herenen onarpena behar zuen zuzendaritzaren planak aurrera egiteko. EAJko sei ordezkariek, EH Bilduko laurek, Eusko Ikaskuntzakoak, Euskaltzaindikoak eta LABekoak eman zuten baiezkoa.

Eusko Irratietako —Euskadi Irratia, Gaztea, EITB Musika, Radio Euskadi eta Radio Vitoria— langileak EITBko egoitzan elkarretaratzea egin zuten atzo, «lanpostuen suntsiketaren aurka egiteko». Ordu berean ziren biltzekoak administrazio kontseiluko kideak, eta bilerak iraun bitartean irrati publikoaren aldeko mezuak oihukatu zituzten. Langileen ustez, zuzendaritzak kaleratzeak enplegu deialdiarekin «mozorrotu» nahi ditu. Irrati publikoaren eredua aldatuko den beldur dira. «EITBn inoiz izandako murrizketarik handiena izan da». Mobilizazioak eta lanuzteak iragarri dituzte.

Auzitara joko dute

EITBk prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, enplegu deialdiaren helburua da «irrati publiko jasangarri bat» lortzeko lanpostuak sortzea. «Lanpostu horiek enplegu publikoaren oinarri diren berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatu gabe bete ziren», azaldu du EITBk.

Langileak, baina, ez datoz bat horrekin: «Bere garaian zuzendaritzak adostutako probak gainditu genituen». Lanpostuak babesteko auzitara joko dute langileek. Herenegun Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean dokumentu bat aurkeztu zuten, zuzendaritzari exijitzeko langile mugagabetzat hartzeko. Langileek diote euren egoera Lan Ikuskaritzak erregularizatu zuela, langile mugagabetzat hartu baitzituzten.

Arazoa urrutitik baitator. Lan Ikuskaritzak 2010ean salaketa jarri zuen: legez kanpokotzat jo zituen langile askori eginiko autonomo kontratuak. Kontratu mugagabea eskaintzea behartu zuen orduan hedabidea. Langile finkoak dira, beraz, baina ez dute leku finkorik hedabidean. Batez beste hamabi urte daramatzate lanean. Gutxienak zortzi daramatza. «Ez da lehiaketa publiko bat, kontratu mugagabea duten langileen kaleratzea baizik», uste dute kolokan dauden langileek.

Eskainitako 49 leku horiek horrela banatuko dira: 20 Euskadi Irratian, Gaztean eta EITB Musikan —27 dira erregularizatzeko daudenak—; 24 Radio Euskadin —47 langile daude lekurik gabe—; eta beste bost Radio Vitorian —beste horrenbeste daude kolokan—.

LABen arabera, nahiz eta Lan Ikuskaritzak kontratu mugagabea egitera behartu, ez zituzten bete lanpostu publikoaren oinarriak, eta, beraz, «behin-behineko» lanpostuak dira. Ontzat jo du sindikatuak eskaintza publikoa, irratian elebitasuna finkatzen duelakoan. C2 maila izatea da lehiaketan parte hartzeko baldintza.

ELA, berriz, deialdiaren aurka agertu da. Sindikatuaren ustetan, EITBko zuzendaritzak enplegua suntsitu nahi du. «Murrizketaren aitzakiapean lanpostuak amortizatu nahi ditu, ez du zerbitzuaren kalitatea hobetu nahi». 
Kalean ez ezik, sare sozialetan ere euren egoeraren berri eman dute. Bloga sortu dute haien iritzia plazaratzeko: http://despidosradioeuskadiirratiakaleratzeak.wordpress.com.


PSE-EEko hiru ordezkariek eta Euskadiko Kontsumitzaile Elkartekoak abstenitu egin ziren, eta PPko bi kideek aurka bozkatu zuten.

Deialdi publikoaren berezitasuna da lehen aldiz euskara ondo jakitea eskatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.