Miren Aire

«Ez da biologikora pasatzen helburu ekonomiko batengatik»

Bere bi ahizpekin ibili zen kantuan plazetan; orain, gutiago. Laborantza biologikoan ari da, ahalik eta tresna gutienik erabiliz, eta horretarako denbora behar du.

Joanes Etxebarria.
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Urepeleko Aire Ahizpek kantatu zuten Euskal Herria Zuzenean festibalak ukan duen kanturik ezagunena. Miren Aire (Urepele, Nafarroa Beherea) laborantza biologikoan ari da Urepelen, eta, lan anitz duelako, kantua bazter utzia du. Hautua egin zuen, baina bakarlari gisa aritzeko gogoa ez du oso baztertua.

«Arrosako zolan, kantu zirimolan»...

Kantu hori egin genuen 1998an. Egia errateko, tarrapatan prestatu genuen, azken mementoan. Musikariak ere azken minutan atzeman genituen, eta grabatzeko estudioan ez ginen arrunt prest. Musikariekin han genuen kantu hori egin, errateko maneran. Bakarrik bagenuen airea gogoan, eta Txatoren hitzak. Estudioetan bi egun pasatu genituen, eta kristoren giroa izan zen gure artean.

Eta kantua oraindik ere entzuten da.

Oraindik ere ez dut ulertzen kantu horrek nolaz ukan duen hainbesteko arrakasta. Kontent naiz, bistan da, alde batetik oroitzapen goxo horiek oroitarazten dizkidalako. Jendeek hainbeste maitatu dutela ikusteak ere plazer egiten du.

Kantua, zuretzat, zure ahizpei lotua izan da beti?

Bai.

Ez duzu sekula bakarlari gisa aritzeko gogorik ukan?

Bai, badut. Menturaz orain lehen baino gehiago, baina, mementoko, biziki hartua naiz lanarengatik, eta ez dut aski denbora horrekin pentsatzeko. Hiru ahizpak etxean betidanik kantuan ari izan gara, baina naturalki. Gero kantuz ateratzea plazan emeki-emeki egin da; galdera bazen, eta gu ateratzen ginen. Kantatzeko gomita genueno kantuz ibili gara, eta gero lanarengatik eta haurrengatik murriztu ditugu gure ateraldiak.

Etxaldean lan sobera duzula? Zergatik? Kabala gehiegi dituzu edo?

Ez dut hainbeste kabala, baina lana ateratzen da beti. Ez naiz etxetik ateratzen ahal bi edo hiru egunez, bakarrik oren batzuk.

Biologikoan lan egiten duzu, hori ohikoa da Urepelen?

Ez. Orain bigarren bat hasi da biologikoan ahuntzekin. Baina besterik ez da. Biologikoan izan aitzin ere jadanik modu hortan ari ginen lanean, orduan niretzat ez da aldaketa handirik izan. Horrela aritzean egia da behar izaten dela soportatu asun edo lapar gehiago. Baina asun batzuk soportatzea ez eta asunen suntsitzeko erabiltzen diren pozoinen ondorioak soportatzea... Uste dut behar-beharrezkoa dela hemendik goiti laborantza egitea produktu horiek erabili gabe.

Ibar honetan jendea ibiltzen da udan. Biologikoan aritzea laguntza bat da salmentetan?

Edozein gisaz, nik ez dut ene mozkina emendatu. Baina orokorki ikusten da kontsumitzaileek gero eta gehiago kasu egiten diotela erosten eta jaten dutenari. Mozkin biologikoak badu arrakasta, lehen baino gehiago, baina ez da biologikora pasatzen helburu ekonomiko batengatik. Ene kasuan hasteko... Industrialak, haatik, pentsatzen dut helburu horrekin ari direla biologikoari buruz.

Laborantzan ez da ohikoa, baina zuk webgune polita baduzu!

Alde batetik, ene etxealdearen eta lanaren presentatzeko zen. Eta ikusiz denbora eskasarengatik ez naizela lehen bezainbat merkatuetan ibiltzen ene mozkinen saltzeko, pentsatu dut menturaz Interneten bidez saltzen ahal zirela. Aski ontsa kausitu dut. Webgune horri esker egia da anitz saltzen dudala hemendik kanpo. Baina egia da ezagutzen nautenek edo ene laneko manera ezagutzen dutenek pixka bat bitxia atzematen dutela. Etxalde txiki bat dut, tropa txiki bat, ekoizpen txikia; xumeki ari naiz, tresna gutirekin, ardiak eskuz jezten, gasna eskuz egiten... horren ondoan teknologia modernoa erabiltzeak jendea harriarazten du. Baina ez da ezin egina.

Etxaldeko lanaren parte bat sakrifikatuko zenuke berriz kantatu ahal izateko?

Laborantzaz bizitzeko egin behar da egiten dudana. Hobeki egiteko ere ez dut denbora aski. Etxea, familia, salmentak... uste dut hori dena ontsa egiteko ez dudala merezi duen denbora ematen. Ardiak ongi artatzeko ere, denbora gehiago behar nuke. Kantua dut sakrifikatu laborantzan aritzeko.

Tresnak erabiliz gero, denbora irabaz daiteke...

Nahitara mugatzen ditut. Badira tresna moderno eta biziki garestiak, baina horiek gabe egiten saiatzen naiz. Hori egiten ahal dut hazkuntza txikia dudalako. Mugatzen dut nahitara, bai ardi kopurua, bai ekoizpena ere... Hori mugatuz egiten ahal da tresna gutiagorekin. 100 eta 120 ardi artean dira eskuz jezten ditudanak. Eskuz eginez iduri zait kalitatea gehiago menperatzen dela, esnea garbiago ateratzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.