Biologoa

Irati Diez Virto: «Ez da inoiz erregistratu orka basati batek gizakirik hil duenik»

Ospea hartu dute Gibraltar itsasarteko orkek: belaontzien lemak jo, eta bakanen bat hondoratu egin dute. Hainbat hipotesi dute ikerlariek, Diezen arabera: jakin-mina izan daiteke motibazioetako bat.

(ID_13418958) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2023-12-11, Bilbo. Irati Diez Virto, biologoa
Irati Diez Virto biologoa, Bilboko Indautxu plazan, joan den asteko astelehenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2020tik, Gibraltar itsasarteko orkek jokaera ezohikoa dute: belaontzien lemak jo izan dituzte, eta barkuren bat hondoratu ere bai. Aurtengo udan oihartzun handia izan dute interakziook, baina, izatez, bederatzi kideko talde baten kontua da, eta horietako bik baino ez dituzte ontziak jo: matriarkek, Irati Diez Virto biologoak azaldu duenez (Segura, Gipuzkoa, 1998). Orkez mintzatu zen Diez hilaren hasieran, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Bilbon antolatutako Bertsozientzia jardunaldian, Adimen artifiziala, bai zera... orken iraultza dator! hitzaldian.

Orken iraultza gertatzen ari da?

Hitzaldiari izenburu sentsazionalista samarra jarri nion, ematen baitu hedabideek beldurra piztu nahi dutela, behintzat lerroburuei begiratuta. Ez du ez hanka, ez buru.

Zer gertatu da, beraz?

Ikerlariek ere ez dakite oso ondo azaltzen zergatik aldatu duten jokaera. Hipotesietako bat da orketako batek gertaera traumatiko bat izan zuela itsasontzi batekin; beste bat, jakin-mina izan daitekeela, edo barkuek estresa eragiten dietela, ez zaizkielako gustatzen, ez dituztelako ulertzen... Baina ez du ematen gizakien kontrakoa denik, gizakiei ez baitiete ezer egin.

Gizakiaz besteko animaliek badute mendekurako ahalmenik?

Irakurri izan dut inoiz elefanteek badutela. Memoria oso ona dute: zirku batean zegoen elefante bati tratu txarrak egiten zizkioten irakasten ziotenean; askatu zutenean, akordatzen omen zen gaizki egin zion pertsonaz.

Orkek zer memoria gaitasun dute?

Badakigu oso argiak direla, egitura sozial konplexua dutela, eta elkarri irakasten diotela. Hizkuntza bat daukate, eta aldatu egiten da orka populazio batetik bestera; dialekto modukoak dituzte. Ehizatzen irakasteko ere, populazio bakoitzak bere teknikak ditu, eta belaunaldiz belaunaldi erakusten dituzte; beraz, esan daiteke kultura dutela. Krudel fama dute, oso ehiztari onak direlako: foka bat topatzen badute izotz xafla baten gainean, gai dira olatuak sortu eta foka uretara botatzeko. Uste dut argitasun horrengatik ematen dutela beldurra.

Oldarkorrak dira gizakiekin?

Ez. Ez da inoiz erregistratu orka basati batek gizakirik hil duenik. Akuarioetan gertatu izan da, baina ezin da konparatu: erabat estresatuta daude.

Gibraltarko orken artean transmisio bat egon da?

Iberiar penintsulan gertatu da bakarrik, baina ez da ikusi irakasten ari direnik. Bi matriarkek dute jarrera hori, eta besteak haiekin egoten dira talkak gertatzen direnean, baina ez dute parte hartzen.

Nola irakasten dute orkek?

Hizkuntza dute: elkarrekin komunikatzen dira bokalizazio bidez. Eta kontaktu asko duten animaliak dira. Elkar ikusiz ere ikasten dute.

Ospea hartu dute belaontziekin edukitako hartu-emanek. Beste batzuekin ere izaten dituzte?

Arrantzaleekin. Iberiar penintsulako orkak hegalaburraz elikatzen dira gehienbat. Hegalaburrek Mediterraneotik Atlantikora migratzen dute, eta Gibraltarren oso intentsiboa da hegalaburren arrantza. Orkek ikasi dute jada pitan helduta dauden hegalaburrak harrapatzen; haientzat errazagoa da. Baina batzuetan harrapatuta geratzen dira sareetan, pitetan...

Itsasoko animaliak oro har estresatuta daude?

Bai. Orain dela urte asko, itsasoan ontzi gutxi batzuk baino ez ziren sartzen. Orain, bete-beteta dago: arrantza itsasontziak daude, garraioko itsasontzi erraldoi horiek... Itsas trafikoa ikaragarria da. Horrek talkarako arriskua sortzen du; oso dokumentatuta dago zetazeoen kasuan. Gainera, arrantzak estresa eragiten die, bai sareetan erortzen direlako, bai elikagairik gabe geratzen direlako; kutsadura akustikoak ere kalte egiten die: sonarrak erabiltzen dira arrantzan oztopoak saihesteko, baina zetazeoak ere sonar bidez komunikatzen dira; beraz, denbora guztian interferentziak dituzte beren komunikazioetan, eta ikusi da ezin direla ondo komunikatu.

lotsabako

Animalia basatiei beldurra eduki behar zaie?
Ulertu behar da basatiak direla. Txintxoa gizakien adjektibo bat da. Orka harraparia da, hori du izaera: fokak jaten ditu, balekumeak...

Ikertzeko animalia bat?
Betidanik sortu didate interesa zetazeoek, orokorrean. Baina asko jotzen dugu animalia jakin batzuk aukeratzera, ikusgarriagoak direlako. Animalia abisalak, zooplanktona... askoz gutxiago ikertu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.