Zinema kritikaria

Leonardo Garcia Tsao: «Ez da koipea emateagatik, baina Donostiako Zinemaldia da nire jaialdirik kutunena»

Badira 51 urte Leonardo Garcia Tsao zinema kritikak idazten hasi zela. Irratian eta telebistan ere aritua da, eta zenbait zinemagileren gaineko liburuak idatzi ditu. 1981. urtean etorri zen lehen aldiz Donostiako Zinemaldira.

Leonardo Garcia Tsao zinema kritikaria, astelehenean, Donostiako Parte Zaharrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Leonardo Garcia Tsao zinema kritikaria, astelehenean, Donostiako Parte Zaharrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zinemaz idazten eta ikertzen bost hamarkada luze egin ditu Leonardo Garcia Tsaok (Mexiko Hiria, 1954). Nazioarteko zinema jaialdi garrantzitsuenetan aritu da kritikak idazten. Pelikula baten eta beste baten artean, Bulebarreko banku batean eseri da bere ibilbideaz solastatzera.

Zerk bultzatu zintuen kazetaritza ikastera?

Nire bokazioa oso pobrea izan zen. Zinema oso gogoko nuen orduan ere, baina niri zinema ikustea gustatzen zait; eta ez egitea. Mexikoko UNAM unibertsitateko aukerak esku artean izan nituenean, bestalde, soziologia eta kazetaritza zeudela ikusi nuen, baina soziologian matematikak zeuden, eta ez nuen halakorik nahi [barreak].

Nola irentsi zintuen zinemak?

Kazetaritzako karreran, bigarren mailako ikasgai batzuk zinemari lotuak zeuden, eta horrek erakarri egin ninduen.

Noiz hasi zinen zinema kritikak idazten?

1977. urtean. 1970eko hamarkadan zinemaz idazten ari zirenen artean eragin handia izan zuten 36ko gerratik ihesi joan ziren erbesteratu batzuen zinema kritikek. Oso tentuz erreparatzen nien, oso onak ziren: Cahiers du cinéma aldizkarian autore zinemaren teoriari jarraitzen zioten. Haiekin kateatu nintzen. Eta neronek ere autorearen teoriak eraginda ekin nion kritikak idazteari, zinemagileei bideratuta. Emilio Garcia Rieraren laguna egin nintzen, gainera.

«36ko gerratik Mexikon erbesteratu ziren kritikari espainiar batzuei tentuz erreparatzen nien. Emilio Garcia Riera nire mentorea izan zen. 'Uno más uno' egunkarian lanean hasi zenean, gazte batzuek ere han ekin genion zinema kritikak idazteari»

Nor zen Garcia Riera?

Eivissako zinema aditu bat zen, 36ko gerran Mexikora erbesteratu zena. Mexikoko zinemaren historia dokumentatzeko lanak hartu zituen. Nire mentorea izan zen. Uno más uno egunkarian lanean hasi zenean, gazte batzuek ere han zinema kritikak idazteari ekin genion. 23 urte besterik ez nuen.

Nola hasi zinen nazioarteko zinema jaialdien berri ematen?

Berlingoa izan nuen lehena, 1980. urtean. Mexikoko Zafra banatzaile independenteak bere langile batzuk bidaltzen zituen Berlinera urtero, eta esan zidaten urte hartan ez zutela bidaltzeko inor, eta ea gonbidapena baliatu nahi nuen. Berehala esan nien baietz. Zafraren izenean joan nintzen, eta Uno más uno egunkarirako idatzi nuen.

Ez zen gaur egungo Berlin…

Ez, ba. Berlingo Harresia zutik zen. Jaialdi oso berezia zen, ezaugarri soziopolitiko haiengatik. Esperientzia niretzat zoragarria izan zen. Handik hamar urtera, Cannesera joaten hasi nintzen.

Eta Donostiara nola etorri zinen aurrenekoz?

1981ean. Imágenes izeneko aldizkari bat genuen batzuen artean, eta gonbidapen bat jaso genuen.

Donostiako Zinemaldia desberdina izango zen orduan, ezta?

Lehia handirik ez zen. Beste jaialdi batzuetan estreinatu zituzten filmak ekartzen zituzten, baina bestelakorik ez ia.

Turista gutxiago ere bai.

Bai, bai, turista gutxiago, ziurtatzen dizut. Baina gozatu nuen, eta hainbatetan itzuli nintzen gero.

Zenbatetan?

Kontua galdua daukat. Diego Galan laguna nuen, eta 1987an Donostiako Zinemaldiko Mexikoko ordezkari kargua eskaini zidan. Horretan jardun nuen, Mikel Olaziregi 2001ean zuzendari izendatu zuten arte. Ondotik, bolada batean ez nintzen etorri. Baina 2021ean hasi nintzen berriro etortzen, eta azken bost urteetan ez dut huts egin.

Jose Luis Rebordinos zuzendari izan den aroaz zer esango zenuke?

Haren lantaldeak oso administrazio ona egin duela nabarmenduko nuke. Gauzak oso ondo egiten dituzte. Oraintxe, soilik nazioarteko bi jaialdiren berri baino ez dut ematen: Cannes eta Donostia. Mexikoko, Moreliako eta Guadalajarako jaialdien berri ematen dut.

Jaialdi handien artetik bat aukeratu beharko bazenu?

Ez da koipea emateagatik, baina Donostiako Zinemaldia da nire jaialdirik kutunena.

Jaialdi batean gertatu zaizun gauzarik makurrena zein izan da?

1987. urtean izan zen. Berlinen izotza zapaldu, irristatu, eta hanka puskatu nuen. Bi aste ospitalean pasatu behar izan nituen.

Zinema ikerlari gisa, zein izan dira idatzi dituzun liburuen artean zuretzat berezienak?

Sam Peckinpah zinemagilearena oso kutuna dut. Eta bada Mexikoko zinemagile batena; hain justu, haren lanen edizio osoa argitaratuko dut aurten. 1994. urtean lehen liburua atera nuen, eta orduz geroztik beste bost film egin ditu.

Norena, ba?

Felipe Casalsena. Mexikoko 1970ko hamarkadako zinemaren autore handietako bat da. Zinema oso bortitza egiten du, konpromiso politiko handikoa. Indartsua da.

Gaur egun balioa ematen al zaio kritika zinematografikoari komunikazioaren munduan?

Ez. Tiktokerrek eta influencer-ek irabazi dute. Erraza eta azalekoa denak irabazi du. Horrek guztiak bereganatzen du hedabideen arreta. Tristea da, kritikak influencer-enak ez duen asmo bat badu eta.

Zer osagai izan behar ditu kritika batek irakurlearentzat zentzua izan dezan?

Irakurleari zeozer esnarazten dion zerbait analizatzea. Irakurleak gure kritikaren bitartez deskubritzea pelikulan bazela berak sumatu ez duen zerbait. Gu interprete moduko batzuk gara: irakurleentzat interesekoak izan daitezkeen kontuak azaleratzen ditugu.

Zer hitz ez da erabili behar kritika batean?

Ez erabili ikoniko hitza, mesedez.

1984. urtetik ari zara La Jornada egunkarian zinemaz idazten. Paperezko egunkarien irakurle kopuruek beherantz egin dute nabarmen. Zer esango zenuke egoera horretaz?

La Jornada-k ezaugarri berezi bat du: Mexikoko egunkari handien artean, ezkerreko ideologia duen bakarra da. Gainontzekoak eskuindarrak dira. Orain gobernua ezkertiarra denez, gobernuak babesa ematen dio, eta lagungarria da hori. Irakurle fidel batzuk ditut; haietako batzuek X sare sozialetik idazten didate.

Irratian eta telebistan ere ibili izan zara.

Radio Red irratian Cine para escuchar saioan [Entzuteko zinema] egon nintzen sei urtez, eta elkarrizketak egiten genituen. UNAM unibertsitateko telebistan, zinema latinoamerikanoari buruzko saio bat egiten ari gara azkeneko urteetan. Gogokoa dut hori ere.

Zinemak ba al du etorkizunik?

Bai, zalantzarik gabe. Zinema ez da sekula hilko. Zinemak beharrezko premia bat betetzen du, ariketa komunitario gisa. Jendeak areto batean elkartu behar du film bat ikusteko.

Mexikoko kazetarientzat segurtasun arazo asko daude.

Bai, kazetari asko hil dituzte. Ezin da narkoen inguruko artikulu bat idatzi bizitza arriskuan jarri gabe. Ni, dena dela, soilik zinemaz idazten aritzen naiz. Horretara mugatzen naiz.

Datorren urtean 75. Donostiako Zinemaldia ospatuko da, Maialen Belokiren zuzendaritzapean. Etorriko al zara?

Hala espero dut. Ez ditut luzarorako planak egiten, baina nire esperantza baiezkoan da.

LOTSABAKO

Mexikoko zinemaren historiako filmik onena? Felipe Casals zuzendariaren Canoa. 

Donostian ikusi duzun pelikularik onena? Andrzej Zulawskiren Possesión. Viktoria Eugenian ikusi nuen.

Inoizko aktorerik onena? Robert Mitchum; Donostia saria jasotzen ikusi nuen, eta txaloka hasi nintzaion berehala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA