Jazzfera egitasmoaren sortzaileak

Beñat de Barron eta Xabier Cuesta: «Ez da zertan aditua izan Jazzferan jotzeko»

Jazz musikari gazteei aukerak emateko sortu dute Jazzfera. De Barronen eta Cuestaren ustez, jazz eskaintza udako jaialdietan kontzentratzen da nagusiki, eta apala izaten da gainontzeko hilabeteetan.

Beñat de Barron eta Xabier Cuesta, ostegunean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Beñat de Barron eta Xabier Cuesta, ostegunean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jazzak ere baditu zale gazteak, baina zale gazteek ez dituzte aukera asko jazza zuzenean entzuteko. Hori nabari dute, bederen, Beñat de Barron, Xabier Cuesta, Angela Duñabeitia eta Cristina Albajar lagunek. Jazz eskaintza ugaritzeko eta gazteengana hurbiltzeko asmoz, Jazzfera egitasmoa sortu dute: etzi, inprobisazio saio bat egingo dute Bilboko Zorrotzaurre auzoko Terminal aretoan, eta asmoa da hilabetero emanaldi bat eskaintzea. Parisko Caveau de la Huchette aretoa izan da haien inspirazio iturri nagusia, De Barronek (Bilbo, 2005) eta Cuestak (Bilbo, 2006) zehaztu dutenez: nahieran mugitzeko giro bat sortu nahi dute, zehazki.

Nola zaletu zineten jazzarekin?

XABIER CUESTA: Gurasoen bidez, batez ere. Gero, kulturaren bitartez, lagunen ondorioz… entzunez joan nintzen, gero eta gehiago egokitzen, eta estilo gehiago aditzen.

BEÑAT DE BARRON: Ni, pelikula zaharren eskutik. Egunero entzuten hasi nintzen, arratsaldez paseatzen ateratzen nintzenean; interesatzen hasi zitzaidan, baina ikusi nuen ez zegoela eskaintza handirik hemen inguruan, eta hirian zerbait antolatzea pentsatu genuen.

Non programatzen da jazza? Zer aukera dituzue?

CUESTA: Aukerak badaude. Bilboko The Artist hotelean, Guggenheim museoaren ondoan dagoen horretan, doako jazz kontzertuak antolatzen dituzte jatetxean, hilean behin. Eta Jazzon aretoan ere kontzertuak egiten dituzte lantzean behin.

DE BARRON: Eta jaialdiak ere badaude: Donostiako Jazzaldia, Getxojazz [Bizkaia]... Baina udan izaten dira. Eskaintza bi-hiru astetan konprimitzen da, eta urtean zehar ez da gauza askorik egoten.

Jazzferaren helburuetako bat eskaintza udatik kanpo eramatea da, ezta?

DE BARRON: Bai. Eta ez dugu nahi hain formala izan dadin. Jazzon aretoko kontzertuetan, adibidez, aulki batean jesartzen zara, eta artistei entzuten diezu. Jazzferak lotura handiagoa dauka jazza lagunekin partekatzearekin: emanaldietan hitz egin dezakezu, edo dantzatu... Ez da diskoteka bat, baina ohiko jazz kontzertu bat baino informalagoa da.

«Musikariekin eta ezagunekin hitz egin genuenean, esan ziguten hemen oso ondo funtzionatzen dutela 'jam session'-ek, eta aurreneko saiorako ondo egon zitekeela»

XABIER CUESTA Jazzferaren sortzailea
Hori dela-eta antolatu duzue jam session bat? Formatu informalagoa delako?

CUESTA: Hasieran, kontzertu bat egitea genuen buruan. Baina musikariekin eta ezagunekin hitz egin genuenean, esan ziguten hemen oso ondo funtzionatzen dutela jam session saioek, eta aurreneko saiorako ondo egon zitekeela. Baina ez dugu formatu horretara mugatu nahi.

DE BARRON: Hartu-eman handiagoa sortzen da halako saioetan, entzuleak agertokira igo daitezke jotzera. Norbere burua ezagutzera emateko, ohiko kontzertu bat baino hobea da.

Jazza genero esperimentalagoekin konbinatuko duzue, halaber: jam session saioaren ostean, DJ emanaldi bat izango da. Nola moldatzen da jazza esperimentazioarekin?

CUESTA: Ondo moldatzen da. Azkenaldian, artista asko ari dira jazza house musikarekin fusionatzen, edo funkarekin... jazza publiko gazteago bati helarazteko.

DE BARRON: Azken finean, jazzaren oinarria inprobisazioa da, irudimena... Beste genero batzuekin nahasteak balioa ematen dio.

Saioan parte hartuko duten musikariak ere gazteak dira. Haien parte hartzea ere sustatu nahi duzue?

CUESTA: Hori ere bai. Kontratatu ditugun musikariek 18 eta 20 urte bitartean dituzte. Musika eskoletan ere ezagutarazten ari gara Jazzfera, batik bat ikasle gazteak animatu daitezen, edo esperientziarik gabeko jendea; ez dute zertan adituak izan agertokira igotzeko eta jotzeko.

DE BARRON: Izan ere, jazz musika entzuteko eskaintza faltaz aparte, aukerarik ere ez dago jazz musikari gazteek jo dezaten. Kontserbatoriotik ateratzear daude, eta haien etxean baino ez dute jotzen. Bi arazoak uztartu egiten dira.

«Azken finean, jazzaren oinarria inprobisazioa da, irudimena... Beste genero batzuekin nahasteak balioa ematen dio»

BEÑAT DE BARRON Jazzferaren sortzailea
Lau lagunek abiatu duzue proiektua. Musikaren bidez ezagutu zenuten elkar?

CUESTA: Ez. LEINN karreran ezagutu ginen elkar [Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza]. Gure lagun Angelak [Duñabeitia] proposatu zuen ideia, eta gustatu zitzaigun. Bezeroak lortuz joan gara, lokala, musikariak...

Nola antolatu duzue lehen jam session saioa?

CUESTA: Musikari batzuk kontratatu ditugu musika entzun dadin etenik gabe. Beraz, talde batek joko du, baina edonor batu ahalko da, hala bere musika tresnekin, nola ahotsarekin.

DE BARRON: Ez dugu nahi zerbait oso itxia izan dadin, zerrenda zurrun batekin. Ez dugu nahi zerbait hain serioa.

Zer duzue buruan hurrengo saioetarako?

CUESTA: Jazzean zentratzen segituko dugu, baina, agian, kontzertuak eginez, edo, jam session-ekin jarraitzen badugu, beste jende mota bat sartuta.

DE BARRON: Lokalez ere aldatzea gustatuko litzaiguke, hotelen batean egitea, taberna batean... Ez dugu leku bakarrean errotu nahi, baizik eta Bilbon mugitu; eta, ahal bada, baita Bizkaian ere. Eta harremanetan jarri nahiko genuke jazz promotoreekin, festibalekin, jo nahi duen jendearekin... Jazzaren munduan toki bat egin nahiko genuke.

lotsabako

Jazz musikari bat?
DE BARRON: Berlioz. Jazz esperimentalagoa egiten du, house eta bestelako estiloak nahastuta.
CUESTA: Chet Baker eta John Coltrane.

Jaialdi bat?
DE BARRON: Donostiako Jazzaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.