Ez dadin zirkuaren magia eten

Gure Zirkuak maiatzaren 3an hasiko du bigarren denboraldia, Oiartzunen. Sei hilabeteko bira egingo du. Bisitatu ez dituzten herri batzuetara joaten saiatuko direla esan dute

Gure Zirkuko kideak entseatzen, atzo, Oiartzunen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Honek jarraitu egin behar duelako»: Iker Galartza Gure Zirkuaren sortzaileak argi eta garbi adierazi du zergatik erabaki duen bigarren denboraldia martxan jartzea. Haren hitzetan, iazko bira uste zuten baino hobea izan zen, eta ez zaio arrazoirik falta: izan ere, euskal karpa ibiltariak 97 emanaldi egin zituen, lau hilabetez, eta 25.000 ikus-entzuletik gora elkartu ziren karpa gorri-horiaren babesean. Iazko arrakasta ikusirik, bira luzatzea erabaki dute artistek: aurtengoa sei hilabetekoa izango da. Oiartzunen (Gipuzkoa) hasiko da denboraldi berria, maiatzaren 3an, eta 11 emanaldi egingo dituzte han.

Zirkuak izan duen harrera onaz gain, Galartzak azpimarratu du «zirkuko familiarentzat» ere oso aberasgarria izan dela esperientzia: «Emanaldia ikusleen gustukoa da, eta guk ere asko ikasi dugu». Azaldu du aurreko denboraldian identifikatutako gabeziak eta okerrak zuzenduta sortu dutela denboraldi berriko saioa: «Ikusi genuen gauza asko genituela zuzentzeko aurrera begira: muntatzea, programazioa, bidaiak, ordutegiak... horrek guztiak ikasteko balio izan digu. Proiektua berria zen, eta inprobisatzen aritu gara. Gauza horiek kontuan izanda eta azterketa txiki bat eginda, ikusi dugu zer den egiatan egin nahi duguna eta egin behar duguna».

Euskal Herriko lehen karpa ibiltaria izan da Gure Zirkua, eta Galartzak uste du herritarrei afizioa sortzeko aukera eman diela. Zirkuaren munduarentzat ere ondorio positiboak izan dituela iritzi dio: «Jendeak txikitako oroitzapen txarrak ditu zirkuaren inguruan, baina erakutsi dugu uztartu daitekeen zerbait dela, eta hemendik kanpoko zenbait herrialdetan bizi-bizirik baldin badago gurean ere posible dela. Jakin-minez bildu dira asko eta asko, eta gustatu zaie; uste dut hori oso ona dela gainontzeko zirkuentzat ere». Gaineratu du Gure Zirkuak «oihartzuna» izan duela, eta azkenaldian beste zirku batzuk daudela Euskal Herrian: «Uste dut lau edo bost zirku inguru dabiltzala Euskal Herrian zehar orain, entzun dutelako zirkurako afizio handia dagoela hemen, eta iaz izan zela zirku bat lana oso ongi egin zuena. Hori oso positiboa da: jendeak zirku diferenteak ikustea, alegia».

Iazko denboraldian, Gure Zirkuak hamabi herri bisitatu zituen, eta proiektuaren sortzaileak dio aurten beste leku batzuetara ailegatu nahi dutela: «Zirkua bera abentura da, eta abenturarekin jarraitu nahi dugu denboraldi berri honetan; oinak lurrean, beste leku batzuetara iritsi nahi dugu: Arabara joango gara, Nafarroako beste txoko batzuetara; Iruñera ere joan nahiko genuke, Ipar Euskal Herrira, Baztanera...». Iaz, Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian eskaini zituzten emanaldiak, eta horregatik joan nahi dute, bereziki, Arabara eta Ipar Euskal Herrira: «Iparraldekoekin hizketan ari gara dagoeneko, eta datorren astean goaz hara, lekua karpa muntatzeko aproposa den ikustera, eta abar. Baina, horretarako, tramiteak egin behar dira, paperak, eta ez da hain erraza. Halere, leku horietara joan nahi dugu, eta ahalik eta leku gehienetara iritsi».

Bira luzeagoa izango da, eta ikusle gehiago izango ditu ikuskizunak. Kontuan hartuta iaz lagun asko emanaldia ikusi gabe gelditu zirela, Galartzak adierazi du zenbait aldaketa egingo dituztela: «Aurten saiatuko gara, ahal dugun neurrian, herri bateko emanaldia konfirmatu orduko jendeari jakinarazten, kolpetik izan ez dadin. Horrela, jendeak denbora izango du antolatzeko». Emanaldien berri lehenago emateaz gain, herri bakoitzean egun gehiago igaroko dituzte: «Iaz, hamar egun inguru igaro genituen herri bakoitzean, eta oraingo honetan hamalau eta hamasei egun artean igarotzea pentsatu dugu, emanaldi gehiago eskaini ahal izateko, eta inor gutxi gelditu dadin sarrerarik gabe».

Esfortzuak ematen du saria

Aitzindari izan da Gure Zirkua Euskal Herrian, baina jaso duen babesa ikusi baino lehen proiektua apustu handia izan zela aitortu du Galartzak: «Niri indarra eta ilusioa eman dizkit zirkuak. Hainbeste zalantzarekin gastatutako dirua... Amets hori betetzeko, dirua gastatu egin behar da». Asko eskertu du familiak, lagunek, gurasoek eta seme-alabek eman dioten babesa: «Haiek konfiantza izan dute nigan, zehaztasunez jakin gabe zer egin nahi nuen. Aurrera egiteko esaten zidaten, indartu egin ninduten». Zerbaiten alde apustu egitea eta horrek fruitua ematea «pozez» bete duela dio artistak: «Ikustea posible dela talde bat osatzea, soldatak lortzea, eta lagundu dizutenei erakustea zer lortu duzun: horrek ematen du pozik handiena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.