Lau hektarea lur atzeman zituen Mattin Etxeberriak (Jatsu, Nafarroa Beherea, 1989) mahastiak landatzeko. Baigorrin (Nafarroa Beherea) instalatu zen 2020an; aski fite Irulegiko Sotoko kooperatibakide egin zen, eta joan den abenduan izendatu zuten kooperatibako lehendakari. Duela 70 urte sortu kooperatibak orotara 27 kide ditu egun, eta laurehun tona mahats ekoizten ditu. Denborarekin «kalitatezko» arnoa egitea lortu dute, eta heldu diren urteetako erronken artean salmentak segurtatzeko xedea dute, baita klima aldaketak mahastietan eragin ondorioak aztertzea eta haiei aurre egitea ere. Baina, berriki, mahastizainen soldata orekatzeko neurria plantan eman dute.
Sistema berri bat martxan eman duzue mahastizainen hilabete saria orekatuagoa izan dadin.
Denen artean eraman dugun lana da. Etxalde bakoitzeko ekoizpena aldatzen da urte batetik bestera, eta nolazpait etxalde bakoitzean guti gorabehera soldata orekatua izateko sistema plantan eman dugu. Ideia zen gure paga sistema egiten dugun lanaren araberakoa izatea, eta ez ekoizten dugun mahats kopuruaren araberakoa. Etxalde batek urte txarra izan bazuen ekoizpenaren aldetik, adibidez, segidan zetorren urtea berriz ontsa hasteko zailtasunak zituen. Orain, nahiz sasoi txarra ukan, ez luke lehen bezalako zailtasunik izan behar urtea hasteko.
Zenbat denbora hartu du prozesuak?
Sotoa duela 70 urte sortu zen, eta mahastizainak pagatzeko sistemak guziz aldatu dira hamar edo hamabost urtean. Garai batez, helburua zen ekoizpena jaistea arnoaren kalitatea hobetzeko. Ondotik, kalitatearen ekoizpena hobeki kudeatzen ikasi genuen. Egun, aldiz, gure erronka da ekonomikoki segurtatzea berriz partitzen ahal garela nahiz eta etxaldeak urte txarra izan. Sistema berria martxan emateko, hilabetean behin bildu gara, eta guhauren buruetan aldaketa franko egin behar izan genituen lehen-lehenik. Paga sistema jakin bati usatua zarelarik, zaila da, aldaketak beti beldurtzen baikaitu. Sistema berriaren alde onei eta txarrei erreparatuz, uste dut lortu dugula sotoko mahastizain guzientzat sistema koherentea eta justua plantan ematea.
«Etxalde batek urte txarra izan bazuen ekoizpenaren aldetik, adibidez, segidan zetorren urtea berriz ontsa hasteko zailtasunak zituen. Orain, nahiz sasoi txarra ukan, ez luke lehen bezalako zailtasunik izan behar urtea hasteko»
Erran dezakezu prozesuaren alderik interesgarriena talde lana izan dela?
Aniztasun handia dugu Irulegiko sotoan: mahastizain gazteak, zaharrak, etxalde ttipiak eta handiak ditugu. Etxaldeak modu konbentzionalean edo biologikoan ari dira, eta horrek ikuspuntu desberdinak ekartzen dizkigu, baina ez digu arrastarik eman elkarrekin pentsatzeko eta erabakiak denentzat hartzeko.
Erronkei begira jarriz orain, klima aldaketaren eraginei egokitzeko lanak dituzue.
Bi gauza ikusten ditugu. Muturreko gertakari gehiago izaten dira, hala nola tenpestak, eta horren kontra ezin dugu deus egin. Bertzalde, tenperatura orokorra igaten ari denez, mildiu gaitza errazkiago zabaltzen da; batez ere, primadera hezea eta beroa delarik. Udan, berriz, idorteak eta bero kolpeek eragiten duten ondorioei aurre egin behar zaie.
Azken urteetan teknika batzuk garatu dira fenomeno berriei egokitzeko?
Teknika batzuk garatzen dira. Jendeak entseatzen ditu hainbat gauza etxaldeetan, nahiz eta ez dakiten eraginkorrak izanen diren. Niri iruditzen zait lehen genituen segurtasun batzuk ez direla gehiago existitzen. Gauzak aldatu dira: ez dakigu gehiago lurrak zer maneratan landu, ezta noiz landu behar ditugun ere. Gure egiteko manera, lehen ez bezala, orain urte batetik bestera alda daiteke, eta horrek milaka galdera sortzen dizkigu. Zalantzan ematen ditugu gure ohiturak.
LOTSABAKO
Zer lortu nahi duzue heldu den hilabeteei edo urteei begira?
Zergatik lekuko arnoa kontsumitu?Lekukoa kontsumitzen jakin behar da herriaren parte izateko eta herria biziarazteko.
Ekoizpena segurtatu eta salmentak sendotu nahi ditugu.