Jostuna

Maria Pilar Bautista: «Ez dakit norengandik ikasi genuen, baina oso aldarrikatzaileak izan gara»

14 urte zituenetik jostun lan egin du Bautistak. Gabardinak egiten hasi zen, eta horrek Pedro Rodriguez moda diseinatzailearen Donostiako tailerrera eraman zuen. Lanbide «sakrifikatua» dela nabarmendu du.

Maria Pilar Bautista. JON URBE / FOKU
Maria Pilar Bautista. JON URBE / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Errenteria
2026ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe bakoitzak bere xarma du, eta atetik sartu bezain pronto nabari da noren etxea den. Horixe bera gertatzen da Maria Pilar Bautistaren (Errenteria, Gipuzkoa, 1948) etxearekin ere. Eskuz jositako oihalak han eta hemen: gortinak, kuxinen eta edredoien zorroak... Baina badu bereziki pieza kuttun bat: baserritar jantzi bat. Bere logelan dauka, eta maniki batek dauka soinean. Bautistak berak josi du pieza bakoitza, eta aipamen berezia egin dio jakari; izan ere, aspalditik jantzi gabe zuen beroki bat hartu, eta eraldatuta osatu du. 14 urterekin hasi zen josten, lehendik inoiz orratz bat ukitu ere egin gabe zuela. Hamabost urte igaro zituen Pedro Rodriguez moda diseinatzailearen Donostiako tailerrean, eta, hura itxi ostean, joskintzan bidea egiten jarraitu du.

14 urte besterik ez zenuela hasi zinen lanean. Nolatan?

Amak bi aukera proposatu zizkidan: «Zure gustuko lana bilatu, edo bulegari sartu». Ikastetxetik 50 metrora gabardinak egiten zituen enpresa bat zegoen, eta bertan lan egiteko izena eman genuen lagun batek eta biok. Hartu egin gintuzten, eta bertan igaro nuen urtebete.

Eta handik nola joan zinen Pedro Rodriguezen tailerrera?

Jendea behar zutelako zurrumurrua iritsi zitzaigun, eta erabaki nuen lan eskaintzara aurkeztea. Hartu egin ninduten, eta hala hasi nintzen, 15 urterekin, jostun gisa Rodriguezen Donostiako tailerrean.

Ordura arte inoiz josi al zenuen?

Inoiz ez. Tailerrean bertan ikasi nuen. Gabardinen enpresan josteko makinarekin egiten genuen dena, eta Rodriguezenean, aldiz, eskuz. Gauza oso zehatzak soilik josten genituen makinarekin. Ni ofiziala nintzen; beraz, bi laguntzaile nituen une oro nire alboan. Oso gaztea nintzen, ezagutzarik gabekoa, gainera, eta tailerreko langileak ni baino helduagoak ziren.

Nola funtzionatzen zuen tailerrak?

Begira: berrogei langile ginen, bat kenduta beste guztiak emakumeak, eta bildumak bi denboralditan banatzen ziren: udaberria-udara eta udazkena-negua. Diseinatzailea bera urtean bi aldiz besterik ez zen etortzen gurera. Bartzelonan eta Madrilen zituen beste bi tailer, baina jaioterrian igarotzen zuen urtea. Modeloak, berriz, denboraldi bakoitzean bi aldiz etortzen ziren.

Zeintzuk ziren bezeroak?

Kondeak eta markesak. Azken finean, aristokraziak osatzen zuen enpresa. Donostiako izen ezagunak ziren gure ohiko bezeroak, baina Bizkaikoak ere mordoa genituen. Denboraldiko bilduma egina genuenean, esaterako, Bilboko Carlton hotelera eramaten zituzten jantziak, hango familia aberatsei erakusteko.

Bautista, lantegian, eskubitik hasita lehenengoa. BAUTISTAK UTZITAKOA
Bautista, lantegian, eskuinetik hasita lehenengoa. BAUTISTAK UTZITAKOA
Lan baldintza onak zenituzten?

Oso onak; ni 14 urterekin jada kotizatzen ari nintzen. Egunean zortzi ordu lan egiten genuen, asegurua genuen, bai eta gure opor egunak eta ordainsariak ere. Hori bai, kobratzen genuena minimoa zen, miseria bat. Alde genuen gauza bakarra zen gure arropa guk geuk egiten genuela, besterik ez.

Lanetik ateratakoan zer egiten zenuen?

Asteko arratsaldeak bitan banatzen ziren: alde batetik, Errenteriako Andra Mari abesbatzan abesten nuen; beraz, astelehen eta asteazken arratsaldeak han igarotzen nituen. Bestetik, gainontzeko egunetan etxean egoten nintzen, etxekoentzako arropa josten.

«Alde genuen gauza bakarra zen gure arropa guk geuk egiten genuela, besterik ez»

Ondo uztartzen zenituen lana eta abesbatza?

Josten eta abesten igaro ditut urteak: hori izan da nire egitekoa. Abesbatzarekin asko gozatzen nuen, baina uztea erabaki nuen, gertakari baten ostean. Kontzertuak ematera joateko baimena eskatu behar izaten nuen lanean; beraz, gerentearekin adosten nuen opor egunak erabiliko nituela horretarako. 1969an, Torrevellara joan nintzen abesbatzarekin, lehiaketa batera, eta irabazi zitezkeen sari guztiak irabazi genituen; saria zen RTVEn emanaldi bat grabatzea. Kontua da anginekin egon nintzela grabaketa baino egun batzuk lehenago. Medikuarengana joan nintzen, eta hark gaixo agiria eman zidan. 

Beraz, ezin kantatu...

Hori da medikuak esan zidana. Abesbatzako kideek, baina, ni grabaketara joan nendin nahi zuten. Esaten zidaten haiek jarriko zizkidatela injekzioak, ez kezkatzeko. Beraz, Madrilera joatea erabaki nuen, programa hori grabatzera. Baina zer gertatu zen? Bada, kamerak ni enfokatu ninduela, une oro, lehen planoan, gainera. Beraz, ezkutatu nahi banuen, jai nuen. Handik astebetera eman zuten telebistan, eta, orduan kate bakarra zegoenez, banekien jende guztiak ikusiko ninduela.

Lankideek ere ikusiko zintuzten orduan, ezta?

Noski, eta orduan etorri ziren arazoak. Hurrengo egunean tailerrera joan nintzen, eta guztiak enteratu ziren. Zigortuta, etxera bidali ninduen gerenteak. Horrez gain, opor egunak kendu zizkidan, eta udara guztia josten pasatu nuen. Gogoan izan abestera ez nintzela baimenarekin joan, gaixo agiriarekin baizik. Jaso nuen zigorra justua izan zela esan beharra daukat.

Bautista, zutik, ezkerretik hasita hirugarrena. BAUTISTAK UTZITAKOA
Bautista, zutik, ezkerretik hasita hirugarrena. BAUTISTAK UTZITAKOA
Giro ona zenuten lantokian?

Oso ona. Kontu-kontari pasatzen genuen eguna. Baina gehiegi hitz egiten genuela esaten ziguten, eta, isilik egon gintezen, musika jartzen ziguten.

1978an itxi zuten Rodriguezen Donostiako tailerra. Zergatik?

Salmentak asko apaldu ziren, eta trantsizio garai bete-betean geunden. Jendea ez zen ausartzen goi mailako joskintzako arropa janztera; ekitaldi berezietarako soilik janzten ziren.

30 urte besterik ez zenuela, langabezian gelditu zinen. Zer egin zenuen?

Sindikatuetara jo genuen langileok. Gu babestu gintzaten nahi genuen, eta lan egin genuen guztiarengatik gure eskubideak lortu nahi genituen. Zoritxarrez, ezin izan genion ezer lortu Rodriguezen aldetik.

Zer irtenbide topatu zenuten?

Esan genuen: «Etxe honetatik ez da ezer irtengo. Gurea da». Eta ez genion utzi inori pasatzen. Bertan zegoen material gehiena salgai jarri genuen, eta bezeroei ere deitu genien, jantziak eraman nahi zituzten galdetzeko. Behin gehiena salduta, langileon artean banatu genituen gelditzen ziren gauza guztiak. Aurrean dugun josteko makina, esaterako, handik hartu nuen, baita mahaia ere. Ez genekien oso ondo zer egin, eta esan genuen: «Guk muntatuko dugu tailerra». Batek esan zuen Egian etxe bat libre zegoela, eta utzi egingo zigutela. 

«Oso gaizki ordaindua zegoen joskintza, eta inork ez zuen ardurarik hartu nahi»

Egian muntatu zenuten, beraz, tailerra?

Bai, baina interes gutxi zuen jendeak. Oso gaizki ordaindua zegoen joskintza, eta inork ez zuen ardurarik hartu nahi. Hala ere, aurrera egin genuen, eta bezeroak lortzen hasi ginen.

Non bilatu zenituzten?

Dendaz denda joan ginen lana eskaintzen. Esaten genien Rodriguezetik gentozela, itxi egin zuela eta ea lana emango ziguten. Ezezkoak besterik ez genuen jasotzen; esaten ziguten ondoegi josten genuela.

Ondoegi josteagatik ez zizueten lanik eman nahi?

Halaxe da. Ez zitzaien interesatzen; traketsago josten zutenak nahi zituzten. Azkenean, Donostiako jostun batek lana eman zigun. Bezeroak eskuratzen hasi ginen, baina ordurako jada jendeak ez zuen lanik egin nahi, eta tailerra desegin egin zen. Beraz, Errenteriara itzultzea erabaki nuen.

Jostun jarraitu zenuen?

Lortu genituen bezero batzuei eutsi nien, baina oso zaila zen hori guztia nik bakarrik aurrera eramatea: ezinezkoa zen. Estututa nengoen, eta erabaki nuen ez nuela bide horretatik jarraitu nahi. Tailer batzuetatik lana eskaintzen hasi zitzaizkidan, baina baldintza batekin: autonomo bihurtu behar nuen.

Onartu zenuen?

Bai, eta hala egin dut aurrera, autonomo gisa eta etxean josiz. Langabezia ere kobratu nuen, urte eta erdiz, eta bitarte horretan sei hilabeteko ikastaro bat egin nuen, Irunen. Makineria industrialaren gainekoa zen, eta ordaindu egiten zidaten.

Ikastaroaren ostean, beraz, ez zenuen diru sarrera finkorik?

Ez. Etxean josten jarraitzen nuen, handik eta hemendik lortzen nituen bezeroei esker, baina diru sarrera gutxirekin. 

Lan baldintzak erabat ezberdinak izango ziren...

Zerikusirik ez zuten tailerreko baldintzekin. Gainera, ezusteko bat izan nuen ikastaroa amaitu ostean: orratz bat sartu zitzaidan esku ahurrean, eta behatzera igo zitzaidan. Medikutara joan nintzen, baina esan zidaten ez nuela osasun asegururik bertan, eta Gurutze Gorrira joateko. Joan nintzen, kendu zidaten, eta etxera itzuli nintzen. Handik hamabost egunera faktura iritsi zitzaidan. Guk, orduan, ez geneukan gizarte segurantzarako eskubiderik, eta jendeak aldarrikatu duen guztiagatik dugu gaur egun eskubide hori.

Zuek ere oso aldarrikatzaileak izan zarete.

Bai, baina kontzientzia soziala zuen jendeari esker izan da. Tailerra itxiko zutela esan zigutenean, Errenteriako emakume batek irmo esan zuen ez zela inor sartuko bertan, eta bertako material guztia guk eramango genuela. Denok ados geunden harekin, eta planto egin genuen. Fusilamenduekin ere ez geunden ados; beraz, besoak gurutzatu, eta greba egitea erabaki genuen, argi eta garbi uzteko egiten ari zirena bidegabekeria zela. Ez dakit norengandik ikasi genuen, baina oso aldarrikatzaileak izan gara. 

«Lan oso polita izan da, baina sakrifizio handikoa. Dena den, pozgarria da zuk egindako jantzi bat beste pertsona batek jantzita ikustea»

Joskintzaz gozatu duzu?

Ikaragarri. Lan oso polita izan da, baina sakrifizio handikoa. Dena den, pozgarria da zuk egindako jantzi bat beste pertsona batek jantzita ikustea. Nire ahizpa zaharrenari, esaterako, eztei jantzia egin nion, eta beste hainbat soineko amari eta ahizpei. Hamabost egunez etxean egon nintzen, buru-belarri jantzi horiek josteko. Nire anaiei ere jaunartzeko abitua egin nien. Jantziak zuk zeuk egiten dituzunean, hutsetik estimatzen dituzu.

Zer sentitzen duzu gaur egungo moda diseinatzaileek egiten dituzten jantziak ikustean?

Aho zabalik gelditzen naiz. Lehen, kolore apalak erabiltzen genituen, eta egiten genituen jantziak ere oso xumeak izaten ziren. Orain, berriz, izugarri arriskatzen dute diseinatzaileek, eta jantzi benetan deigarriak egiten dituzte. Asko gustatzen zaizkit, baina gauzak asko aldatu dira.

Zertan nabaritu duzu aldaketa zehazki?

Kalitatean. Lehengo tela guztiak naturalak ziren; orain, berriz, dena sintetikoa da. Jendeak ez ditu arropak estimatzen. Balentziagaren museora joaten naiz tarteka, eta behin esan zidaten jantziak gaizki josiak daudela, eta barrenak gehiegi nabaritzen direla. Nik esan nien: «Zer jakingo duzue zuek?». Izan ere, hori da naturalena, eskuz josita baitago. Ez pentsa makinarekin egindako jantzi bat dela, gaur egungo arroparekin gertatzen den moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA