3indarock elektrotxarangak hogei urte bete ditu gaur. Iruñerriko Gazte Peñarekin batera sortu zen, sanferminetako zezenketen aurkako egitasmo batetik. Zezenketak egitean, txaranga guztiek zezen plazan jotzen zuten, eta Iruñeko kaleak musika barik geratzen ziren. Denbora tarte horretan kaleak alaitze aldera sortu zen 3indarock. Uztailaren 7ko zezenketen aurkako kalejira antolatzen hasi zirenean, bertan parte hartzen hasi ziren.
Urteurrenerako egitarau berezi bat prestatu dute Herri Sanferminen barruan. Prestaketa lanetan ibili da Nahia Garaikoetxea Salinas elektrotxarangako trikitilaria (Iruñea, 1999). Egun honetarako taldeko kide ohiak gonbidatu dituzte; haien artean dago Irati Celestino Romo (Iruñea, 1999), hamaika urtez taldean saxofoia jotzen aritutakoa. Biak dira Iruñeko Txantrea auzokoak.
Taldeak hogei urte bete ditu. Horrek zer esan nahi du zuentzat?
NAHIA GARAIKOETXEA: Elektrokide izatea oso handia eta berezia da. Azkenean, elektrotxaranga duela hogei urte sortu zen gazteentzat, eta esentzia horri eusten dio. Arrakasta handia izan dugu urteetan, eta sortzen dugun giroa taldeko kideei ere asko gustatzen zaigu. Niretzat zorte handia da taldean jarraitzen duten kide horietako bat izatea.
IRATI CELESTINO: Niri elektrokide ohi bezala etortzen zaidan hitza hunkigarria da. Laurogeita hamar bat kide pasatu gara elektrotxarangatik, eta kide ohiak garenok oraindik taldeko parte garela sentitzen dugu. 3indarock ez da musika talde bat soilik. Familia bat gara. Nahiko indartsua da sentsazioa; nik denak maite ditut.
Hogei pertsona inguru zaudete taldean. Nola moldatzen zarete entseatzeko?
GARAIKOETXEA: Txantreako Auzotegi kultur etxean entseatzen dugu igandeetan. Toki hori erabiltzearen truke, hiru saio egiteko beharra izaten dugu, besteak beste, Txantreako jaietan.
CELESTINO: Azkenean, talde autogestionatu bat da, eta denek konpromiso handia dugu lana aurrera ateratzeko.
GARAIKOETXEA: Entseatzeko, el dominguillo izeneko errituala dugu. Entseatu eta gero, poteora joaten gara. Nire kasuan, pandemia garaian sartu nintzenez taldean, ez genuen entseatzen, eta poteora bakarrik joaten nintzen [barrezka]. Oso polita izan zen, taldea beste modu batera ezagutu nuen, eta asko eskertu nuen.
Nola gogoratzen duzue jo zenuten lehen eguna?
GARAIKOETXEA: Nik Oteizan (Nafarroa) jo nuen lehen aldiz. Tonu bakarreko trikitia nuela gogoratzen dut, eta orduan tonu horretan soilik zeuden kantak jo nitzakeela. Hala ere, egun horretako oso oroitzapen politak ditut. Behin jotzen amaitu eta gero, herriko festetan geratu ginen, eta bertan egin genuen lo. 3indarocken esentzia bete-betean ezagutu nuen.
CELESTINO: Nire lehen aldia Zizurren (Nafarroa) izan zen. Kale batetik bestera mugitu ginen orgarekin, eta hor harrapatu ninduen elektrotxarangak. Aipatzekoa da taldean sartu baino lehen beti ikusten nuela emakume askok parte hartzen zutela taldean, eta horrek ere asko lagundu ninduela elektrotxarangan sartzeko pausoa ematen. Gogoratzen dut neure buruari zera esan niola: «Nik horren parte izan nahi dut».
Zer dute berezi sanferminetako emanaldiek?
GARAIKOETXEA: Niretzat pisu handia du oraindik zezenketen aurkako hautabide izatearen oinarriari eusteak. Aldi berean, beti disfrutatzen dugu, emanaldiak luzatzen ditugu, gozatzen ari garelako; jendartean giro oso polita sortzen da.
CELESTINO: Niri sanferminek konfiantza, errespetua eta maitasuna helarazten didate. Nahiz eta urtero jo, gu kontuan hartzen gaituztelako.
Emanaldietan jendeak erraz dantzatzen du, edo kosta egiten zaio?
GARAIKOETXEA: Herriaren arabera izaten da. Tokatu izan zaigu hasieran inor mugitzen ez den emanaldietan egotea, baina guk asko disfrutatzen dugu jotzeko orduan, eta hori jendeak nabaritu egiten du, eta animatu egin ohi da.
CELESTINO: Elektrotxarangak ere badu zerbait berezia: denok borobilean eta elkarri begira jotzen dugu. Ez dugu soilik herriko jendearentzat jotzen; guretzat ere jotzen dugu. Oso polita da konplizitate hori.
GARAIKOETXEA: Joan den urtean, gainera, taldeko kide bat zendu zen; bera taldearen esentzia zen. Jotzen dugun guzti- guztietan harekin akordatzen gara: beretzat jotzen dugu.
Egiten dituzuen emanaldiak berdinak izaten al dira herri guztietan?
GARAIKOETXEA: Aldatu egiten dira. Abestien errepertorio luze bat dugu, bereziki sanferminetako saio luzeei begira. Herri batean, aldiz, bi orduz jo behar baldin badugu, moldatu egiten dugu kalejiraren eta abestien nolakotasunaren arabera. Kontuan hartu ohi dugu zergatik kontratatzen gaituzten ere. Esaterako, Euskararen Egunaren harira izaten bada, egitasmoarekin zerikusia duten abestiak joko ditugu.
Zein da sanferminetako emanaldietan izan duzuen anekdotarik gustukoena?
CELESTINO: Nik gogoratzen dut 10. urteurreneko bat. Elektrokide ohiak gonbidatu genituen, eta Gazte Egunaren barruan bazkari bat egin genuen. Arratsaldean elektrotxarangaren emanaldi berezi bat genuen, eta, jotzen hasi behar genuenean, orgako gurpila hautsi zen. Dena muntatu eta gero, ezin izan genuen kalejira egin; toki horretan jo behar izan genuen, baina sortu zen giroa hain izan zen berezia, non berdin disfrutatu genuen.
GARAIKOETXEA: Niretzat, jo ondorengo festak izaten dira hoberenak, ez bakarrik sanferminetakoa. Guk ministerioak ditugu elektrotxarangaren barruan: orgako ministerioa, bozgorailuena… Eta, gero, niretzat onena dena dago: dibertsioaren ministerioa. Ni taldean sartu nintzenean, Irati zen ministerio horren parte, eta festarako giro onenak sortzen zituzten.
Lotsabako
Gehiago ligatzen da 3indarockeko kide izanda?
NAHIA: Bai. Taldean esan ohi da kontuz ibiltzeko, taldeko kamiseta jantzita asko ligatzen delako.
IRATI: Bai, gertatu izan da elektrokideen artean ere.Sanferminez gain, beste zer festa duzue gogokoen?
NAHIA: Iruñerria, Txantrea eta Atarrabia.
IRATI: Oroitzapen berezi bat dut Betelun ere.