Kepa Mendia. Optikaria

«Ez dut besterik egin nire bizitzan: optika ez bada, euskalgintza»

Euskaraz ikastea mugarri bat izan da Mendiarentzat, eta, orduz geroztik, euskalgintza izan du bidelagun. Eguneroko jardunera ere eraman du, eta familiakoa duen optika euskaldundu du.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskara eta optika uztartu izan ditu urteetan zehar Kepa Mendia optikariak (Gasteiz, 1952). Familiako tradizioari jarraituz, optika ikasketak egin zituen Madrilen; euskara ere bertan ikasi zuen, eta itzuleran euskalgintzaren arloan murgildu zen buru-belarri. Are, erabaki zuen Mendia Optikaren negozioa ere euskalduntzea, eta lan horren emaitzak aise antzeman daitezke egun. Bertara sartu orduko, Hemen euskaraz badakigu mezua dakarren afixa dago ikusgai.

Optika euskalduntzeko hautua egin zenuen. Apustu bat izan al zen?

Naturalki hartutako erabaki bat izan zen. Etxean euskaraz bizi ginen, eta, logikoa den eran, nire ikuspuntutik bederen, etxean euskaraz arituz gero, lanean ere bai. Arlo pribatuan euskaraz eta jende aurrean erdaraz? Beti aritu izan naiz dikotomia horren aurka.

Zeintzuk izan ziren lehen urratsak?

Prozesua luzea izan da. Madrilen egon nintzen optika ikasten, eta itzuleran Gasteizko beste edozein denda edo enpresetan bezala, dena gazteleraz zegoen. Beraz, pixkanaka hasi nintzen inprimakiak eta testuak euskalduntzen, eta, besteak beste, gogoan dut optikako terminoen zerrenda luze bat bidali niola Xabier Kintanari euskaratu zezan. Izan ere, orduan, euskaraz banekien, baina ez nintzen oso trebea. Gerora, saiatu naiz langile euskaldunak ere kontratatzen, baina badago oztopo bat.

Zein da?

Optikarien artean euskaldun oso gutxi daudela; hemen ez dago arlo horretako ikasketarik, eta, beraz, gehienak kanpokoak dira. Baina gu saiatu gara, eta lortu dugu egun dauden langileetatik erdiak euskaldunak izatea.

Hala ere, aurrez beste pauso batzuk ere emanak zenituzten.

Bai, batez ere publizitatean. 1970ean, Gasteiz Irratian, Jose Mari Sedanok gidatzen zuen Euskal Jaia izeneko irratsaio bat zegoen. Aitaren laguna zen, eta hor hasi ginen euskarazko lehenengo publizitate mezuak bidaltzen. Hala ere, bada beste mugarri bat, gerora egin dugun lanaren abiapuntu garbia dena: oraindik Madrilen nengoela, optikari ikasketak amaitzear, 1974an, ordura arte Optica Mendia izan zena Mendia Optika bilakatu zen; euskarara ekarri genuen.

Madrilen optika ikasi zenuela aipatu duzu. Hausnartutako erabaki bat izan al zen?

Zazpi urte egin nituen han. Aitak esan zidan hara joateko optika ikastera, badaezpada. Gauza polit asko bizi izan nituen, baina ederrena izan zen handik itzultzean euskara ekarri nuela nirekin batera; altxor bat. Nire bizitzan mugarri izan den gertakaria izan zen euskalduntzea eta euskaltzale bilakatzea.

Nola ekartzen da euskara Madrildik?

Jendea harritu egiten da, baina ez da hain arraroa. La Salle ikastetxean sartu nintzen; 150 inguru izango ginen, eta horietatik pila bat euskaldunak edo euskal hiritarrak ziren. Frankismoaren azken urteak ziren, izugarrizko giroa zegoen, hala nola politikoa eta kulturala, eta, gu euskaldunen artean ibiltzen ginenez, eskolan bertan hasi ginen euskaraz ikasten. Ganix Larratxe zen irakaslea, beratarra, nafarra; lehenbiziko urtean talde bat zuen, eta bigarrenean osatu genituen hiruzpalau. Madrildik ere etortzen zen jendea euskara ikastera. Euskaltegi polita zen.

Noiz izan zen hori?

1968an joan nintzen, eta optika lau urtean ikasi nuen; baina gaztea nintzen, eta ez nuen etxera itzultzeko gogorik, eta, beraz, ekonomia ikasketak egitea erabaki nuen. Saiatu nintzen publikoan egiten lehenbizi, baina urte osoan greban egon ginen; bigarren saiakeran, jesuiten ikastetxe pribatu batean sartu nintzen.

Zer harreman zenuen euskararekin ordura arte?

Etxean aita euskaltzalea zen, baina erdalduna. Hitz eta esaldi batzuk esaten zituen, ama euskalduna zuelako, baina ez zion euskaraz erakutsi. Pentsa, Batxilergoko azken bi urteak Lekarozen [Nafarroa] egin nituen, baina burbuila batean bizi ginen, erdaldun giroan. Harreman gutxi izaten genuen herriarekin, eta, euskara entzuten bazen ere, oso urrunekoa zen guretzat.

Gasteizen ere antzeko giroa al zegoen?

Ez dut txikitako oroitzapen handirik. Aitak aipatzen zuen merkatu egunetan euskaldunak etortzen zirela eta euskara ere entzuten zela, baina nik oso gutxi entzun izan dut Gasteizko kaleetan txikitan eta gaztetan.

Hala ere, irudipena ez zen berbera izan Madrildik itzultzean, ezta?

Ez, egoera aldatuta zegoen. Nire bizitza ere horrela zegoen, eta, beharbada, horregatik izan nuen sentsazio hori, baina hemen topatu nuen giroa Madrilgoaren antzerakoa zen. Borborka zegoen euskalgintza. Besteak beste, Olabide ikastola sortuta zegoen jada, eta gau eskolak ere martxan ziren. Bazegoen Juan Bautista Gamiz izeneko talde indartsu bat ere. 1970 inguruan sortu zen, hamar bat irakaslerekin eta ikasle pila batekin, eta, tartean zeuden, esate baterako, Juanjo Uranga, Aingeru Ibisate eta Pako Izagirre. Inoiz ez dute omenaldirik izan, baina mereziko lukete; lan ikaragarria egin zuten.

Eta zuk ere euskalgintzan sartzea erabaki zenuen.

Iritsi eta berehala, 1976an, Olagibel ikastolan hasi nintzen eskolak ematen, Maite emaztearekin eta han zegoen jendearekin. 1977an, berriz, Euskaltzaindiak jada beste herrialdeetan egina zuen, eta erabaki zuen Arabako AEK sortzea. Juan Bautista Gamiz eta bestelako talde txikiak batu eta sortu egin genuen. Handik bi urte ingurura 50 irakasle eta 1.800 ikasle inguru ginen.

Euskal Filologia ere ikasi zenuen.

Bai, lehenbiziko belaunaldia izateko ohorea izan genuen. [Koldo] Mitxelenak bultzatuta hasi ginen 1978 inguruan, eta ordu hartan bi ikasle ginen, Amaia Otxoa eta biok. Mitxelena, gixajoa, guztiz larrituta zegoen; erreguka aritzen zitzaigun eskoletara joateko, joan ezean beldur zelako ez ote zituzten ikasketa horiek kenduko. Baina ez zen halakorik gertatu. Urtez urte, taldetxoa gizentzen joan zen, beheko mailetan ere jendea sartu zen, eta, bukatzean, 1983an, lehenengo belaunalditik ezaguna den jendea atera zen; esate baterako, Joseba Lakarra, Patxi Salaberri, Txipi Ormaetxea eta Pako Sudupe.

Hala ere, euskalgintza edo optika; zein aukeratu...

Hala da. Ez dut besterik egin nire bizitzan: optika ez bada, euskalgintza. Hasieran pentsatu nuen posible zela bi arloak egitea, bateragarriak zirela, baina pixkanaka optikak lan handiagoa eskatzen zuen, batik bat konpetentzia handiagoa zelako. Multinazionalak iristen hasi ziren, baita egun El Corte Ingles dena ere, eta goitik behera aldatu zen egoera. Haiek dituzten baliabideak izugarriak dira. Erraldoi baten aurkako borroka da, baina gu defendatzen gara zerbitzua emanez. Kasu honetan, euskara izan da hasieratik beste guztietatik bereizten gaituena, eta hari esker erantzun genion kanpotik etorritako oldeari ere; hori izan da gure arma.

Sariak ere eskuratu dituzue arrazoi horrengatik.

Korrikaren 11. edizioan eskuratu genuen lehenengoa. 11 pertsonari eta entitateri eman zieten, eta sekulako ilusioa egin zidan. Lazarraga saria ere eman zigun Arabako Foru Aldundiak, eta Bai Euskarari ziurtagiriarena ere jaso genuen. Azkenekoa 2016an izan zen, Argizaiola saria eskuratu genuen Durangoko azokan. Horiek guztiak batik bat euskaraz egindako lanari esker eman zizkiguten.

Sari horiek al dira betaurrekoak euskaraz ere graduatu daitezkeen seinale?

Betaurrekoek ez dute hizkuntzarik, baina bai azalpenek. Graduazio bat egitea edo lentilla egokitzapen bat euskaraz gauzatzea ez da zaila; ohitura eta nahikaria behar dira horretarako, eta baita borondatea ere. Gainera, jendeak estimatzen du zerbitzua era horretan ematea.

Hurrengo urteetan ere horrela jarraituko al duzue?

Hori datozenek esan beharko dute. Ni lehen baino gutxiago aritzen naiz, baina baditugu aspaldiko langile onak eta fidelak ere. Are, familia tradizioak ere badu jarraipena. Gure optikaren sortze data 1856 da, Argantzonen [Araba]. XIX. mendearen amaieran etorri ziren Gasteizera, eta oraindik ere Andre Mari Zuriaren plazan dugun lokalean kokatu ziren. Bertan gaude ordutik, eta belaunaldiz belaunaldi joan gara aurrera; orain, nire suhia ere badabil.

Beraz, pentsatzekoa da euskarak ere bizirik jarraituko duela Mendia optikan. Baina, oro har, gizartean, zer gertatuko da?

Beti aipatzen da botila erdi hutsik edo erdi beteta ote dagoen. Kasu honetan, etorkizunari begiratuz gero, uste dut baldintza objektiboak oso txarrak direla. Tristea da ikustea, esaterako, Nafarroako Gobernuak deialdi publikoetan euskara baloratzen duela ingelesaren eta alemanaren atzetik, edo Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduaren aurka egin duela, konstituzioaren aurkakoa dela iritzita. Euskal kulturan ari diren langile pila baten egoera ekonomikoa ere oso latza da. Hori ikusita, nola egingo du euskarak aurrera? Benetan zaila da.

Baldintza objektiboak aipatu dituzu. Badago subjektiborik?

Beti izan dugu gure alde euskaldunen borroka eta grina. Uste dut horri esker iraun duela euskarak, eta irauten duela. Apustua iraupena baldin bada, agian, jarraitu genezake horrela, baina gehiago nahi baldin badugu... Karmelo Landak idatzitako artikulu bat badut, Naziogintzarako ekinbidea behar izenpean argitaratutakoa, eta bertan esaten du naziogintzaren ardatzak euskara izan behar duela, eta erdigunean jarri behar dugula, bestela oso zaila dugulako aurrera egitea. Berak esan bezala, euskara izan dadila herri honen nortasun agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.