Kosmetikan aditua

Maddalen Marzol: «Ez erabili lurrinak besteek zu usaintzeko, baizik eta zu hobeto sentitzeko»

Hamar urte daramatza Marzolek Donostiako Hunky Dory dendan usainak kapsulatan saltzen. Ez edozein usain: egile argi bat dute, ez dute generorik, eta kalitatezkoak dira. Autore lurrinak dira, alegia.

Maddalen Marzol, duela egun batzuk, Donostiako Hunky Dory dendan. JON URBE / FOKU
Maddalen Marzol, duela egun batzuk, Donostiako Hunky Dory dendan. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Kontxako badiaren argia, itsasoaren usaina eta metroko lanen zarata lagun izanda ukitu eta zabaltzen da Hunky Dory dendako atea. Duela hamar urte zabaldu zuen lehen aldiz Maddalen Marzol (Andoain, Gipuzkoa, 1985) kosmetikako adituak, bere kide Eva Chartonekin. Kapsuletan sartutako usainak, denetarikoak, saltzen dizkiote autore lurrinen zaleen komunitateari, zeina gero eta zabalagoa baita. Adi: dendan nonahi daude David Bowieren diskoak eta hari buruzko liburuak, baina ez daude salgai, bezeroen opariak baitira. Ezin zen bestela izan Hunky Doryn.

Behar beste landua al dago usaimena?

Kulturala da: usaimenaren kontzientzia falta zaigu. Askotan ez gara jabetzen zer ari garen usaintzen. Hori garatzea eta horren gainean hausnartzea falta zaigu.

Usaimena gozamen iturri baita. Maiz adierazi duzu hori.

Oso eskura daude usain goxoak: goizeko kafea, izara garbiak, dutxako xaboia… Gaur, hain justu, babarrunak egin ditut. Amonak erakutsi zidan babarrunak egiten, eta halako batean haren sukaldean sentitu naiz berriro, usaimenari esker. Modu kontzientean usaintzea eta usain haietaz gozatzea oso eskura dago, eta oso gutxi egiten dugu.

Usainak saldu ere egiten dira. Zer dira lurrinak zuretzat?

Lurrinak gozamenerako tresna bat dira. Guk autore lurrinak dauzkagu, eta, komertzialetatik aparte, beste istorio batzuk kontatu nahi dizkigute: usainak dira horretarako tresna. Euri usaina, itsasoko usaina... Horiek ezin ditugu sortu guk nahi dugunean, eta, aldiz, lurrinak kapsulatan sartuta dauzkagu, eta eskura, nahi dugunean erabiltzeko eta haietaz gozatzeko.

Nola iritsi zinen usain goxoen mundu honetara?

Niretzako gauza bereziak bilatu nahian. Lurrin komertzialetatik aparte mundu bat zegoela deskubritu nuenean, jakin-minez gerturatu nintzen; oso interesgarria iruditzen zitzaidan, beste narrazio mota bat delako. Artistei garrantzi handiagoa ematen zaie, artista horiek beren artea jorratzen dute, beren estilo propioak dauzkate... Horrek lotu ninduen: iruditu zitzaidan bazeukala zerbait. Gainera, oso ezezaguna zen. 2009an El tocador de Dorothy izeneko blog bat hasi nuen, lurrinei buruz. Iruditzen zitzaidan nik eta jende oso gutxik zekiten sekretu bat zela, eta oso eskuzabal ikusten nuen neure burua, jendeari hori erakusteagatik!

Eta orain, saldu ere bai.

Orain denda batekin egiten dut hori, bai. Hamar urte egin ditugu aurten Hunky Doryn, eta gezurra dirudi! Denda edukitzearen gauza politena hau da: lortu dugula komunitate bat sortzea, gugan konfiantza daukaten bezero batzuk edukitzea... Edertasunaren munduaren ikuspegia aldatu nahi dugu, eta gozamenaren mezua zabaldu: lurrinak gozatzeko izan daitezela, eta kosmetika, zaintzeko, ondo sentitzeko eta gozatzeko. Hori zure lana izatea ikaragarria da.

«Edertasunaren munduaren ikuspegia aldatu nahi dugu, eta gozamenaren mezua zabaldu»

Nola gidatzen duzu dendara lurrin bila sartzen den bezeroa?

Beti bi galdera egiten ditut: zeren gogoa daukazu? Zerekin ibili izan zara gustura? Hasierako subjektibotasun hori datu erreal horrekin kontrastatzen duzu, eta erdibide horretatik hasten gara.

Misoginia usaina ere badu lurrinen inguruko klixeak.

Eta asko dira gizonezko helduak! Iritsi dira lurrinen mundura; hala ere, gure bezero gehienak emakumeak dira, eta niri horrek ilusioa egiten dit. Garai bateko ile apaindegiak ziren bezala? Asko gustatzen zait emakumeen komunitate bat sortzea eta harro egotea komunitate horretan. Gizon askok uste dute dakitena baino gehiago dakitela. Emakumeoi gehiago kostatzen zaigu ahotsa goratzea zerbaitetan aditu garela esateko, eta gizon asko etortzen dira pentsatuz dena dakitela bideo batzuk ikusi dituztelako . Eta ez da horrela. Emakumeak, normalean, galdezka etortzen dira, eta gizonak, jakingo balute bezala.

Nahiz eta, ziurrenik, ez jakin.

Hori da. Eta askori ez zaie burutik pasatzen denda zuk jarri duzunik. Gizon askori iruditzen zaie beraiek baino gazteagoa den neska batek ez diela ezer erakutsiko.

Hori jasan behar izan duzue.

Askotan. Beraiek ez dira konturatzen, baina jakintza boterea da; orduan, zuk askotan badakizu nola tratatu haiek zure eremura ekartzeko...

Zertan bereizten dira autore lurrinak komertzialetatik?

Bere garaian hiru arau oso finko zeuden. Bat: izen-abizenak eta aurpegia ditu lurringileak; hori komertzialekin ez da pasatzen. Bi: ez dira generoaren arabera bereizten, horrek ez baitauka ez hanka ez buru; koloreena gainditu dugu, baina usainena oraindik ez. Eta hiru: berez marka batek ez luke dirurik gastatu beharko publizitatean; produktuan gastatzen dute diru hori, eta kalitatean nabaritu egiten da. Hori bai, gaur egun hainbeste marka daudenez eta halakoa izan denez boom-a, lausotu egin dira arau horiek. 

Bizitzako etapa bakoitzak ere bere usaina dauka?

Jende askok bizitza osoa pasatzen du lurrin berarekin. 20 urterekin hasi bazinen lurrin hori erabiltzen, orain 40rekin pertsona bera zara? Polita da zure usaina zure izaeraren parte izatea, baina pertsonak eboluzionatu egiten du. Lurrinak malguago ulertzea falta da: ez erabili lurrinak besteek zu usaintzeko, baizik eta zu hobeto sentitzeko zeure buruarekin.

lotsabako

Inoiz nekatuko ez zaituen usain bat?
Pikondoarena.

Zer ezin duzu usaindu ere egin?
Gasolina.

Zer usain ez duzu inoiz ahaztuko?
Ganbaran mantzanilla lehortzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.