Tonban ehortzirik (I)

Katalina Erauso Perez de Galarraga: «Ez nintzen profesatzera heldu, baina alferez, bai, izan nintzen»

Ezin jakin bere eskuz idatzi zuen, edo besteri diktatu zion. Era batera zein bestera, Katalina Erausoren autobiografia dugu. 'Historia de la monja alférez'. Batek daki nork asmatu zuen titulua, Erauso ez baitzen moja izatera heldu.

Van der Hamen margolariak 1626 inguruan egindako erretratua. KUTXA FUNDAZIOA
Van der Hamen margolariak 1626 inguruan egindako erretratua. KUTXA FUNDAZIOA
Miel Anjel Elustondo
2025eko abuztuaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Katalina Erauso da zure grazia...

Donostian jaioa 1585ean [1592, agirien arabera]. Zer iruditzen zaizu? Bart arratsean, esateko moduan! Aita nuen Migel Erauso kapitaina eta, ama, berriz, Maria Perez de Galarraga Artze, donostiarrak biak, nahiz amaren deiturak arabar jatorria garbiki salatzen duen. Goi mailakoa zen gure familia. Hiruna anai-arreba izan ginen, mutilak soldadu eta neskak moja. Hobeko dut, hala ere, nik neureak kontatu, nahiko lan ere badut-eta neure buruarekin. Nitaz ari, etxean hazi ninduten 4 urte bete arte. Orduan, Antiguako komentuan sartu ninduten, oraingo Andre Maria eliza dagoen paretsuan-edo. Moja dominikak ziren, eta izeba nuen han, Urtsula Unza Sarasti, amaren lehengusina eta, guztiaren gainetik, komentuko priora.

Hortik datorkizu moja titulua!

Alto! Ez hasi, gero, zu ere nire mojatasunak haizatzen, ez bainintzen moja izatera heldu! Hala ere, egia da komentu hartan eduki nindutela 15 urte arte. Orduan, profesatzeko garaiaz hitz egiten hasi ziren. Kontua da, ordea, nobiziatu urtea amaitzen ari nintzenean moja batekin haserretu nintzela. Hura zen Katalina Aliri, alargundu eta gero moja sartua. Emakumea egina zen, mardula eta ni, aldiz, oilanda gaztea. Eta atzaparra erantsi zidan, eta niri batere gustatu ez! Min handia egin zidan, eta handiena bihotzean. Eta, horrela, behin, San Jose bezpera zen —1600eko martxoaren 18a, nahita ere ezin ahaztu!—, gauerdian maitineak errezatzera jaiki ginenean, korura sartu nintzen.

(Intriga. Hemen badator zerbait)

Ordurako, koruan zen nire izeba hura. Ondora hots egin zidan, bere zeldako giltza eman, eta brebiarioa ekartzeko agindu. Joan nintzen eta hartu nuen delako brebiarioa, baina, orduantxe, iltze batetik zintzilik komentuko giltzak ikusi nituen. Izebaren errezo-liburu hura eta giltza hartu, eta korura itzuli nintzen, baina zeldako atea zeharo itxi gabe. Brebiarioa eta zeldako giltza izebari eman eta maitineak errezatzen hasi ginen denok. Handik pixka batera, izebari joan nintzaion eta lizentzia eskatu nion, ondoezik nengoela esanez. Izebak eskua kopetan jarri zidan eta ohera joateko agindu. Irten nintzen korutik, hartu nuen kandela bat, eta izebaren gelara! Hartu guraize batzuk, jostorratza eta haria, erreal batzuk han ikusi nituenak, komentuko giltza haiek ere hartu, eta alde!

«Moja batekin haserretu nintzen. Eta atzaparra erantsi zidan. Min handia egin zidan, eta handiena bihotzean»

Hortxe zure mojatasuna, beraz!

Hortxe eta horraino! Ateak bata bestearen atzetik ireki eta itxi, eta, azkenean, eskapularioa ere utzi eta fuera! Sekula ikusi gabeko tokia nuen, ez nekien nondik jo eta nora ibili. Komentuaren atzeko aldetik hasi nintzen, gaztainadi batera. Hiru egun egin nituen han, jantziak josten. Soinean neraman bazkinatik [gona luzea] galtzak egin nituen, eta perpetuan berdeko azpiko gonatik, berriz, arropatxoa eta polainak. Bertan utzi nuen abitua. Ilea ere moztu nuen, eta hirugarren gauean, handik alde egitea erabaki nuen, eta abantatu nintzen, eta bideak oinez ibiliz Gasteizera heldu nintzen. Hogei legoa egin nituen, nekez, eta bideetako belarrak janez.

Baina bazenekien Gasteizen nora jo?

Ez batere! Batera eta bestera nenbilela, Frantzisko Cerralta doktore katedradunarekin topo egin nuen. Ez ninduen ezagutzen, baina etxean hartu ninduen, eta itxuraz jantzi. Gero jakin nuenez, gure amaren lehengusina zen. Nik ez nuen familia konturik batere esaten, jakina. Hiru hilabete egin nituen haren etxean. Latinez ongi irakurtzen nuela ohartu zen orduko, ikasketak eman nahi izan zizkidan. Nik ezetz, halakorik nahi ez nuela. Berak baietz, ordea, setan eta teman. Eta atzaparra erantsi zidan.

Hark ere bai? Bigarren aldia dugu! Hori tirria, gero!

Bai, bada! Orduantxe kito! Kendu nizkion txanpon batzuk, hitz egin nuen Valladolidera [Espainia] zihoan arriero batekin, hamabi errealetan adostu genuen garraioa, eta aire! Berrogeita bost legoako bidea. Garaian, Valladoliden zegoen gortea, eta han bat egin nuen erregeren idazkariaren [Juan Idiakez] zerbitzariarekin. Frantzisko Loiola izena hartu nuen, eta hantxe egin nituen zazpi hilabete, ez gaizki ere. Behin, iluntze batean, etxeko ataria zaintzen beste zerbitzari batekin batera nengoela, han non etortzen den gizon bat: gure aita!, don Juan etxean ote zegoen galdezka.

«Irten nintzen korutik, hartu nuen kandela bat, komentuko giltzak ere hartu, eta alde!»

Zeure aita!?

Aitak Juanen galdera egin zuenean, nire lagunak erantzun zion. Baietz, etxean zegoela, eta joan zen nire kidea nagusiari kasu egitera, ni geure aitarekin bakarrik utzita. Ez genion elkarri hitzik egin, eta ez ninduen ezagutu. Jaitsi zen nire kide hura, eta joan zen gure aita don Juanengana eskaileretan gora, eta ni bere atzetik. Harrera beroa egin zion don Juanek gure aitari, elkar besarkatu zuten, eta hau eta hura, eta gure aitak esan zion alaba komentutik eskapo joan zela eta bila zebilela. Don Juanek disgustua hartu zuen, aitagatik, nigatik —asko maite ninduela esan zuen—, komentuagatik —bere aurrekoek fundatu zutenez gero, bertako patrono baitzen—, eta, azkenik, bere buruagatik, bera ere donostiarra zelako. Eta ni hantxe, dena aditzen!

Eta?

Handik ere alde egin behar nuela pentsatu nuen! Hartu nire arropa, hartu urrezko zortzi dobloi, eta ostatu batera joan nintzen lotara. Han, Bilbora zihoan arriero batekin akordioa egin nuen. Ez nekien zer egin ez nola kontsola. Haizearen mende ibili nintzen, batera eta bestera. Eta izan nintzen Bilbon, eta hilabete luzean eduki ninduten kartzelan. Baina kulpa guztiak ez ziren nireak. Mutiko batzuk ni zirikatzen hasi ziren, inguratu ere egin nahi izan ninduten, eta harrika eraso nien. Mutiletako bat bete-betean jo nuen, nonbait, eta kartzelara ni, hura sendatu artean. Nahi baino diru gehiago joan zitzaidan horren kontura. Kartzelatik irten, eta Lizarrara [Nafarroa] egin nuen, Karlos Arellanoren zerbitzari. Bi urte eder eman nituen han. Hurrena, neure gogoz, Donostiara itzuli nintzen, ongi jantzita eta galai.

Donostiara berriz? Ez al zenuen ezagutuko zintuzten kezkarik?

Kezka, beti. Baina ez ninduten ezagutu. Are gehiago, behin, neure komentu hartara joan nintzen mezatara, eta hantxe tokatu gure ama ere! Eta ikusi ninduen, eta begiratu ere egin zidan, baina ezagutu ez! Eta meza eta gero, moja batzuek korura hots egin zidaten, baina nik ez-entzunarena egin, kortesia handiz agurtu eta alde egin nuen. 1603. urtea zen. Handik Pasaiako [Gipuzkoa] portura joan nintzen. Migel Berroiz kapitaina ezagutu nuen, Sevillara [Espainia] zihoan, itsasontzian. Tratua berrogei errealetan egin eta Sanlucarrera [Espainia] eraman ninduen. Han lehorreratu, eta gero Sevillara egin nuen nik.

«Gure konpainiaren bandera zeraman kazikea harrapatu, eta bertan akabatu nuen»

Hiri ederra, Sevilla hori!

Eta ederretsi nuen nik ere, baina ez nuen bi egun baino gehiago egin han. Berriz Sanlucarren, Migel Etxarreta topatu nuen, neure herrikoa, galeoietako patatxa bateko kapitaina. Galeoiak, berriz, Punta de Arayara [Venezuela] zihoazen, eta itsas mutil sartu nintzen Esteban Egino kapitainaren galeoian. Egino hura osaba nuen, gure amaren lehengusua! Baina ez ninduen ezagutu. 1603ko astelehen santu egunez partitu ginen...

Eta hasten dira zure ibilerak Ameriketan barrena. Ibili zenituen diren eta ez diren herrialde guztiak. Panama, Kolonbia, Peru, Txile... denean ibili zinen. Han eta hemen, nahi beste haserre, liskar eta borroka bizi izan zenituen. Zauritu zintuzten nahi bestetan. Hil zenuen bat, hil bestea. Tartean, zeure anaia Migel!

Baina ez nekien norekin ari nintzen ezpata-borrokan! Txileko Concepcionen gertatu zen desditxa. Paicabitik Concepcioneko portura heldu, eta lehorreratzeko agindua jaso genuen gobernadorearen idazkariaren bidez. Delako idazkariak esan zigun Migel Erauso kapitaina zela. To ta no! Izena aditu orduko anaia nuela ohartu nintzen! Eta hura poza! Ez nuen Migel ezagutzen, nik 2 urte nituela hartu baitzuen Amerikara bidea. Horixe besterik ez nekien nire anaia haren gainean. Hurrena, jendeari izenak hartzen hasi zenean, nik neurea esan, nongoa nintzen ere azaldu —Donostiakoa, alegia—, eta utzi luma bertan eta estu besarkatu ninduen. Segituan, galdezka eraso zidan aitaz, amaz, senideez eta izeba moja Katalinaz. Ahal izan nuen moduan erantzun nion, neure burua erakutsi gabe, ordea. Bere etxera eraman ninduen bazkaltzera. Ondoren, gobernadoreari joan zitzaion, esanez ni bere konpainian hartzeko, bere herrikoa nintzela eta aspaldi ez zuela herritarrik ikusi. Gobernadoreak ikusi egin nahi izan ninduen, eta ikusi, eta lehenengo ezetz, ez ninduela bere soldaduen artean hartuko. Gero, ordea, baietz, eta, horrela, neure anaiaren soldadu izan nintzen hiru urtean.

Gaizkixe!

Bai, bada! Anaiaren babesean! Bestalde, Migelek bazuen han andreren bat ongi maitea, eta behin edo behin berarekin batera joan nintzen emakume haren etxera; beste behin edo behin, berriz, neure kontura, bakarrik. Migelek jakin zuenean, bakarrik ez joateko agindu zidan. Baina nik kasurik ez nion egin, eta andre hura bisitatzen segitu nuen. Egun batean, Migelek harrapatu egin ninduen! Hartu gerrikoa eta zirti-zarta, orduantxe akabatu zizkidan arkakusoak! Paicabira deserritu ninduten.

Zeure anaia hil zenuela ari ginen.

Tartean denbora igaro zen, ordea.

Zer esan nahi duzu?

Hiru urte eman nituela Paicabin, anaia hura gabe. Anaiaren heriotzara zuzen joan nahi duzu, ala entrebitartekoak kontatzea nahi duzu? Presaka al zabiltza?

Ez, Katalina, hildakoen artean ez dago zertan presaka ibili. Zeuk esan. Txilen ginen, Paicabin...

Armak eskuan ginen beti, inguruan indiar pila handia zegoen-eta. Egun batean, gobernadorea etorri zen, Txileko soldadu-konpainia guztiak hartuta. Bost mila soldadu-edo. Valdiviako lautadetara jo genuen. Zelai zabalean jarri ginen, guztiz deseroso. Indiarrek Valdivia hartua zuten eta gure lana zen haiek borrokatzea. Eta borrokatu ginen, eta mendean hartu genituen, behin izan ezik, behin indiar gehiagoren laguntza jaso baitzuten. Orduan, gorriak eta beltzak ikusi genituen. Jende mordoa akabatu ziguten, zenbait kapitain eta alferez ere bai. Bandera ere kendu ziguten. Hori ikusi nuenean, abantadan joan ginen hiru zaldizko. Jendearen artetik pasatu ginen, bata eta bestea akabatu genituen, baina geu ere zauritu gintuzten, eta gu hirurotako bat hil zuten. Bi zaldizko ginen, beraz, banderaren atzetik.

«Gu beti borrokan indiarren kontra! Hainbat aldiz zauritu ninduten»

Segi, Katalina.

Ez genuen etsi banderaraino ailegatu arte. Orduan, nire lagunari lantza sartu zioten, eta bertan hil zuten. Ordurako, nik kolpe txar bat jasoa nuen hankan, baina, nortara edo hartara, bandera zeraman kazikea harrapatu, eta bertan akabatu nuen. Kendu nion bandera, eta lauhazka bizian ihes egin nuen, pareko denak harrapatzen, akabatzen eta zauritzen nituela. Neu ere larri zaurituta nengoen, hiru gezi sartu zizkidaten, eta lantza baten zauria nuen ezkerreko sorbaldan. Minez, neure lerroetara heldu, eta zalditik erori nintzen. Denak laguntzera etorri zitzaizkidan; tartean, neure anaia Migel, han baitzebilen. Kontsolagarri gertatu zitzaidan. Sendatu ninduten eta bertan gelditu nintzen bederatzi hilabetean. Ondoren, anaiak nik irabazitako bandera hura niretzat eskatu zion gobernadoreari, hark onartu, eta Alonso Moreno konpainiako alferez izendatu ninduten. Gero, konpainia hori Gonzalo Rodriguez kapitainaren eskuetara igaro zen, nik ezagututako lehen kapitaina.

Moja ez, baina egia da, hortaz, alferez izan zinena!

Ez nintzen profesatzera heldu, baina alferez, bai, izan nintzen!... Eta Puren-eko [Araucania, Txile] borrokaren garaian, delako kapitaina hil zuten, eta neu gelditu nintzen konpainiaren buru. Gu beti borrokan indiarren kontra! Hainbat aldiz zauritu ninduten. Behin...

Katalina, zeure anaia Migel zer zirkunstantziatan hil zenuen jakin nahi genuen, baina zu borrokatik borrokara zabiltza. Eta, bitartean, ez dugu besterik kontatzeko tarterik. Ezta euskalduna zinena ere!

Hurrena etorri, eta kontatuko dizkizuet zirkunstantziak eta gainerako instantzia guztiak. Haizeaz bestaldean nabil 1650ean hil nintzenetik, eta halaxe ibiltzea espero dut mundua akabatzen den arte.

GERRA TEKNIKAK

«Behin, borroka batean, indiarren kapitain batekin egin nuen topo. Kristaututa zegoen, Frantzisko Quispiguacha zuen izena. Ez gintuen bakean uzten. Haren kontra borrokan ari nintzela, zalditik eraitsi nuen, eta errenditu egin zitzaidan. Bertan urkatzeko agindua eman nuen! Gobernadoreari ez zitzaion gustatu, bizirik nahi zuelako, nonbait, eta konpainiaren agintea kendu zidan. Eta Nacimientora [Txile] bidali ninduen. Izena besterik ez zuen ona toki hark, gainerakoan heriotzak agintzen zuen han, armak eskuan ginen beti. Ez nuen denbora askorik eman Nacimiento hartan, gobernadoreak agindua eman baitzion gure kapitainari Pureneko ibarrera [Txile] itzultzeko. Zortziehun gizon ere baginen, hainbat ofizial eta kapitainekin. Batera eta bestera ibili ginen sei hilabetean, eta kalte handiak egin genizkien indiarrei, zuhaitzak gerritik moztuz eta soroak errez. Ondoren, gobernadoreak Concepcionera [Txile] itzultzeko baimena eman zidan, eta alferez itzuli nintzen Frantzisko Navarreteren konpainiara. Eta halaxe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.