EZARIAN. INAUTERIETAKO PERTSONAIAK. Iruñean ere badira inauteriak

Donibane auzoa biziberritzeko asmoz sortutako inauteriek atzo lortu zuten beren helburua, ehunka lagunek parte hartu baitzuten inauterietako pertsonaiez osatutako kalejira koloretsuan, hotzari eta elurrari aurre eginez.

joxerra senar
2009ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Nork esan zuen Iruñean inauteririk ez zela? Ezaguna da urte berriari ongietorria egiteko mozorrotu egin ohi direla iruindarrak, baina, apika, hain ezaguna ez dena da 1977tik urtero Donibane auzoan inauteria berezi eta herrikoiak antolatzen dituztela. Aurten, 32. urteurrena izaki, ospakizun berezia egin nahi izan dute: hainbat herrietako inauterietako pertsonaiak zein Euskal Herriko kondairetan oinarrituta auzokideek berez sortutako pertsonaiak bildu zituzten atzo arratsaldean kalejira erraldoian. Hain izan ziren Galiziako Verin herriko zigarroiak baita Kantabriako zamarrakoak zein bertako hainbat pertsonaia ere. Guztiek batera, dantza, musika eta zarata amaigabean negua uxatu nahi izan zuten.

Negu gorriko giroa baitzegoen atzo Iruñean. Donibaneko inauteria ez zuen galdu nahi izan elurrak, eta kalejira hasi aurretik, zuritu egin zituen Iruñeko eraikin guztietako sabaiak, belardiak eta automobilak.Antolatzaileak beldur ziren auzokideek kalejirari iskin egin eta etxean egotea nahiago izango ez zuten.

Hitzordua 18:30etan zen Oskia plazan. Pixkanaka, hotzari erronka bota nahirik herritarrak hurbiltzen hasi ziren. Batzuk kalez jantzita. Beste batzuk mozorrotuta. Koadrila gazte bat nabarmendu zen, Chiapaseko oihanetik ateratako Marcos komandanteordearen gerrilariz mozorrotuta. Ordu erdiko atzerapenarekin, baina azkenean abiatu zen kalejira. Joaldunek irekitzen zuten ibilbidea, eta atzetik, hamarnaka pertsonaia.Lantzetik,Ziripot, perretzaileak, txatxoak etaMielotxin panpin maltzurra.

Hartza gelditu gabe

Haurrak eta helduak izutzen gelditu gabe,Arizkungo hartza zebilen, alde batetik bestera. Alkatea etorri zitzaion une batean, aginte makilarekin jendea aztoratzen zebilen pertsonaia baretu nahirik. Hartzak udaberriaren etorrera islatzen du, baina ilargi betea izanez gero, negua luzatuko dela adierazten du. Atzo, ilgora zen, ia ilargi betea, eta alboko elurrari erreparatuta, negua luzatuko dela ondoriozta liteke, ohitura jarraituz.

Altsasuko inauteriaren omenez Momorrotxo, sorginak eta Akerra. «Nire haurrak beldur handien Akerrari dio», aipatu zuen Jose Luis Hernandezek. Urtero etortzen da kalejirara, eta «primerakoa» iruditzen zaio.

Donibane auzoak baina egin dio bere ekarpena inauteriari. Euskal Herriko mitologiako pertsonaiak atzo kondaira izateari utzi eta kale elurtuetan barrena ibili ziren: lamia, zezengorri, zaldi, basurde, ahari. Lau urteko neska ile hori batek amari estu heldu eta negarrez hasi zen Ahariren itzala bere alboan sentitzean. Haurraren izua ikusirik, Ahari saiatu zen beldurra uxatzen, eta erabat lortu ez arren malkoak lehortu zitzaizkion neskari.

Festari kolore berezia eman zioten Kantabriako Silioko zamarrakoek. Joaldunen antzekoak dira, ardilarruak eta zintzarriak daramatzatelako: «50 kilo inguru eramaten dituzte soinean. Izpiritu txarrak uxatu eta urte berriari ongietorria egiten diote», azaldu zuen Victor Martinezek. Zuriz eta gorriz jantzita zegoen, eta txano luze bat zeraman buru gainean. «Ni dantzari txuri bat naiz. Segizioa irekitzen du eta ongia ordezkatzen dut. Hartzak, berriz,gure herrian gaizkia ordezkatzen du. Azkenean, baina, beti ongia gaizkiari gailentzen zaio».

Veringo zigarroiak

Atzetik Veringo zigarroiak zihoazen. Oso jantzi dotore bezain pisutsua dute (25 kiloko). Dominguez, adibidez, arnasestuka dago. «Jantziok denak eskuz eginda daude, artisauak dira», azaltzen du Miguel Dominguezek. Teoria baten arabera, zimarroiak aspaldi zerga biltzaileak ziren. Beste azalpena datokiko jauntxoek bakarrik ehizan egin zezaten, gainontzeko herritarren ehizauxatzen zutela. Pozik dago Iruñeko kalejiran parte hartzeagatik: «Galizian eta hemen, denok antzinako ohiturak ditugu. Modernitaterako badugu nahikoa asti egunero. Goza dezagun arbasoen ohiturez». Amaieran afaria egin zuten, eta gaur festak jarraituko du.

Egitaraua

BIHAR

11:30: Asunzion/Jasokunde plazatik Donibaneko Erraldoien konpartsa. Inauterietako pertsonaik eta gaitariak ere izango dira.

OTSAILAK 9, ASTELEHENA

20:00:Euskal Herriko inauteria, atzo eta gaur lelopean Aitzpea Leizaola Egaña antropologo eta EHUko irakasleak hitzaldia emango du, Nafarroako Ateneoaren laguntzarekin, Armadaren etorbideko hitzaldi aretoan. Moderatzailea Juan Karlos Lopez-Mugartza izango da.

OTSAILAK 10, ASTEARTEA

20:00: Kontzertua Onki Xin tabernan Mielotxin taldearekin.

OTSAILAK 14, LARUNBATA

Donibane auzoko konpartsaren kalejira Baionan.



Iruñean inauteriek ez dute tradiziorik. Donibane auzoan, ordea, 1977an hasi ziren ohitura eta pertsonaia zaharrak berreskuratu eta berriak sortzen.

Euskal Herriosoko inauteria

Alberto Barandiaran Iruñea

Donibane auzoan, Euskal Herri osoko pertsonaiak elkartzen dira 1977tik. Garai hartan, eta ohiturak berreskuratu eta kultur herrikoia suspertzeko izan zen goraldiaren barruan, auzoko kultur taldeak inauteriak antolatzea erabaki zuen. Iruñean finkatutako lehenak izan ziren. Hasieran, zakuzaharrak ziren pertsonaia nagusiak, eta, ondoren, momotxorroak, ioaldunak... Ideiak arrakasta handia izan zuen, eta pertsonaia berriak sortu ziren, euskal mitologian oinarrituta. 80ko hamarkadaren bukaeran agertu zen Zaldi lehen aldiz. 1990an, Basurde sortu zuten, eta 1991n, Jeinuak. 1991tik gaur egun arte, Ahari, Basurde, Zezengorri, Zaldia eta Lamia pertsonaiak Donibaneko karriketan barna ibiltzen dira otsaileko bigarren asteburuan. Haiekin batera, Hartza, Mairu, Akerra, Veneciano Narigon, txatxoak...

1. Ahari

Mari euskal jainkosak, beretako erabiltzen zuen jeniu hau Euskal Herrian zehar zituen egoitza ezberdinetan, hala Aralarren nola Anboton. Batzuetan artzainak Mariren kobetan sartzen baziren ahariaren atzetik, haiena zelakoan, aharia artaldean sartzen zen artzainak nahastu eta izutuz. Kondaira oso ezaguna omen da Azkoitian.

2. Basurde

Nahiz eta Basurderik ez agertu gure kondairetan, seguru asko historian zehar galdu direlako, Bizkaian, Bermeo inguruan, Ieltxu edo Iratxoak agertzen dira. Txerri txiki basatiak dira, ilunabarrean bidaiariei jarraitu eta korrika egitera behartzen dituztenak, galdu edo ahitu arte.

3. Gaueko

Gure antzinako arbasoek Gaueko izpiritutzat hartu zuten. Izpiritu honek gauez gertatzen ziren gauza guztiak menperatzen omen zituen, eta haien baimenik gabe ez zegoen ezer egiterik. Horregatik egiten omen ziren, Euskal Herrian, hainbeste apustu eta trabes gauez.

4. Lamia

Arizkundik Mutrikura edo Bianatik Urruñara ez dago pertsonaia honen inguruko aipamenik izanen ez duen herririk. Hamaika elezahar, leku, toponimia, denetan Lamiak gure historiarekin lotuta ageri dira. Euskal pertsonaia ematen badu ere, Lamiaren pertsonaia Grezia zaharreko sinesmenetan presente zegoen, mitologia klasikoetan existitzen baitzen. Bitxikeri moduan esan daiteke euskal lamiek, beraien komunitateetan, arrak dituztela. Maideak edo Lamia arrak dira. Tradizioaren arabera, euskal lamia onbera zen eta, hainbatetan, gizonen eta lamien arteko harremana erotiko eta sexuala izan da. Horietariko batzuk ezkontzan amaitu ziren.

5. Zaldi

Animali honek Euskal Herriko hainbat ipuinetan agertzen diren menpeko izpiritu batzuen irudia hartzen du. Kobazulo eta leizeak zaintzen dituzten zaldiak; artzainak herrestan eramaten dituzten zaldi hegalariak... Zaldia zuria eta hegalaria zenean, Mariren haragitzetako bat zela uste izaten zen, jainkosaren berragerpen bat edo. Aralar, Ataun edo Berastegin zaldiarekin lotutako kondairak zeuden.

6. Zezengorri

Lurrazpiko izpirituen metamorfosi arruntena dugu zezengorri edo zezensuzko. Euskal Herriko koba eta leize asko daude Zezengorriaren babesean, eta honek bertan sartzen direnen aurka jotzen du edo harriak jaurkitzen dizkie. Sinesmen hau Betizurekin lotuta dago, aitzinean gure mendietan zehar bazkatzen zen behi basatia. Behigorri, aldiz, espresuki Mariren agerpen batekin identifikatzen da. Aralar, Sara, Etxalar bezalako herriek halako izpirituen kondairak badituzte.



Joaldunak

Zubieta-Ituren. Ardi larruz jantzita, joaldunek inauterien hasiera iragartzen dute: zintzarriak joz, natura esnatzera bultzatu nahi dute. Jatorrian uste da erritu horren bidez espiritu txarrak uxatzen zituztela. Iturengo joaldunek bularraldean ardi larrua eramaten dute, eta bertan zintzarriak zintzilikatuak dituzte. Zubietarrek, berriz, alkandora zuri bat eramaten dute. Ohiturak dio goizez herriko haurrak etxerik etxe eskean joaten zirela opari edo jaki gozoren bat jasotzeko. Gazteak, berriz, gauez irteten ziren.



Ziripot

Lantz. Bitxia eta lodikotea. Lastoz beteriko zakuak daraman gazte bat da. Honekin lodi eta komiko itxura hori eman nahi zaio. Hala ere, kolpeetatik babesteko ere bada. Makila luze bat erabiltzen du ibiltzeko. Aurpegia estalirik darama eta emakume itxura ematen dion kapela darama.Lesakan antzekopertsonaia dute: Zakuzaharra. Estetikoki Ziripoten antz handia dute. Aurrealdean lasto gutxiago eramaten dute. Gainera, Lantzen Ziripot bakarra ateratzen da eta Lesakako kalejiran, berriz, hainbat Zakuzahar doaz.



Momotxorroak

Altsasu. Ezagun bihurtu da Euskal Herri osoan Altsasuko momotxorroen irudia. Artile eta adarrak jantzita, eta eskuak eta oihalak animalia odolez zikinduak dituztela zeharkatzen dituzte kaleak, Urbasako behi basatiak irudikatuz.



Hartza

Arizkun. Hartza Arizkungo inauterietako pertsonaia da, eta negu gorriaren ondoren esnatzen den natura irudikatzen du. Euskal Herriko folkloreanetxabere zaindaritzat jotzen da. Negua lotan ematen duen animalia izaki, San Blas egunez (otsailaren 3a) ezkutalekutik atera ohi da. Une horretan ilbetea bada, zulora itzuli eta negua luzatuko dela pentsatzen da. Ilberria bada, negua amaitu dela esan nahi du. Hartza, beraz, berpizkundearen sinboloa da, udaberriaren etorreraren adierazlea.



Miel Otxin

Lantz. Miel Otxin da, Ziripotekin batera, Lantzeko inauterietako pertsonaia nagusia. Hiru metroko garaiera eta 30 kiloko pisua du, eta gaizkiaren ordezkaria zelako erretzen dute sutan inauterien bukaeran. Lapurra izanik mendian ibili ohi zela esaten duen bertso bat bada, eta herritarrak izutuak zituela dio. Aurpegia mozorrotu eta bidera ateratzen zen Miel Otxin ibiltariei ondasunak kentzera, eta Ziripotek harrapatu zuen. Inauterietako kalejira bukatzean txatxoek ematen diote su.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.