EZARIAN. Laino, euri eta harri

Done Jakue bidearen etapa politenetakoak dira Donibane Garazi eta Iruñea artekoak. Pirinioetan gora bat, eta Arga ibaiaren albotik bestea.

jon ordonez garmendia
Donibane Garazi-Iruñea
2010eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Donibane Garaziko harresiek gordetzen dituzte Done Jakue bideko ibiltariak, bideari ekin aurreko azken gauean. Osteguna da, eta isilik dago hiria, baina Pirinioen magalean herrialde askotako hizkuntzak entzun daitezke gau batean, bai eta hurrengoan ere. Hitz leunak dira, ordea, iluntzen hasi orduko aterpetxeetako logelak lokartzen dituztenak. Eguzkiarenak egin orduko amaitzen zaie Done Jakue bideko ibiltariei azken prestaketak egiteko astia. Goizeko seiak espero baino lehen argitzen dira, eta sakeletako telefonoen iratzargailuekin hasten da erromesen dantza: zitadelarako bidea ematen duen zubia zeharkatu, eta Santiagora bidean eguneko lehen aldapak ageri zaizkio ibiltariari. Done Jakue bide osoan etapa gogorrenetariko bat omen da Nafarroa Behereko hiriburutik Orreagara arte (Nafarroa) doana: Lepoeder gainera bitartean, 1.200 metroko desnibela, 21 kilometrotan gora.

Kale barruko aldapak gainditu ostean, Orissongo aterpetxera bitartean belazeek osaturiko paisaiak utzi ditu agerian bailarak, bidaiariari gero ez bezalako aukera emanez inguruaz gozatzeko. Lehen aldapa piko horiek ibiltariaren pentsamenduak lehen aldiz neurtzeko balioko dute; are gehiago, behe lainoa sartu eta bere zuritasunarekin ibiltaria bildu eta, nolabait, isolatu duenean. Bakardadea handiagoa da, gainera, ibiltari bakoitzak bere pausoa hartu, eta Donibane Garazin sortu diren taldeak pixkanaka hautsi direnean. Hotza da goiza, eta bideak bere modura ibiltariak berotzen dituen arren, Orissongo aterpetxean gaua pasatu duen Irlandako ikasle taldea praka motz eta elastikoetan gorde da.

Bideak ez du atsedenik ematen, eta lanbroak ere ongietorria egin die bideko lagunei. Behe lainoa aurrean, ibiltarien begiak lurrari iltzatu zaizkio, eta norberaren pentsamenduen oihartzuna soilik da entzungai bailaran. Hiru ordu pasa ondoren, aldapa amaigabea dirudi Done Jakue bideko etapa honek duenak. Enarak batetik bestera pasatzen ikusten dituen zuhaitz zaharrak bezala ikusten ditu bideak ibiltariak igarotzen Done Jakue urte batez, baina Orreagarako igoeran barraskiloak bezala ageri dira, bustita, motel eta euritarako kapa motxila gainetik jantzita. Urkulurako bidea ezkerretara utzita, gainera, lokatzezko bidea hasi da. Bi gurutze ageri dira laino artean; ikusteko lanak izanagatik, Done Jakue bideko seinaleak ondo baino hobeto kokatuta daude.

Jaitsiera, azken koska

Hi eta Bonjour agurrak dira nagusi ibiltarien artean, Nafarroa Beherean nahiz Garaian. «Egun on zuei ere, parte onetik!», erantzun du artzainak itxitura konpontzen duen bitartean. Mugarik ez dute Pirinioek goi-mendietan; Navarra-Nafarroa mugarriak bere bakardadean betetzen du bere funtzioa. Ibiltariak barrenean darama muga, eta Bentarte eta Lepoeder gainek irudikatzen dute muga hori. Azken hori gainditu ostean, Orreagara arteko jaitsiera zaila da koska bakarra. Donibane Garaziko ostalariak zioen moduan, Ibañetarako jaitsiera seguruagoa da, eta ibiltariek basoko lokazti irristakorra saihestu dute. Sei ordu eta erdiko bidaiaren ostean barneratu da ibiltaria Orreagako patioetan, horma zahar eta ate ilunak zeharkatuz. Erromesen bulegoan ibiltariaren txartela sinatu, eta aterpetxean du ibiltariak bere atsedena.

Motxila lurrean utzi, eta botak eranztean ahaztu egin du ibiltariak non dagoen. Une horretan balio duen arte bakarra giharrak luzatzearen artea da, eta dutxatik pasatu ostean, Orreagako aterpetxean dauden 120 ohatilak pixkanaka bete dira, bidean lagun izan diren ibiltariekin. Done Jakue bideari Izarrena esaten zaio, eta atsedenlekuak hizkuntzenak direla esan behar: ingelesa, suediera, alemana, nederlandera... Euskararen arrasto bakarra informazio azalpenetan eta irakurgai dagoen Biblia batean dago. Arratsaldeko seiak, ordea, gaueko hamarrak dira ibiltariarentzat. Argiak gaueko ordu horretan itzaltzen dituzte, baina bidearen nekearen poderioz loari eutsi ezin diotenak ugarituz doaz arratsalde osoan. Jende askorentzat ezezaguna izan arren, Hegoaldean batez ere, ederra bezain gogorra da Donibane Garazitik Orreagara arteko etapa, eta lehen biharamunaren zain bete dira lo zakuak.

Bertikaletik horizontalera

Gaueko hamarretan argiak itzali, eta goizeko seietan pizten dituzte Orreagako aterpetxea kudeatzen duten herbeheretarrek. Goiz da, euria egiten du, baina nagia inarrosi eta bidean bustitzera sartu dira ibiltariak, lokatz artera. Hala ere, Donibane Garazi eta Iruñea lotzen dituen ibilbidearen lehen egunean ez bezala, bigarren honetan berehala agertu dira herriak: Auritz, Aurizberri, Bizkarrete... «Zuek zarete pasatzen bigarrenak, eta sartzen lehenak», dio azken herri horretako tabernariak. Ez da gutxi goizeko bederatzietan, euripean oinez bi ordu eta erdi pasa ondoren, kafe beroa hartu ahal izatea.

Donibane Garazitik Orreagara bitartekoa lainoaren etapa izan zen, eta Orreagatik Iruñera bitartekoa harriarena da. Baso artean egin dio leku bideak ibiltariari, eta lokatz arteko harri puska zatiak galtzada itxurako beste zati batzuekin tartekatu dira. Bezperan ez bezala, bidea samurra da, baina bezperako minak ere agertu dira, agertu direnez, berandu baino lehen. Luzea da Nafarroako hiriburura arteko bidea, 45 kilometrokoa, baina zeharkatzen diren herriak tartean, atsegina ere bada batetik bestera salto egitea.

Orreagatik seiak eta erdietan abiatu, eta hamaikak eta erdi dira Zubirira iristerako. Goiz ilunak eta euri tantek, ordea, oharkabean eraman dute ibiltaria. Atertu du Zubirin, eta lainoek pixkanaka zabaldu duten argitasuna baliatuz, gorputzak Larrasoañara etenik gabe joatea agintzen du. Lau kilometro besterik ez, eta eguraldiak ordura arte ikusi gabeko irudia eskaini die ibiltariei Larrasoañan, kontzejuko enparantzan luzamenduak egiten, plazako iturrian botak garbitzen, lurrean atseden hartzen; alegia, eguzkiaz gozatzen.

Orreagatik Iruñerako bidea luzea da, eta Zubiriko edo Larrasoañako aterpetxeetan geratzea gomendagarria da aurretik ondo prestatu ez denarentzat. «Beti iristen da», dio kataluniar batek bidean, baina tentuz jokatzen ez bada, iristeko modurik txarrenean irits daiteke. Larrasoañatik aurrera, egunaren lehen zatian egindakoaren antzerakoa da bidea: baso bideak, gehienbat estuak, lokatzez eta harri kozkorrez beteak, tartean gorantz eta gehienetan beherantz; alegia, oso nekagarria. Done Jakue bidean norberak bere bidea egiten duela esan ohi da, eta ez litzateke ahaztu behar norberak bere atsedenlekuak ere aukeratu behar dituela.

Arga ibaiak laguntzen du bidea Iruñera arte, eta Iruñera iritsiko diren ur horien gainetik pasa da ibiltaria. Ez hori bakarrik, tarteka-tarteka bainatzeko aukera ere ematen du ibaiak. Hori baino tentagarriagoa da, ordea, Iruñera ur gainean jaisteko ideia. Luze egiten dira Arrera arteko azken kilometroak, mendiak atzean geratu ondoren Iruñea gertu dagoela diruditen horiek. Paisaia itxietara ohituta, bidea Iruñerrira sartzen ari delarik, distantziak laburtu egiten direla dirudi, baina ez da horrela. Ollokitik Arrera arteko bideak ezer gutxi eskaintzen du gozatzeko; errepidea ondoan, hiriaren atari besterik ez da. Eta behin Arrera iritsita, Atarrabian bidea errepide eta espaloi egiten da, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen aterpetxera bitartean bost kilometroz ibiltariaren oinak behin eta berriz minduz. Bostak dira aterpetxean sartzerako, eta nekea eta mina bat eginik hartu du ostatu ibiltariak. Hamar ordu eta erdi Orreagatik Iruñera iristeko. Done Jakue bidean bi egun, Donibane Garazi eta Iruñea lotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.