EZARIAN. MEGALITOAK. Harrizko hilerria

Goizueta inguruan, Brontze eta Burdin Aroko harrespilak, trikuharriak eta tumuluak daude; ondare hori ezagutarazteko, bi ibilbide megalitiko osatu dituzte.

IZARO ARROITA DONOSTIA
2008ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herriko mendietan ugariak dira harriz osatutako zirkuluak, mota guztietako harri pilaketak, Pirinio aldera batez ere, gutxi gorabehera Leitzarango bailaratik hasita. Ez dira haitz soilak, ez daude halabeharrez horrela jarrita. Gure arbasoek, antzina, beren hilak ehorzteko jasotako megalitoak dira; harri handiz eraikitako monumentu misteriotsuak.

Pirinio aldean trikuharriak, tumuluak eta harrespilak daude, Leitzarandik hasita Aran haraneraino, Kataluniaraino. Goizueta (Nafarroa) inguruan, ugariak dira harrespilak (mairu baratzeak edo jentil baratzeak), hau da, harriz osatutako biribilak. Leitzarandik mendebaldera, aldiz, oso bakanak dira monumentuok; adituek ez dakite ziur zergatik. Gune hori kulturen arteko muga zela diote batzuek. Dena dela, inguru horretan jende asko bizi izan zela adierazten dute, eta orduko biztanleek lan handia egiten zutela euren hildakoak ehorzteko.

Baina mendeen joan-etorriaren, lapurreten eta azken urteotan basolanetarako erabilitako makinen ondorioz, monumentu horietako asko hondatu egin dira. Ondarea babesteko eta ezagutarazteko helburuarekin, Goizuetan zortzi bat kilometroko bi ibilbide megalitiko prestatu zituzten joan zen udan, Aitasemegikoa eta Alkasoaldekoa, monumentuak identifikatu eta txukundu, eta seinaleak jarri ondoren.

Hilobi zaharrak

Megalitoak hainbat motatakoak izan daitezke. Goizueta inguruan, ordea, harrespilak daude batez ere. Burdin Arokoak dira, duela 2.600 bat urtekoak. Egoera onean iraun dute askok, eta ugari dira, ia laurogeita hamar, bi ibilbideen barruan; Errekalekun, adibidez, 26 harrespil daude bata bestearen ondoan. Harriz osatutako zirkuluak dira, Stonehenge-koa (Erresuma Batua) bezalakoak baina txikiagoak, bi metrotik bederatzi bat metrora artekoak. Itxurari dagokionez, batzuk tumularrak izaten dira, besteak kontzentrikoak, eta gehienak sinpleak. Hildakoen errautsak gordetzen zituzten barnean, harrizko edo lurrezko kutxetan.

Trikuharriak Brontze Arokoak dira, duela 5.000 urtekoak. Hildakoak ehorzteko hil ganberak dira; lurrean sartutako bi harri, eta gainean hirugarrena, estalkia. Harri txikiz eta lurrez estaltzen zuten guztia. Tumuluak, berriz, harri eta lur multzoak dira, Aitasemegikoa eta Arramaletakoak, esaterako, eta hildakoen errautsak gordetzeko egiten zituzten. Harrespilen garai bertsukoak dira. Hainbat motatako monumentuak eraikitzen zituzten, beraz, banaka nahiz multzoka, handi nahiz txiki, ezkutuan nahiz agerian, hildakoen omenez.

Ibilbidea historiaurrean

Ondare hori babesteko zerbait egin behar zutela ohartu ziren Goizuetan, harrespil batzuk hondatzen ari baitziren. Horregatik, ibilbide megalitikoen proiektua prestatu, eta 52.700 euroko inbertsioa egin zuten; 6.324 euro jarri zituen Leader+ programak, 30.566 euro Nafarroako Gobernuak, eta gainontzekoa Goizuetako Udalak. Cederna-Garalur elkartearen eta Hilharriak taldearen laguntza ere jaso zuen proiektuak, eta Idoia Legarreta arkitektoak bideratu zuen.

Lehenengo, monumentuak identifikatu zituzten, eta gero ibilbideak osatu. Aitasemegikoa Goizuetaren ekialdean dago, eta 33 megalito ditu, 7.7 kilometrotan. Alkasoaldekoa, berriz, mendebaldean dago, eta 55 monumentu ditu, 8.7 kilometrotan. Azken horretan dago ibilbideotako trikuharri bakarra, Añoneakoa.

Ibilbideetara eroso iristeko aparkalekuak prestatu zituzten, eta harrespil batzuetara ere autoan joan daiteke, bertaraino. Beste batzuk ikusteko, berriz, oinez nahiz mendiko bizikletaz egin behar da bidea.

1982an ere seinaleak jartzeko lanetan aritu ziren, baina zaharkituta geratu ziren. Ibilbide berriak osatzean, harrizko monolitoak jarri zituzten monumentuen ondoan, aluminiozko xafletan izena eta bestelako informazioa zutela. Gainera, panelak ezarri zituzten ibilbideetan eta herrian bertan, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Triptikoak ere eskura daitezke udaletxean, ibilbideen inguruko informazio zehatzarekin.

Baina Goizueta inguruko lur sailak oso zabalak eta malkartsuak dira, eta ibilbideetan herritik gertu eta egoera onean dauden monumentuak sartu dituzte; oraindik hainbat monumentu dago seinalerik gabe. Beraz, lana dago egiteko antzinako arbasoek utzitako ondarea zaintzeko eta gordetzeko, etorkizuneko belaunaldiek ezagutuko badute.



Xabier Taberna Ibilbideak osatzeko kanpo laneko arduraduna

«Gure herriko ondarea gordetzea da kontua»

I. Arroita Donostia

Xabier Taberna goizuetarra Hilharriak taldeko kidea da, eta ongi ezagutzen ditu inguruko monumentuak; kanpo lana egin du ibilbide megalitikoa osatzeko proiektuan.

Nolatan sartu zinen Goizuetako megalitoen proiektuan?

Lehenagotik ezagutzen nituen monumentuak, larunbatero egiten baitugu irteera Hilharriak taldearekin. Karta megalitikoa egiteko konpromisoa hartu genuen Nafarroako Gobernuarekin; monumentu ezagunak zaintzen ditugu, fitxak egin, eta berriak bilatzen ditugu. Ondarea katalogatzea da kontua.

Nola osatu dituzue ibilbideak?

Gure ustez, hemengo monumentu politenekin; autoan nahiz 4x4an, bizikletaz nahiz oinez, jendea bertaratzeko, ikusteko eta ikasteko. Alkasoaldeko ibilbidea Goizuetatik mendebaldera dago. Hor dago inguruko trikuharri bakarra, Añoneakoa. Monumentuak multzotan agertzen dira batzuetan, bata bestearen ondoan, eta Alkasoaldean, Pirinioetako talderik handienetako bat dago, Errekalekukoa; 26 harrespil ditu. Badira oso tumulu politak ere. Aitasemegiko ibilbidea, berriz, Goizuetatik ekialdera dago. Gehienbat oinez egin behar da bidea, eta ez dago trikuharririk, baina oso mairu baratze eta tumulu politak daude.

Jende gehiago joaten al da Goizuetara ibilbide megalitikoak direla eta?

Bai, nabaritu da jendea monumentuak ikustera etorri dela. Guri ondarea gordetzea interesatzen zaigu, baina horrek herriari beste bultzada bat ematen badio turismoaren aldetik, askoz hobeki. Goizueta Leitzatik 20 km-ra dago, eta Hernanitik 25 km-ra. Leku apartatua da, lasaia eguna pasatzeko. Gure ondarea ezagutaraztea da kontua. Hemengo jendeak ezagutzen zituen gauza horiek, baina askok ez zekiten zer ziren.

Ondare megalitikoa altxorra da, beraz.

Bai. Areago, trikuharriak altxor ezkutuekin lotu izan dira. Ziur asko, garai hartan hildakoak bere gauzekin lurperatuko zituzten; makilarekin, kutunekin, aizkorarekin... Indusketak egitean, azaldu izan dira gezi puntak, edo eraztunen bat. Horregatik, hildakoaren gauzak osteko asmoz, gerra garaian monumentu asko urratu zituzten dinamitaz. Gaineko harria oso pisutsua zen, eta dinamitarekin zartatuta, kamera agerian uzten zuten. Baina lapurreta horiek ez dira oraingo kontua. Garai batean ere ostuko zituzten hildakoen gauzak. Azken urteotan, gainera, monumentu batzuk puskatu egin dira basolanetarako makinekin.

Zergatik dira bereziak Goizuetako megalitoak?

Ezberdintasunak dituzte beste leku batzuetako harrespilekin alderatuta. Famatuak dira Bretainiakoak eta Irlandakoak, esaterako. Hemengoak txikiagoak dira; bi metrotik hamar bat metrora artekoak. Ez dira denak berdinak. Ez dakigu zehazki zer esan nahi duten; zergatik dauden hainbeste inguru honetan. Baina, jakinez gero, xarma galduko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.