Baleazaleen Nazioarteko Batzordean (BNB) 1986. urtean onartu zen mundu osoan baleak komertzialki arrantzatzea debekatzen zuen luzamendua, agerikoa baitzen zetazeo horien iraupena arriskuan zegoela. II. Mundu Gerraren ostean, Sobietar Batasunak eta Japoniak proteina behar larriak zituzten, eta horrek ia hondamen erabatekora eraman zituen ordurako arriskuan zeuden baleak.
Hala ere, debekurik ez zen iritsi 1986 arte. Orduz geroztik, nabarmen murriztu da balea arrantzatzen duten herrialdeen kopurua -bizirik irauteko balea harrapatzen duten herrialde indigenek baimendua dute arrantza hori-.
Baina 1984tik 2008ra artean, BNBren datuen arabera, 30.000 balea harrapatu dituzte ozeanoetan: hiru herrialdek ez dute-eta debekua betetzen. Bi herrialdek, Norvegiak eta Islandiak, debekuari eragozpena adierazi zioten, erabakiak haien interes nazionalei egiten zielako kalte. Norvegia 1994an hasi zen atzera baleak arrantzatzen eta Islandia 2006an.
Japoniak, berriz, AEBen presiopean, ez zion eragozpen ofizialik jarri debekuari, baina, ikerketa zientifikoaren izenean, urtero gutxienez 1.000 balea arrantzatzen ditu.
Urtero legez, hiru herrialdeek baleak arrantzatzeko debekuaren luzamendua deitzen diotena eteteko eskatuko dute Baleazaleen Batzordearen biltzarrean. Igande honetatik hasita, Agadirren (Maroko) egingo da biltzarra. Eta aspaldiko interesgarriena izan daiteke; besteak beste, batzordeko presidente Cristian Maquieira txiletarrak berak proposatuta, debekua kentzea eztabaidatuko baitute.
Deigarri gerta daitekeen proposamen horrekin ezinezkoa zirudien gauza bat lortu du Maquieirak -ez da biltzarrean izango, osasun arazoengatik-: herrialde guztiak ados jartzea: bere proposamenaren kontra.
Batetik, debekuarekin jarraitzea nahi duten herrialdeak daude, hiru herrialde arrantzaleen kontrako neurriak ere eskatuz. Australiak berak Japonia auzitara eramana du, bere uretan baleak arrantzatzeagatik.
Bestetik, herrialde arrantzaleek eta haien interesak sustengatzen dituzten beste herrialde batzordekideek ere ez dute gustuko Maquieiraren proposamena.
Batzordeko presidenteak argi utzi du proposamena negoziaziorako abiapuntua dela soilik. Hori bai, argi du herrialdeak «negoziatzera kondenatuta» daudela, «negoziazio horien barnean dagoelako baleen etorkizuna».
Maquieiraren proposamenaren ildo nagusiak hauexek dira:
Hamar urtez balea arrantza baimentzea, arrantza batzordearen erabateko kontrolpean egiteko baldintzarekin, eta arrantza zientifikoaren izenean egindako harrapaketak bertan behera utzita. Baimendutako arrantza hori batzordeak ezarritako gehieneko kuotapean egingo litzateke.
Arrantza kuotak gaur egungo harrapaketa kopuruaren azpikoak lirateke nabarmen.
Kontrol neurri zabalak ezartzea, arrantzontzietan behatzaileak ezarriz. Legez kanpoko balea arrantza bai arrantzatzean bai merkaturatzean detektatu eta eteteko, baleen DNA erregistroa ezartzea eta publiko egitea.
Gaur egun balea arrantzatzen duten hiru herrialdeek lukete soilik arrantzan jarraitzeko baimena: Islandiak, Japoniak eta Norvegiak.
Iraupenerako herrialde indigenen balea arrantza ez litzateke ukituko.
Maquieirak debekua kentzea eta kuotak ezartzea defenditzen du, beraz. Presidenteak azaltzen duenez, «gaur egun, herrialde balea-arrantzaleek euren aldetik erabakitzen dute zenbat ale harrapatu, demagun, helburu zientifikoekin». BNBren datuei begiratuz, urtetik urtera nabarmen igo dira esaterako Japoniaren harrapaketak. «Guztira, 1990ean, 300 balea harrapatu zituzten, eta 2008an, 1.900. Ezin dugu sistema berarekin jarraitu. Sistema berria gogorra da, baina pragmatikoa», defenditzen du Maquieirak.
Japonia Antartikatik kanpo
Kuotak ezarriz, ikerketa zientifikoaren argudioa ezabatuta, Japoniak ezingo luke balearik arrantzatu Baleen Antartikako Babeslekuan. Eta negoziazioan Atlantikoko hegoaldean beste babesleku bat eratzeko proposamena sartuko litzakeela iradokitzen dute batzordean. DNA erregistroarekin balea haragiaren merkaturatzea mugatu egin nahi luke batzordeak Islandiara, Japoniara eta Norvegiara. Gaur egun, hala behar luke, baina Japoniak «zientziarako» arrantzatutako baleen haragia topatu dute Seulgo (Hego Korea) eta Los Angelesko (AEB) bi jatetxe japoniarretan.
Herrialde balea-arrantzaleek ez dute halako kuotarik nahi. Herrialde kontserbazionistek, besteak beste, zalantzak dituzte balizko kuoten gaineko kontrol neurriekin. Gainera, bizirik dagoen baleak dirutan ere hilak baino gehiago balio duela diote. Iaz, baleak ikusteko irrikatan zeuden 120.000 turista hartu zituen Valdes Penintsulak (Argentina).
Debekua kendu ahal izateko batzordekide diren 88 herrialderen bozen %75 behar dira. Egun, haren aldekoak eta kontrakoak erdi eta erdi direla esan daiteke.
EZARIAN. ZIENTZIA. Debekuaren amaiera?
Baleazaleen Nazioarteko Batzordeak igandean hasiko du urteroko biltzarra, Marokon, erakundeko presidenteak baleak arrantzatzeko debekua kentzea proposatu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu