«Haran eta mendien artean, naturaren erdian, bada leku bat zure seme-alabak hazteko eta aurrera egiteko. Nerabezaroaren arazoak konpontzeko teknika berritzaile eta terapeutikoak erabiltzen ditugu». Telebistako iragarki batean entzungo da hori, Tall Pines Academy-ko zuzendari Evelyn Wade-ren ahotsean, zeina Toni Collette aktore bikainak gorpuzten duen.
Wayward thriller bat da, eta beldur psikologikoa eta komedia iluna uztartzen ditu. Iragarki horretan aipatzen den hiri itxuraz idiliko batean girotuta dago, eta arazoak dituzten nerabeentzako eskola baten ingurukoa da; eskola horretan, ordea, ezer ez da izango dirudiena.
Bitxia da telesailari Wayward izena eman izana. Izan ere, 2015ean Wayward Pines telesaila estreinatu zuten, eta, sinopsia irakurtzean, lehen begiratuan, antzekotasun ugari sumatzen dira: herri bitxi bat, pertsonaia misteriotsuak, sekretuak... Baina Wayward ikusten hastearekin batera, uxatu egiten dira antzekotasunak.
Telesaila bi ikuspegitatik kontatuko da nagusiki: Alex Dempsey (Mae Martin) Tall Pinesera iritsi berria den poliziaren ikuspegitik, eta Laura (Sarah Gadon) haren emaztea eta herriko akademiako ikasle ohiarenetik. Narratiba poliki-poliki garatuko da, ikusleei pistak deszifratzeko aukera eman eta herriko sekretuen sare konplexua ezagutzeko; tentsioa eta misterioa modu neurritsuan eraikiko dira.
Ekoizpenak etengabe jokatuko du tentsio bisualarekin eta ziurgabetasunarekin; ikusten ez den baina sakonki sentitzen den misterioa du oinarri. Tall Pines fikziozko hiria enkoadraketa zabalekin erakusten dute, klaustrofobia eta etengabeko zaintza sentsazioa sortzen duten plano itxiekin kontrastatuz. Argiztapen natural ugari erabiltzen da, tonu hotz eta itzal nabarmenekin nahastuta, eta horrek misterioa eta giro kezkagarria indartzen ditu. Enkoadraketen simetriak eta ispiluetan zein uretan sortutako islak dualtasunaren eta sekretu ezkutuen gaia modu sotilean indartzen dute.
Misterioa, izua eta umore beltz apur bat modu orekatuan uztartzen ditu, eta thriller psikologiko biziki gomendagarria da Wayward. Haren indarguneak: girotzea, arretaz eraikitako gidoia, Toni Colletten antzezpen lana eta Mae Martinen begirada, sortzaile eta protagonista moduan.
Euros Lyn eta Mae Martin
Wayward telesailak nortasuna duela esatea ez da kasualitatea: horren atzean pantaila txikiko bi izen garrantzitsu daude: Mae Martin eta Euros Lyn. Lyn zinema eta telebista zuzendaria da, Galeskoa; Netflixerako Heartstopper telesail ezaguna zuzentzeaz gain, ibilbide oparoa du telesailen munduan. Doctor Who (2005–2010) enblematikoaren zenbait kapitulu zuzendu ditu, baita Sherlock, Black Mirror, Daredevil, His Dark Materials, Broadchurch, Happy Valley, Last Tango in Halifax, Casualty, Cucumber eta halako telesail ezagunak ere.
Mae Martin, berriz, diziplina anitzeko artista da, Kanadakoa: komediantea, aktorea, gidoilaria, musikaria eta eduki sortzailea. Telebistan, stand-up-ean eta musikaren arloan egindakoengatik da ezaguna. 2020an, Feel Good komedia idatzi, eta haren protagonista ere izan zen. Wayward telesailean, Martin ez da bakarrik sortzaileetako bat; aktore protagonista ere bada.
fitxa
- Sortzaileak. Mae Martin eta Euros Lyn.
- Herrialdea. Kanada.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Mae Martin, Toni Collette, Sarah Gadon eta Sydney Topliffe.
- Non ikusi. Netflix.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Thrillerra, drama.