Carmelo Zaita. Tutera-Bilbo trena 1863-2013' liburuaren idazlea

«Ezin da ukatu trenak Bilboren historian izan duen garrantzia»

Mende eta erdi igaro da Bilbo eta Tutera arteko trenbidea eraiki zutela. Industrian izan zuen garrantzia goraipatu du Zaitak.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
150 urte igaro dira dagoeneko Bilboko Abandoko geltoki zaharretik lehen trena abiatu zela. Bilbo eta Orduña (Bizkaia) arteko ibilbidea egin zuen, baina jomuga haratago zeukan, Tutera (Nafarroa) aldean. Nafarroa eta Bizkai arteko garraio berri hark berebiziko garrantzia izan zuen Euskal Herriko industrializazio prozesuan, Bizkaiko hiriburua Madril eta Irun (Gipuzkoa) arteko trenbidearekin lotuko baitzuen. Mende eta erdi geroago, eta bizitza guztia trenen alboan igaro ostean, Carmelo Zaitak Tutera Bilbo trena 1863-2013 liburua aurkeztu du.

Zer ekarri zion trenak Bilbori?

Hasteko, trenak hiriaren historian izan duen garrantzia ukaezina da, ordura arte gurdiz egiten zena trenez garraiatzen hasi baitziren. Burgosera [Espainia] arte joateko, bi egun behar ziren; trenarekin, aldiz, ordu gutxi batzuetan egiten zen bide hori. Garraio horrek komertzioa eta industria erabat garatu zituen.

Nolakoa zen Bilbo garai hartan?

Ez zeukan gaur egungo metropoliarekin zer ikusirik. Bilbo Zazpikaleen inguruan eraikitakoa zen soilik. Udaletxea San Anton elizan zegoen, izen bereko zubi zaharraren ondoan. Garai horretan industria garatzen hasi zen, eta hiribilduko lehenengo labe garaia Bolueta auzoan eraiki zuten, Romualdo de Arellanok zuzentzen zuen Santana izenekoa.

Zer aldaketa izan zituen Bilbok trenarekin?

Beste leku batzuetan bizi zirenak Bilbora hurbiltzea ahalbidetu zuen trenak, baina garrantzitsua da nabarmentzea ere emigrazioaren fenomenoa industrializazioak eragin zuela. Trenbideak lekualdatze horri ate oso handi bat zabaldu ziola esan daiteke. Horrez gain, hiriaren eskema ere apurtu zuen: ordura arte, Abando auzo bat zen, eta trenaren eraginez, hiriaren parte garrantzitsu bilakatu zen.

Bilbo-Tutera garai hartako enpresarik handiena izan zen. Zerk egin zuen hura posible?

Garai hartan ekintzaile asko zeuden Bizkaian, eta horri esker, aurrekontuaren %40 kapital pribatuarekin osatu zuten. Bertako jendeak ez ezik, Madrilen edo Kuban zegoen jendeak ere dirua jarri zuen proiektuak aurrera egin zezan. Beste %40 inguru diru laguntzetatik lortu zen, eta azken zatia kreditu bitartez. Kuriositate modura, Banco de Bilbao, gerora BBVA izango zena, besteak bestea kapital hori guztia egituratzeko sortu zen. Beraz, esan daiteke BBVA Bilbo eta Tutera arteko trenbidearekin jaio zela.

Lan handia izan zen obra hura egitea garai hartan. Zer-nolako ahalegina egin zen?

Erresuma Batutik ekarritako 500 mando erabili ziren, eta mila langile inguruk egin zuten lan, bertako orografiak ez zuelako batere laguntzen. Pentsa, Bilbo eta Orduña arteko tartean trenbidea hamahiru aldiz gurutzatzen da Nerbioi ibaiarekin. Obraren lehen palakadak Charles Vignoles garai hartako ingeniari ospetsuak eta Pablo Epalza trenbidearen zuzendariak egin zituzten, eta espero zen jendetza zela eta, Burgostik batailoi militar bat bidali zuten.

Madril arteko bidea lortzeko borroka izan zuten Bizkaiak eta Gipuzkoak. Zergatik irabazi zuen azkenean trena Irunera heltzeko aukerak?

Bilbok ez zuen tamaina hartako obra baterako dirurik, eta Irungo proiektuak iritzi hobea zuen. Azken finean, bi puntu garrantzitsu egonkortu ziren mugaren alde honetara: Bartzelona eta Irun. Dena den, Bilbo trenbide sare nagusiarekin lotu zenean, Bilbo eta Bartzelona moduko bi portu garrantzitsu lotu ziren.

Trenak ezusteko asko izan al zituen?

Ordainketa bi aldiz eten zen, baina lehenengoari aurre egin zitzaion. Hondamendi handia izan zen bizkaitar gizartearentzat, konfiantza handia baitzuen trenak etekin handiak ekarriko zituela. Hortik dator Unamunoren «Bilbo-Tutera arteko trenaren akzioek gaztainak biltzeko bakarrik balio dute» esaldi famatua.

Garai hura trenbideen arrakastaren garaia izan zen. Uste duzu betiko trena desfasatuta dagoela?

Trena ez dago zaharkituta, garraio ahalmen handia ematen baitu. Oraindik ere diru laguntzen esklabo den garraio bat da, eta horrek zurruntasun handia eragin dio eta eragiten dio ere oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.