Oriotarra izanik, ezinbestean behar zuen arraunlari Ibon Gaztañazpik (Orio, Gipuzkoa, 1977). Urte askoan kresala azalean itsatsita eraman ondoren, lehorretik jarraitzen ditu orain estropadak, ETB1eko esatari gisa. Ez du lehenengo aldia, aurretik ere BERRIAn egin baititu kazetari lanak, orri honetan bertan, besteak beste. Gaur, baina, galderak egin beharrean, erantzunak emateko txanda du.
Uda, arraun denboraldia; baina badira bi urte arrauna utzi eta kazetari gisa jarraitzen duzula mundu hori. Nolakoa da?
Oso desberdina. Nik aurrena arraunlari moduan hogei urte egin nituen Orion; gero, bi urte entrenatzaile gisa Santurtzin, eta, orain, bigarrena dut kazetari moduan. Zalantzarik gabe, gogorrena, estresagarriena, entrenatzailearena da. Bi urte horiek arraunaren ikuspegia aldatu didate goitik behera.
Traineru gainean lehiatzearekin gogoratuko zara ba?
Egia esan, ez. Agian, nagoen tokian egoteko, osagarria izango zen hor beheran egotea, hor ikusten baita benetan nola dagoen arraun mundua. Baina, bestela, ez. Azkenean, nazkatu egin nintzen; hainbeste urte arraunean, nekatuta. Iaz, Kontxako Bandera iritsi zen... eta, ez, oraindik ez dit harrak barrua jan.
Urte horietan arraun munduan egingo zenituen lagunekin, informazio pribilegiatua izango duzu zuk.
Bueno. Batzuekin bai. Azkenean, adiskideak egiten dituzu; baina bestelakoak ere egiten dituzu. Ondo moldatzen zarenak, agian, informazioa emango dizu; baina, akaso, gaizki moldatzen zarenak ez dizkizu beste kazetariei esango lizkiekeenak kontatuko, itxiagoa da. Dena den, esan behar dut nik ez dudala arraun munduko inorekin arazorik eduki. Kontrakoa, jendea nirekin oso ondo ari da portatzen. Denengandik jasotzen ari naiz orain. Horretan, oso esker onekoa da arrauna.
Arraunlari, entrenatzaile eta kazetari izatearen artean, zein aukeratuko zenuke?
Ez dago aukeratzerik. Guztiek dituzte argiak eta itzalak. Intentsitate aldetik, gutxiena kazetariarena da. Benetako gladiadoreak uretan daude; gu, azkenean, lehorrean gaude. Hori bai, kazetari moduan zuzeneko bat egitea erronka handia da.
Izerdi gutxiago botako duzu gutxienez, baina ez da samurra izango.
Ez, ezta gutxiago ere. Nik arraun mundua ezagutzen dut, eta badakit zer espero duen jendeak. Ezin duzu edozer gauza esan, baina arriskatu egin behar duzu. Ez arriskatzeko, ez zaude. Bestalde, hizkuntza aldetik erreferente izan behar dugu, eta nik, hor, neure burua estutu egiten dut.
Hondarribiak fuerte hasi zuen San Miguel liga, baina Kaiku egurrean dabil orain...
Itxura dauka Kaikuren tirania bat izan daitekeela aurtengo liga. Baina, erne, nik ez dut inor ezagutu estropada jokatu gabe irabazi duenik. Izugarrizko lehia dagoela konturatu behar dugu, mundu guztia asko ibiltzen dela. Asko igo da maila, eta horrek handiago egiten du Kaiku egiten ari dena.
ARC ligan Orio eta Santurtzi dira lehenengo biak.
Oriok estropada guztiak irabazi ditu. Lehengo urtean jaitsi zen, eta aurtengo helburuak mailaz igotzea izan behar du. Gauzak ondo egiten baditu, lortuko duela uste dut.
Helburua da, edo betebeharra?
Hor dagoenak hori jakin behar du. Alegia, hor lanean ari denak laguntzeko ez den guztia gainetik kendu behar du, eta eguneroko lanean arreta jarri. Argi daukat Orioren helburu bakarra mailaz igotzea izan behar duela. Hortik aurrera datorren guztia ongi etorria izango da; baina helburua bat eta bakarra eta argia da: mailaz igotzea.
Olinpiar Jokoak guztion ahotan daude asteotan. Euskal Herrian hainbeste arraunlari egon arren, Londresen ez dago inor. Aulki mugikorra baztertuta dago erabat.
Orain bai, baina lehen ez. 1980ko hamarkadan Lasurtegik zilarrezko domina eskuratu zuen Los Angelesen, Moskun diploma izan zen Korta... Lehen, hemen izugarrizko arraunlariak zeuden aulki mugikorrerako. 1970eko hamarkada bukaeran eta 1980ko hamarkada guztian mundu mailako elite bat zen hemen. Hori galtzen utzi dugu; aulki mugikorrari hil kanpaia jo diogu. Tristea da. Orain, liga sortzearekin batera indar denak traineruaren baitara bildu ditugu. Nik ez dut esango hori txarra denik, ezta gutxiago ere, baina mugikorra galtzea...
Zergatik gertatu da hori?
Mila arrazoi egongo dira, ez dakit. Kontua da hau ez dela aulki mugikorraren eta aulki finkoaren arteko lehia, bi kirol osagarri gisa planteatu behar da; eta ez da beti horrela izan. Hori izan daiteke arrazoietako bat. Ligaren boom-arekin batera etorri da bestearen heriotza.
Ibon Gaztañazpi
«Ezin duzu edozer gauza esan, baina arriskatu egin behar duzu»
Arraunlari lehenik, entrenatzaile gero, eta kazetari azkenik. Gaztañazpi oriotarrak trainerua alde batera utzi zuen orain bi urte, baina arraunketara atxikirik jarraitzen du uda honetan. Traineru gainera igotzeko harrak ez dio «barrua jan» oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu