Taraka Larson. Prince Rama taldeko kidea

«Ezin gara hippyen garaiara itzuli, baina muga hautsi nahi dugu, utopian sartzeko»

Hare Krishnako komunitate batean ezagutu zuten elkar Prince Ramako hiru gazte estatubatuarrek, eta ordutik, psikodelia, kantu sakratuak eta popa nahasten dituzte taldean. Zaila da haien egitasmoa definitzen.

Edu Lartzanguren.
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Taraka Larson (Texas, AEB, 1987), haren ahizpa Nimai eta Michael Collins adiskideek osatzen dute Prince Rama taldea. Hare Krishna mugimenduan hazitakoak dira hirurak, eta Animal Collective taldeak fitxatu ditu,Paw Tracks zigiluan aritzeko. Gaur Gasteizen joko dute, Iguana kafetegian, 20:30ean eta doan.

Nolakoa da Hare Krishna komunitate batean haztea?

Gurasoak Hare Krishna mugimenduan sartu ziren 1960ko hamarkadan, baina gu [Larson ahizpak] Texasko herri txiki arrunt batean hazi ginen. Institutu garaian geundenean Floridara jo genuen, familia osoarekin, hango komunitate batera. Gurasoek eraman gintuzten, baina ni oso pozik nago nire heziketa espiritualarekin. Bestelako tradizio espiritualak ere ezagutu ditut.

Lotura handia egon da beti Hare Krishna mugimenduaren eta pop kulturaren artean. The Beatleseko kideak ere horretan ibili ziren; batez ere, George Harrison eta John Lennon. Give peace a chance kantan ere Hare Krishna abesten du Lennonek.

Nik ez dut lotura intelektualik egiten musika eta Hare Krishna espiritualtasunaren artean. Niretzat lotura guztiz naturala da, biek bihotzera hitz egiten didatelako. Gurea talde kontzeptuala da, arte kontzeptuala.

Zuen kantetako batzuk mantrak direla diozue, hau da, behin eta berriz esaten den hitz edo soinu bat, kontzientzia egoera aldatzeko. Norberak abesteko gauza bat baldin bada, entzuteko baino gehiago, zer zentzua du kontzertu batean mantrak abesteak?

Abestu eta erantzun moduko mantrak erabiltzen ditugu. Batek deia egiten du, eta beste batek erantzun. Prozesu zirkularra da. Beraz, horren bidez hausten da batek sortu eta besteak entzun eskema.

Zuen kontzertuek badute erritu kutsua. «Gune utopikoak sortzen» saiatzen ari zaretela diozue. Zer dira gune horiek?

Utopia ezlekua da, eta gu musikaren bidez saiatzen gara zulo beltz bat bezalako zer edo zer sortzen. Ez dugu misterioa sortzeko asmorik, misterioa hor dagoelako. Mugak hausten saiatzen gara, inguruan ditugun egiturak hausteko eta utopia horretan sartzeko.

Gehienetan tabernetan-edo aritzen zarete. Posible al da halakoetan gune espiritual bat sortzea, erdi mozkorturik dagoen jendeaz inguratuta, edo alkoholak laguntzen dizue jai dionisiakoa antolatzen?

Tabernetan jotzea ez zait kontraesana iruditzen. Are gehiago, halako paradoxetan sakontasuna dagoela iruditzen zait. Eta halako indarra dagoen tokietan kontra-indarra sortzea errazagoa izaten da batzuetan. Ez dugu inoiz arazorik izan jendearekin; kontrara, erantzun ona izaten dugu, jendea nahiko erlaxatuta egoten delako.

Urte luzez oso gaizki ikusita egon dira hippy gauza oro. Uste duzue garaia dela berriz adiskidetzeko mugimenduak utzitako ondarearekin?

Ezin gara une hartara itzuli, hainbat egoera eta baldintza historikoren batuketa berezia izan zelako. Orain beste testuinguru batean gaude, eta beste modu batean erantzun behar dugu. Orduan talde elkartasuna zen garrantzitsuena, eta gaur jendea bere kabuz bilatzen du, gizabanako gisa. Utopiaren inguruan instalazio bat egingo dugu Brooklyngo arte galeria batean, AEBetara itzultzen garenean.

Dantza egingo duzue Gasteizen?

Dantza egingo dut, noski, baina soilik jendeak eskatzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.