Txarto ordaindutako ogibidea zen, eta nekeza; hamabi orduko lanaldiak izan ohi zituzten, eta, hala ere, askorentzat nahikoa ez, eta beste lan batzuekin osatu behar izaten zuten soldata apala. Behar arriskutsua zen, gainera. Ontzia eta moila lotzen zituen egurrezko pasabide estua behin eta berriro gurutzatzen zuten, egunero, Bilboko portuan. Halakoa zen emakume zamaketarien lana: zeregin ezinbesteko bat Bizkaiko ekonomiarentzat, baina ahaztu egin dena denboraren poderioz. Amaia Apraiz Sahagun eta Maria Romano Vallejo historialariek langile haien jarduna eta bizipenak jaso zituzten ikerketa batean, 2024an, eta Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea erakusketa taxutu zuten hartan oinarrituta. Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan izan zen urte hartan, Bermeoko (Bizkaia) Arrantzale Museoan iaz, eta Bilboko Itsasmuseumen egin du habia aurten. Azaroaren 1era arte bisitatu ahalko da.
Ez zen izan salbuespenezko lan bat: kontrara, andreek mendeak eman dituzte zamaketari. Gutxienez XVI. mendetik ibili dira jardun horretan, Apraizen eta Romanoren arabera. 1598ko agiri bat jaso zuten ikerketan: Muskizko San Julian auzoko (Bizkaia) zamaketari batzuk aipatzen dira han, eta, dokumentuko datuetatik iradoki daitekeenez, gizonek eta emakumeek lan bera egiten zuten jada. 14 urterekin hasten ziren, eta baziren 89 urterekin ere beharrean segitzen zutenak.
Garai hartan, gizonen eta emakumeen kopurua antzekoa zen Bizkaiko zamaketan, baina laster desorekatuko zen. Izan ere, XVII. mendean, propio emakumeen lana arautzeko aurreneko ordenantzak onartu zituzten Bilbon, eta, hurrengo menderako, jada andreen lanarekin zuten zerikusia zamaketari buruzko ordenantzen ia gehienek. Hau da, lan feminizatua bilakatu zen. XIX. mendean, zehazki, instituzioak bereziki oldartu ziren behargin haien kontra. Historialarien esanetan, garai hartako gizarte burgesak gaitzetsi egiten zituen emakume langileak, eta jarrera horren isla dira, hein batean, udalak mende hartan argitaratu zituen arau zorrotzak. Esate baterako, 1894tik aurrera zamaketariek ezin zuten eremu publikoan egon, eta debekatu egin zitzaien espaloian ibiltzea.
Arau horiek zera ere ziurtatzen dute: langile horiek jasaten zuten indarkeria. Nagusiek jipoitu egiten zituzten, andre horien bizia arriskuan jartzeraino, zenbaitetan. Hori ere arautzen saiatu zen udala, bando batzuk argitaratuta. Eta langileen artean ere izaten ziren ika-mikak, batik bat hiriburutik kanpokoen aurka. Izan ere, lanak bultzatuta andre askok jo zuten Bilbora inguruko herrietatik: Gernika-Lumotik eta Bermeotik, baita urrunagotik ere, hala nola Nafarroatik eta Espainiatik. Jarrera erasokorrez aparte, lana berez zen arriskutsua: behargin batzuk erori egiten ziren pasabide estu haietatik, eta, kasurik okerrenean, itota hiltzen ziren, askok ez baitzekiten igeri egiten.
Greba eta sindikatua
Lanaldi luzeek, baldintza eskasek, indarkeriak eta errezeloak ondorioak izan zituzten. Mende hondarrean, 1899an, moiletako lehen greba egin zuten, eta 1903an emakume zamaketariak sindikatu egin ziren: Kaiko Langileen Elkartea sortu zuten. Indarra izan zuen, eta hedapena: elkarteak ordezkariak zituen lurraldeko hainbat herritan, hala nola Bilbon, Deustun —artean Bilbori anexionatu gabea—, Portugaleten eta Sestaon, eta ezinbestekoa zen afiliatua egotea zamaketari gisa behar egiteko. Hala ere, sindikatuak ez zuen ibilbide bereziki luzerik izan: 1920an zarratu zuten.
XX. mendea mugarria izan zen, hortaz, andre zamaketarientzat. Baina, era berean, orduan hasi ziren desagertzen, historialarien datuei erreparatuta. 36ko gerraren ostean nabarmen apaldu zen andre zamaketarien kopurua, eta gaur egun gutxiengoa dira sektorean: langileen %5 baino ez.