Ezkatak ageri dituen herria

Arrain Azokaren XX. aldia egiten ari dira Bermeon asteburuan, eta eguraldi ona lagun, jendetza bildu da herriko kale eta jatetxeetan arrantzarekin lotutako jarduera, azoka eta ikastaroetara.

Sukaldari bat atzo Bermeoko Lamera gunean Arrainaren Azokarako jarritako karpan bildutako jendearentzako kozinatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bermeo
2014ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Itsaso usaina du». Ez zuen berehalakoan lortu espero zuen erantzuna atzo tailerreko arduradunak. Mahai bakoitzeko hiru arrain fresko utzi, eta mikrofonotik egin zien galdera aurrean zituen umeei. «Zer usain du arrainak?». Arrain Azoka ospatzen ari dira Bermeon, Bizkaian, asteburu honetan, eta haurrei arrainen ezaugarriak erakusteko ikastaroa antolatu dute eguerdiro Lamerako gune didaktikoan. Umeak pozik animaliei ezkatak ukitu, ahoa zabaldu eta zakatzak irekitzeko aukerarekin, eta gurasoak irriz gidariari emandako erantzunekin. «Zer usain duen? Usain txarra!». Ezkatak ageri ditu Bermeok asteburu honetan.

Arrainak parrillan azokan, arrainak parrillan elkarteetako sukaldeetan, eta arrainak tabernetako pintxoetan. Jendetza bildu zen herrira atzo eguzkiak lagunduta azokaren XX. aldia ospatzeko, eta arrain usaina aditu zitekeen Lamera inguruan. Arrain giroa, kasik. Arrain dastatzeak, sukaldaritza erakustaldiak, musika, arrantzontzietara bisitak... Gustura, adibidez, Jabier Santamaria Layuno bermeotarra bisitekin, eta herrira inoiz egindako lehen bisitan Jon Oiartzabal eta Maria Piñeida irundarrak. «Asteburu-pasa gabiltza, eta Arrain Azoka zela entzun dugunez, etorri egin gara. Gu ere kosta ingurukoak garenez, gustuko dugu arraina».

Protesta hotsak ere bai ospakizunaren erdian. Portuko barandan LAB sindikatuaren kartela: Arrain kontserba erakustaldi asko, langileontzat eskubide gutxi. Konbenio duina orain. Azken itsasaldiak eragindako kalteen arrastoak ere bai olatu horman. Jendea kalean arrantzale atorra urdinekin, festan, inoiz lanerako izandako arropaz.

Berpiztu egin dute sirena hotsa ere. Arrain saltzaileei ontziak arrainez beteta zetozela esateko erabiltzen zuten garai batean, salmenta saiora joateko abisua pasatzeko. Baina Arrain Azokan baino ez da entzuten orain. Arrantzaleen kofradia zaharrean garai bateko arrain salmenta erakusten duen simulazioa hasiko dela abisatzeko. Marile Garate sareina zegoen bertan azalpenak ematen. «Lehen sareak eramaten zituzten 180 itsasontzi zeuden herrian, eta lau baino ez dira gelditzen orain». Eta buruz gero lau ontzien izenen zerrenda. Sareak ezagutzen baititu berak. Azalpenak eman aurretik sareak josten aritu zen, eta sareak jostera joan azalpenen ostean. Errealitatetik simulaziora, eta simulaziotik errealitatera. Pozik. «Herri txikia da geurea, eta beharko ba lagundu!».

Enkante zaharraren xarma

Lehen salmenta nolakoa zen erakusteko, garai bateko enkanterako erabilitako panela. Prezio aukera guztiak ageri dira bonbillaz osatutako zirkuluan, 9tik 0ra, —bonbilla gutxi batzuk erreta— , eta denbora pasatu ahala, jaisten doa kiloko prezioa. Txirrin txiki moduko batez geldiarazten dute beherako kontaketa erosleek prezioa ontzat ematean, erosiko duten kilo kopurua adostu, paperean apuntatu, eta kito. Garai batean hala zen, baina simulazio da orain. «Arrain Azokan bakarrik erabiltzen dugu panela, orain digitalizatuta dago dena».

Ume koxkorren eskaera itsasertzean: «Erosi ahuntz gazta, ama». Izan ere, estropada lehia ere izan zuten atzo, eta arraunean aritu berritan, indarberritzeko gogoz zen mutikoa. Gutizia gosez. Amak erantzuna: «Arrain Azoka da, ez dakit gaztarik egongo den. Arraina egongo da».

Gaur ere 11:00etan hasiko da azokako egitaraua, eta arratsaldera arte berriz itsaso usaina izango du Bermeok. Ezkatak berriz agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.