Eztabaida piztu du Bilboko Guggenheimek bizirik dauden animaliak erabili izanak erakusketa batean. Izatez, erretiratzeko eskatu dute animalistek. Dena den, lehenago ere erabili izan dira animaliak artelan edo performanceetan; horietan ere ez zen polemikarik falta izan, eta esanguratsuenak gogoraraziko ditu. Museoko langileen eta animalisten ikuspuntuak bilduko ditu biharko gehigarrian Bizigiro sailak.
Horrez gain, bestelako gaiak ere landuko ditu. Iruñeko Maravillas gaztetxea nola eraldatu duten landuko duen erreportajea izango da horietako bat: udalak horren jarduera eten nahi du, Arrotxapeko gaztetxearekin batera, eta sartu zirenetik egindako lana erakutsi nahi dute. Zinema eta telesailen orriak ere izango dira, The Man Who Killed Don Quixote filma eta Pose telesaila ardatz hartuta, hurrenez hurren. Halaber, Eneko Atxa sukaldariak Bilboko Euskaldunan ireki duen Eneko Bilbao jatetxeari buruzko erreportajea hartuko du gastronomia orriak.
Asteburuko proposamenak ere ez dira faltako, besteak beste, Eibarren (Gipuzkoa) eta Iruñean egingo duten Ezpalak jaialdia eta Sarako (Lapurdi) Usopop festibala.