Familia handitzen

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek badituzte 'lehengusuak' Katalunian: Pitx, Potx i Mari Cuetes. Igandean egingo dute 'T'Estimo' ikuskizunaren aurkezpena, Bartzelonan.

Potx, Mari Cuetes, Pitx eta Anakleto, T'Estimo ikuskizuna prestatzen. BERRIA.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Maite zaitut zuen goiburu Pirritx, Porrotx eta Marimototsek arrakasta osoz Euskal Herriko haurrei zabaldu zieten ikuskizunak. T'Estimo esango diete haien lehengusu Pitxek, Potxek eta Mari Cuetesek Herrialde Katalanetako haurrei. Azken urtean egindako lanak izan du emaitza, eta pixkanaka jositako harreman sareak igandean ikusiko du argia: Pitxek, Potxek eta Mari Cuetesek T'Estimo ikuskizunaren estreinaldia egingo dute, Bartzelonako Poliorama antzokian. Aurrez aurkezpen saio batzuk egin dituzten arren, igandekoa izango da ikuskizunaren abiapuntua. Pitx, Potx eta Mari Cuetes prest daude haurren aurpegiak irribarrez janzteko: Clonc, clonc, clonc… picant a la paella. / Nyigo-nyigo… sonen els violins… / Cloc, cloc, cloc… amb els talons a terra… / Les empremtes queden al camí / En aquest viatge ens farem amics / Catalunya ja som aquí!

Viu el Teatre ikasturte osoko haur programaren barne sartu dute ikuskizuna, eta azaroko lau igandeetan antzeztuko dute Pitxek, Potxek eta Mari Cuetesek, Polioraman. «Hasi berria den taldearentzat garrantzitsua da horrela abiatzea, sona handia duelako programa horrek. Esan daiteke familia hazten ari dela, eta baditugula lehengusuak Katalunian», iritzi dio Aiora Zulaika Pirritxek.

«Guk euskaraz prestatu ditugun emanaldi eta lanak hartuko dituzte aurrerantzean ere erreferentziatzat, baina haien ukitua emanez. Helburua ez da gurea hara esportatzea. Guk euskaratik eta euskaraz egin duguna haiek katalanetik eta katalanez egitea da asmoa», zehaztu du Joxemari Agirretxe Porrotxek. Finean, arazo eta kezka sozialak haurrekin partekatuko dituzte pailazoek, baina Kataluniako errealitatearen eta testuinguruaren arabera moldatu eta egokituko dituzte ikuskizunak.

Moldaketan aldaketa txiki batzuk

Maite zaitut ikuskizunaren katalanezko moldaketa Aran Zulaikak eta Dabid Lillok egin dute. Ijitoen integrazioa du ardatz ikuskizunak, baina euskarazko lanarekin alderatuta T'Estimo-k badu desberdintasunik. «Pirritx eta Porrotx ziren orduan protagonistetako bi, eta Anakleto eta haren biloba Romi —emakume askea esanahia du izenak errumanieraz— ziren beste bi pertsonaiak. Marimotots oraindik ez zegoen taldean. Katalanezko bertsioan Mari Cuetesek hartuko du, nolabait, Romiren rola», argitu du Zulaikak. Pitx eta Potx, altxor txikiz beteriko karabanan bizi den Anakleto ijito zaharra, Mari Cuetes bihurria eta Katiuska hartza dira bost protagonistak.

Hogeita bost urteko ibilbidea dute pailazoek Euskal Herrian, baina Aiora Zulaikak dioenez, tradiziorik apenas duten Katalunian: «Zirkuarekin eta festa egun jakinekin lotzen dituzte, baina gehiago dira umorea lantzen duten antzezleak pailazoak baino. Pailazoaren figura ez da ezaguna». Casting bidez aukeratu zituzten Pitx, Potx eta Mari Cuetes, eta Porrotx aurkitzeko izan zuten zailtasun gehien, Zulaikaren esanetan.

Ez da berria Pirritxek eta Porrotxek Herrialde Katalanekin duten harremana. Duela urte batzuk, Maite zaitut kantaren bertsioa egin zuen katalanez Lax'n'Busto musika taldeak, eta pailazoek Hik Hasi pedagogia aldizkariarekin elkarlanean prestatu zuten Ilargiaren sekretua ikuskizuna ere itzuli zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.