«Baietz zotza apurtu!», esan dio bilobak aitonari, zalantzati baina adoretsu. Ez du esperientzia handirik, baina konbentzimendua? Konbentzimendua sobran du. Aitonak, ordea, badaki: haurrak ez badu zotza apurtzen, berari tokatuko zaio saria lortzen saiatzea. Eta ez dio eman. Ez du saririk eskuratu. Aitonaren txanda da orain, eta hara non! Eman dio! Saria, noski, bilobarentzat da. Halako irudiak sarri ikusten dira Gasteizko jaietako barraketan.

Urteko topaleku kuttunenetako bat da. Eta urtero bezala, aurten ere, Mendizabaleko aparkalekua jolas, argi eta zarata artean piztu da berriro. Lehen egunetik sentitzen da zerbait berezia gertatzen ari dela: uztailaren 24an zabaldu zituen ateak feriak, eta dagoeneko milaka lagun igaro dira bertatik. Hegoaldeko eremu hutsa feria bihurtu da, kolorez eta emozioz gainezka.
Errusiar mendia. Hori da Gasteizko jaietan dabilen atrakzio handiena. Gora eta behera, ezkerretik eskuinera, bihotza sabelean sartzen den arte. Mutiko bat eta neskato bat ilaran daude, baina erronka airean dago: ea nork aguantatzen duen gehien lehen oihua bota arte.

Igo dira halakoren batean. Segurtasun barra jaitsi da, eta mekanikariak irribarre maltzur batekin agurtu ditu. Lehen bira... bigarrena... eta neskatoa, bat-batean, garrasika. Ez beldurrez, ezta minarengatik ere, baizik eta algaraka: adrenalina eta poza nahastuta. Behin lurrean daudela, mutikoa zurbil samar dago. Musikak zarata estaltzen du, baina ez neskatoaren barrea. Laguna, apur bat dardarka, baina osorik. «Ez nuen espero hainbeste mugituko zenik», aitortu du. «Hurrengoan berriz?», galdetu dio neskatoak, desafio kutsuarekin. Mutikoak ez du jakin zer erantzun.
Adrenalinak gosea pizten du. Ilara ez da oso luzea, baina nerbioak bai. Haur batek lehen aldiz egingo du eskari bat bere kabuz Gasteizko jaietako saltoki batean. Gurasoek dirua eman diote, eta konfiantza, baina ez esperientzia. «Talo bat, txistorrarekin, mesedez», esan du ahots apalez, baina irmo. Postuko andreak irribarre eginez hartu dio eskaria, eta minutu baten buruan, talo beroaren artean sartuta dator txistorra. Haurra lehen koskan jabetu da zapore berri bat dela beretzat. Arrebak irribarre egin dio, eta galdera klasikoa egin: «Zer moduz?». Eta, ahoa betea badu ere, ondo eta garbi erantzun dio arrebari: «Munduko onena da».
Kokapenari dagokionez, aldaketa handirik ez da izan. Gasteizko Udalak duela hiru urte egin zuen hautaketa prozesu baten bidez erabaki zen zer saltokik hartuko zuten parte 2022tik 2025era bitartean, eta, inork uko egin ez badio behintzat, aurten ere iazko barrakak, tonbolak eta ostalaritza saltokiak izango dira berriro Mendizabalean. Hala ere, aurtengo berrikuntza nagusienetakoa errusiar mendi ikusgarri bat da, ur lasterrekin hornitua, eta ikusmina piztu du lehen egunetik. Bestalde, abuztuaren 10a izango da prezio murriztuko eguna, arratsaldez, familiak eta bisitariak erakartzeko helburuz. Gainera, barrakek ez dute soinurik izan une batzuetan, autismoaren espektroan daudenek ere feria gozatzeko aukera izan dezaten, ingurune lasaiago batean.