«Memoria lan» gisa definitzen du Marie-Pierre Agerre Urdazubiko turismo gidariak urtero egiten den Burdinaren Eguna. Aurtengoa hamabosgarren aldia da. Urtero, fraideek burdinarekin egindako lana gogoratzen dute abuztuko bigarren asteburuan. Aurten, lehen aldiz, bi egunetara luzatu dute festa; ostiraletik larunbatera bitarteko egitaraua prestatu dute. Festari hasiera emateko, gau erakustaldia antolatu dute ostiralerako. Bertan, a calda soldatze tradizionalaren nondik norakoak azalduko dituzte. «A calda bidezko soldatzea deitzen diogu bestelako metalik erabili gabe sutegiko sua erabiliz burdinazko piezak lotzeko moduari», azaldu du Agerrek.
«Leku guztietatik etorri ohi da jendea», jarraitu du. Turismo gidariak familia osoari gomendatu dizkio larunbaterako, Burdinaren Egunerako, antolatu dituzten ekitaldiak. Gazteenentzako jokoak eta puzgarriak ere jarriko dituzte. Programazioko ekintza gehienek Urdazubiko historia dute ardatz: idien etorrera, artisautza azoka, musika kontzertuak... «Musika, dantza eta historia tartekatzen dira Burdinaren Egunean».
Herritarrentzat, idien etorrerarekin hasten duten antzezlana da festetako «ekintza bereizgarriena». Aurten, larunbatean izango da: 12:00etan hasiko dute antzezlana. Jendeak ekintzaz gehiago gozatu dezan, aulkiez beteko dute herriko plaza. Burdin meaz zamatutako gurdiak monasterioaren atariraino iristen dira, eta bertan fraideekin izandako negoziazioak antzezten dituzte. Olagizonek mearen kalitatea aztertzen dute, eta fraideek burdin mea erosten dute, urrezko txanponen truke.
Bazkari herrikoia
Herri bazkaria izan ohi da jendearen ekintzarik gustukoena. Zikiro jana egin ohi dute. Larunbatean izango da, 14:30ean. «Herri bazkarira, herriko jendea ez ezik, kanpotik etortzen diren bisitariak ere joaten dira. Jendeak eguna Urdazubin igarotzea erabakitzen du. Bazkaria beti dago beteta». Herritarrek ere festetan parte hartzen dutela adierazi du Urdazubiko turismo gidariak. Gehienek, garai hartako arropak jantzita.
Musikak ere bere tokia izan ohi du Burdinaren Egunean. Aurten, Korrontzi taldearen folk musikaz eta Jean Louis Bergara musikariaren akordeoiaz gozatzeko aukera izango da, larunbat arratsaldean.
Urdazubiko Burdinaren Egunaren historia Zugarramurdiko sorginekin lotuta dago. Bailara bereko fraideak baitziren Zugarramurdira iritsi zirenak.
Burdinaren Eguna
Ostiral gauean eta larunbat osoan, Urdazubin (Nafarroa).