Donostiako Aste Nagusia

Festa eta kirola, bateraezinak?

Euskal pilotan jokatzen ikasten ari dira hainbat gaztetxo, Trinitate plazan antolatutako ikastaroan

Gazte ugari animatzen dira pilotan jokatzen ikastera Aste Nagusiko ikastaroan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Parrandazaleentzat, seguru asko, erabat bateraezinak izango dira festa eta kirola. Jaiek, ordea, mila aurpegi izaten dituzte, eta donostiar asko joaten dira kirol ekitaldietara. Trinitate plazako pilotalekuan, esaterako, gaztetxo andana biltzen ari da euskal pilotako hastapen ikastaroan. Barrene pilota jokoak zale ugari bildu zituen atzo eta herenegun.

Jaietan kirola egitea ohikoa ez den arren, hiritar ugari animatzen dira Aste Nagusian antolatutako kirol ekintzetan parte hartzera, arau orokorra hautsiz. Adin kontua izango da beharbada —gaztetxoak eta helduak dira ekintza horietan gehien parte hartzen dutenak—, baina dibertsioa izerdia botatzen ere aurki daiteke.

Aukera zabala

Euskal pilotak ez ezik, hamaika ekintzak osatzen dute jaietako kirol eskaintza. Itsasoa bertan izanda, ur kirolek presentzia nabarmena dute. Adibidez, arratsaldero dago waterpoloan jokatzeko aukera, Nautikoan, adin tarteen araberako txandetan. Bestalde, Pasealeku Berria igerian igarotzeko ohiturak 44. urtea beteko du gaur, 11:00etan. Larunbatean, berriz, piraguismoaren —10:00etan— eta bela gurutzaldiaren —13:00etan— txanda izango da.

Horrez gain, lehorrean ere izango da izerdi pixka bat botatzeko beta, festak amaitu bitartean. Saskibaloia gustuko dutenek,ostegun eta ostiralean parte hartu ahal izango dute Aste Nagusiko XV. Gaztekutxa Street Basket Txapelketan, goizez eta arratsaldez.

Jaiak bezala, kirolak ere bi alde dituela nabarmena da: kirolariak alde batetik, eta ikusleak bestetik. Hain zuzen, ikusleen gozagarri ere ekintza asko antolatu dituzte. Gaur, hipodromoan izango da ikusmira, zaldi lasterketen Urrezko Kopa jokatuko baita 17:30ean. Motorzaleek, berriz, larunbata arte itxaron beharko dute estilo libreko motokrosa ikusteko. Saguesen izango da, eta bi ikuskizun egingo dira: 12:00etan eta 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.