Festa giroa txakolinaren inguruan

Txakolinaren uzta berriari ongietorria egin diote San Anton egunean. Jende andana bildu da Getarian, txakolinaz eta bertako produktuez gozatzera.

Adrian Garcia.
Getaria
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Esperotakoa baino hobea». Hitz horiek erabili zituen Jose Ignazio Manterola Getariako Txakolina jatorri izen elkarteko presidenteak uzta berria deskribatzeko. Alaitasuna nagusi zen atzo Getarian (Gipuzkoa), San Anton egunean. Pozik txakolingileak, iazko uzta osoa saltzea lortu zutelako. Pozik txakolinaren festara bertaratu zirenak ere, eguraldiak eta festa giroak kutsatuta. Izan ere, eguraldi aparta egin zuen atzo, aproposa lagun zein familiartean pintxo eta ardo zuria dastatzeko.

2010eko uztan parte hartutako 24 upategiek 2.000 botila inguru ekarri zituzten Getariako erreginaren omenaldira. Txakolinaren garai berria ofizialki ireki zuten atzo. Urtean oso egun gutxitan ikus daiteke Getariako Gudarien Enparantza eta frontoia leporaino beteta. Jende andana zebilen esku batean edalontzia eta bestean pintxoa, San Anton eguna ospatzen. Txakolinaz gain, antxoa eta hegaluzea izan ziren getariarren egun handian, produktu horiek erabili baitzituzten pintxo lehiaketan parte hartu zuten tabernek.

Txakolinaren garai berriari ekin baino lehen, Harritarten jarritako azokak erakarri zituen bildutakoak. Bertako produktu naturalak dastatu eta erosteko aukeraz baliatu ziren asko, Gazte Alaiak txistulari taldeak herriko kaleak girotzen zituen bitartean.

12:15ean hasi zen jendeak espero zuen txakolinaren garai berriaren aurkezpena. Frontoian altxatutako karpa handi batean egin zioten omenaldia aurtengo txakolinari.

Trikitilariek ireki zuten karparako bidea. Atzetik jarraitzen zieten aurtengo Mahasti Jaunek. Hasieratik bildu zuten horiek hedabideen arreta. Jatorri izen elkartearen ibilbidea goraipatu ostean, txakolindegien helburua denbora horretan guztian irmo jarraitzen duela aldarrikatu zuten: txakolin ona egitea .

2011ko Mahasti Jaunak

Kirola, sukaldaritza eta musika saritu dituzte aurten. Jose Mari Olasagastik jaso zuen lehendabizi saria. Aizkolaritzan derrigorrean aipatu beharreko kirolaria da. Arratsaldean egin zituzten herri kiroletan aukera izan zuen bere abilezia erakusteko.

David de Jorge sukaldaria eta telebista aurkezleari eman zioten ondoren brontzezko eskultura. Mikrofonoa hartu eta Getaria eta getariarrak goraipatu ostean, aurrerantzean herriko enbaxadorea izango dela hitzeman zuen. Ohi duen bezala, «Viva Rusia» batekin itxi zuen hitzaldia.

Kupela taldeko Zabale eta Larrañagak musikaren bidez eskertu zuten saria. Trikitia eta panderoa eskuetan, Txakoliña abestia kantatu eta festa giroa gailendu zen.

Kupela taldekoak ez ziren Getariako edari kutunari doinua jarri zioten bakarrak. Getariako Salbatore abesbatzak txakolinaren abestia kantatu, eta Etxeruntz dantza taldeak txakolin aurreskua dantzatu zien omenduei.

Lizaso eta Egaña bertsolariei Larrañaga Kupelako pandero eta ahotsa gehitu zitzaien. Hirurek uzta berriari merezitako bertso saioa eskaini zioten.

Txakolin garaia ofizialki ireki ostean, festak jarraitu zuen.Bost euroren truke eskura zitekeen edalontzia eta bost aldiz betetzeko txartelak. Postuetan atsedenik ez zen izan. Botilari kortxoak ateratzen eta edalontziak txakolinez betetzen igaro zuten goiza.

Gudarien enparantzatik Elkano kaleko eta Kale Nagusiko tabernetara garraiatu zen giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.