Asteburuko proposamenak

Festa, San Martinen omenez

Herriko festak ospatuko dituzte Miarritzen egunotan, eta azoka egingo dute Zegaman larunbatean

Eskulangileek euren lanak salgai jarriko dituzte larunbatean Zegaman. ARKAITZ APALATEGI / GOIERRIKO HITZA.
Nagore Rodriguez.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Baserrietan txerria hiltzeko eguna izaten zen garai batean azaroaren 11, San Martin eguna. Aitzakia horrekin festa eguna ere bihurtzen zen etxe askotan. Txerria hiltzeko ohiturak baserri gutxiagotan jarraitzen badu ere, festarako aitzakiak bere horretan dirau. Hala, hurrengo egunetan hainbat herritan festa egingo dute San Martinen omenez.

Miarritzen (Lapurdi), esaterako, herriko festak ospatuko dituzte gaurtik igandera, eta, horretarako, egitarau zabala prestatu dute Udalak eta Mizanbu gaztetxeak.

Musikak hartuko ditu egitarauko lehen bi egunak. Aizkoa gizonezkoen abesbatzaren emanaldia izango da gaur Sainte Eugenie elizan, 20:30ean; eta bihar, berriz, Nadauk kontzertua eskainiko du Gare du Midin, 21:00etan hasita. Ekitaldirik gehienak, hala ere, asteburuan izango dira, larunbatean gastronomia lehiaketa eta dantza eskoletako ikasleen emanaldiak egongo dira, eta igandean, bazkaria eta antzerkia.

Mizanbu gaztetxeak, bestalde, arratsetarako prestatu ditu ekitaldiak. Bihar, mus txapelketarekin hasiko dituzte San Martin jaietako ekintzak. Futbolean arituko dira larunbatean, eta igandean 21:00etatik aurrera festa egingo dute gaztetxean, «musika ona» ziurtatu dute, gainera, gaztetxeko kideek.

Zegaman, azoka

Azokaren bueltan bilduko dira, berriz, Zegaman (Gipuzkoa) San Martin eguna ospatzeko. Larunbat goizean, ganadu eta artisau azoka egingo dute, goizeko bederatzietan hasita.

Behiak, behorrak, ardiak eta bildotsak batuko dituzte pilotalekutik Urgainberriko eremuan. Eta artisau, landare, fruitu eta barazki erakusketak Aitxuri herri -eskolako patioan, pilotalekuan eta plazan jarriko dituzte.

Gastronomiak ere izango du bere tartea Zegaman. Pirinioetako artisau gaztak dastatu ahal izango dira, eta Aizkorriko eta Urbiako artzainen arteko gazta lehiaketa ere egingo dute.

Gaztak dastatzeko aukera ez ezik, Tolosako babarruna ere eskainiko dute larunbatean. Eta sari banaketak bukatzean, txakolina eskainiko du Tartalo elkarteak.

Arratsaldean, buruhandiak irtengo dira kalera, eta ondoren sanmartinetako XIII. eskuz binakako pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte pilotalekuan.

SAN MARTIN

Zer. Ganadu eta eskulangile azoka Zegaman larunbatean. Herriko festak Miarritzen, gaurtik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.