Euskal Herriko Mus Txapelketaren antolatzailea

Xerar Urrutia Jorajuria: «Finalaren egunean, Euskal Herriak bat egiten du musari esker; denak ber mementoan, ber jokoan, ber hizkuntzan»

Gaur jokatuko dute Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala zazpi lurraldeetako finalisek, Altzain, Zuberoan. 128 bikote lehiatuko dira txapela irabazteko.

Xerar Urrutia Jorajuria, Euskal Herriko Mus Federazioko kidea, aste honetan, Urruñan. GUILLAUME FAUVEAU
Xerar Urrutia Jorajuria, Euskal Herriko Mus Federazioko kidea, aste honetan, Urruñan. GUILLAUME FAUVEAU
Urruña
2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Joan zen azaroan Euskal Herriko XV. Mus Txapelketa abiatu zuten zazpi lurraldeetan, Euskal Herriko Mus Federazioak antolaturik. Gaur, larunbatarekin, final nazionala iraganen da Zuberoan, Altzain. Xerar Urrutia Jorajuriak hamabost urte daramatza txapelketaren antolakuntzan (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1959); haren aburuz, musa joko bat baino gehiago da, «bide bat delako Euskal Herria batzeko».

Txapelketa antolatu baino lehen, zer egin behar da? 

Hasi baino lehen, funtsezkoa da denek ber arauak ukaitea. Duela hogei bat urte hasi ginelarik, ohartu ginen lekuaren arabera arau desberdinak bazirela; adibidez, zenbait tokitan zortzi erregerekin aritzen zirela, nahiz eta joko batean lau errege izan. Hori zango baloiarekin edo pilotarekin konparatzea maite dut nik; niretzat, musean zortzi erregerekin aritzea, pilotan bi pilotarekin edo zango baloian bi baloirekin aritzearen parekoa litzateke. Beraz, erabaki genuen arautegi ofizial bat sortzea, Euskal Herriko Mus Federazioaren izenean; 37 atal ditu. Bertan dena aipatua da: zer, nola… denek berdin egiteko gisan. Batua izateko gisan.

Final nazionala nola antolatua da? 

Txapelketa bera zazpi lurraldeetan zabaldua da. Urtero, azaroan, kanporaketak hasten dira, herriz herri egiten diren txapelketetan. Horrek bizpahiru hilabete irauten ditu printzipioz. Eta hortik lurralde bakoitzeko finalak iragaten dira, denak ber egunean. Aurten, martxoaren 9an egin zituzten. Maite dut erratea egun horretan Euskal Herriak bat egiten duela musari esker; denak ber mementoan, ber jokoan, ber hizkuntzan. Horren ondotik, lurraldeetan sailkatuak izan diren 128 bikotek final nazionala jokatuko dute ber lekuan.

Erran duzu musari esker Euskal Herriak bat egiten duela. Beraz, musa joko bat baino gehiago da?

Bai! Hori inportantea da niretzat, batasun hori egitea. Bide bat da Euskal Herri bat sortzeko. Ez da bide bakarra bistan dena, baina bat da. Anitz badira. Nire iritzia da, baita elkarte eta antolatzaileen iritzia ere. Desberdintasun bat da beste mus federazioekin; Frantziako Federazioarekin edo Espainiakoarekin, adibidez. Hartan dugu gure berezitasuna, nire ustez.

Aurtengo finala Altzain, Zuberoan eginen duzue. Zergatik?

Txandaka egiten dugu; urtero probintziaz aldatzen dugu. Eta aurten Zuberoari tokatu zaio. Duela zortzi urte jadanik Zuberoan izan zen, Urdiñarben. Heldu den urtean, adibidez, Araban izanen da; ondokoan, Lapurdin... Zuberoatik heldu diren antolatzaileei galdetu genien zein zen haien aburuz finala antolatzeko lekurik egokiena; Altzai proposatu ziguten. Gure ustez, berrehun bat biztanleko herrixka batean final nazionala egitea interesgarria izan daiteke, ez baitu jende anitzek lekua ezagutzen, bereziki Hego Euskal Herrikoek; alta, leku zoragarria da.

Azaroan txapelketa hasi zenutenetik, nola iragan da?

Ongi pasatu da. Izugarri kontent gara. Txapelketa garaian parada da memento goxo eta ona pasatzeko, elkar berriz ikusteko, elkar ezagutzeko... Euskaraz egiten ez dutenentzat ere bai! Aurten ere, guti gorabehera, 2.200 bikotek parte hartu dute. Betidanik parte hartzaile anitz dugu; baina, urtez urte gazteen parte hartzearen emendatze bat ageri da. Hori seinale ona da! 

Nola bilakatu zinen mus zale?

Haurra nintzelarik hasi nintzen musean jolasten. Familiarekin beti bazkari eta afariak egiten genituen; gehienetan kantatzen genuen, eta bukaeran, helduak musean hasten ziren. Beti begiratzen nituen pentsatuz: «Zer da joko hori? Ni ezin naiz aritu, haurra naiz eta,...». Berantago, poliki-poliki, arauak ikasi eta lagunekin jolasten hasi nintzen, baita txapelketetan parte hartzen ere. 

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.