'Flamante' galduta

Santo Domingon gora, zezen batek, labaindu, eta ia ibilbide osoa bakarrik egin du, arrisku handia sortuz eta gazte bat adarkatuz

joxerra senar
Iruñea
2010eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Oso luzea eta arriskutsua izan zen sanferminotako hirugarren entzierroa. Santo Domingo aldaparen erdialdera, taldea gidatzen zuen zezena -Flamante izenekoa, 550 kilokoa- erori egin zen eta atzean geratu zen, eta ibilbide osoa bakarrik egin zuen. Plazara iristeko geratzen ziren 650 metroetan, izua eragiteaz gain, entzierroa nabarmen luzatu zuen: sei minutu eta 23 segundo; orain arte denbora gehien behar izan duen lasterketa. Cadizko FuenteYmbro ganadutegiak aurreko bost urteetako entzierroetan bi adarkatu utzi zituen, eta aurtengoan beste bat gehitu du zerrendara.

Bezperako bero sargoriaren ostean, atzoko 06:00 aldera euri jasa bota zuen, eta zorua bustita eta labainkor zegoen, bereziki zezenentzat. Beti bezala, indar handiz eta ziztuan atera ziren zezenak, joaldunak aurretik. Hasi eta berehala, korrikalari bat bultzatu zuten. Hala ere, metro batzuk aurrerago gertatu zen entzierroa baldintzatu zuen gertaera. Zoru bustiaren eraginez, labaindu egin zen Flamante, eta ordutik, bere anaien arrastoa galduta, bakarrik egin zuen ibilbidea.

Aurretik zihoan taldean, Udaletxe plaza igarota, erori egin ziren hiru zezen. Mercaderesko bihurgunera iritsi aurretik, berriz, herenegun adarkada gertatu zen toki berean, talde buruan zegoen gaztaina koloreko zezenak aurrean eraman zuen 39 urteko korrikalari britainiar bat. Atzera begiratu ez eta fuenteymbro-ak gainean zituela sumatu gabe, zezenak aurrean eraman zuen. Erorikoaren eta kolpearen ondorioz, konortea galdu zuen, eta ospitaleratu egin zuten sorosleek. Traumatismoa du garezurrean.

Jendetza ibilbide amaieran

Bihurgunetik aterata, gaztaina koloreko zezenak une horretan zorutik altxatzen ari zen korrikalari bat bultzatu zuen, baina korrikalariak zortea izan zuen. Estafetan gora, nabari zen aurreko bi egunetan baino korrikalari gehiago zegoela ibilbidean, eta elkarren arteko lehia bizian hamaika ukondokada eta bultzada ikusi ziren. Korrikalari kopuru handiaren ondorioak kailejoian sumatu ziren, pilaketa txiki bat egon baitzen plazarako sarreran. Ezkutalekuei esker, ez zen ezer gertatu.

Lasterketa azkarra izango zen, baldin eta Flamante atzean geratu izan ez balitz. Galduta egoteak are arriskutsuago bihurtzen zuen, inguruan zituen mugimendu guztiek erakartzen baitzuten haren arreta. Hainbat aldiz geratu zen Estafeta kaleko atari batzuetan adi-adi begira. Aurretik zituen korrikalarien eta atzean zeuden unaien lanari esker, Flamante pixkana gerturatu zen plazara. Ez zirudien hara joan nahi zuenik. Indar askorik ez zuen edo behinik behin lurrari ongi ezin helduz zebilen.

Nabarmentzekoa da hala atzo nola herenegun bakarrik geratu diren zezenak behar den legez eraman dituztela. Moldakaitz gutxi eszenaratu ziren atzo, eta halako baten bat agertu zenean, makilakadak jo zizkieten unaiek. Telefonica inguruan, berriz, hainbestekoa zen jendetza, unaiek nahikoa lan izan zuten zezenaren atzean geratzen zirenak handik aterarazten eta zezenaren gorabeherei adi-adi jarraitzen.

Arrisku une handiena, ordea, Estafeta kalearen amaierara iritsi zenean izan zen. Han zezenak oharkabean hartu zuen hesian zen Erresuma Batuko 20 urteko gazte bat: M.M. Hogei zentimetroko adarkada du izterrean, baina ez dio zainik harrapatu. Kolpeen ondorioz, beste zauritu bat ere badago, 46 urteko valentziar bat, baina horren zauriak «arinagoak» dira.

Hain galdua zegoen Flamante,bakarrik geratzen diren zezenak plazara eramateko zeregina duten joaldunei ez zien jaramonik egin. Horietako bati oldartu egin zitzaion, gainera. Amaieran, berriz, zezen-plaza toki arriskutsua izan litekeela erakutsi zuen. Abiadura hartu eta plazako ezkerraldea erabat garbitu zuen. Hor amaitu zen arriskua. Gaur Dolores Agirreren zezenen ordua da. Arrisku handiena, asteburuko jendetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.