Hiru hirik eta ibai bakar batek osatzen dute parajea. Kalexketatik doinu lauso bat aditzen da, ur bazterrera hurbildu ahala gero eta ozenago sartzen dena belarrietara. Herenegun hasi zen Bidasoa Folk jaialdia, eta gaur arratsean emanen diote bukaera kontzertu saioari, Irungo Junkal plazan (Gipuzkoa).
Txingudiko Badiako leku erranguratsuenak bildu, eta doako sei kontzertu antolatu dituzte Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta Irungo, Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Hendaiako (Lapurdi) udaletako kultura sailek. 24. aldiz, Bidasoaldea alaituko dute musikaren bitartez.
Izatez, Bidasoa Folk jaialdia folk musikaren, musika tradizionalaren eta herri musikaren topaleku da, eta bertako zein nazioarteko artistek hartzen dute parte. Esperimentatzeko leku bat da Txingudiko oholtza, eta kontzertuetan esperimentu txiki bat egiteko tartea izanen dute musikariek. Hiru egunetan banatu dituzte sei musika taldeak; bina talde egun bakoitzeko, eta egun bakoitza hiru hirietako batean.
Ia mende laurden daramate jaialdia antolatzen, eta hasierako asmo bera dute gaur egun ere: itzalean dagoen musika argitara ateratzea. Alegia, ohikoa, ezaguna eta komertziala ez den musika ezagutaraztea. Musika tradizionalaren alde egiten dute, baina onartzen dituzte ohiko moldeetatik at dauden proposamenak ere.
Hain zuzen ere, proposamen musikal hori ontzen aritzen da Josean Martin; taldeen arteko aukeraketa bat egiten eta horietako sei lotzen. Bidasoa Folk jaialdiko zuzendari artistikoa da, eta «musikari bakoitzak zer eskain dezakeen» pentsatzen du deitu ala ez erabakitzeko. «Etortzen den orok zerbait berria eskaintzea nahi dugu, eta horrek esan nahi du emanaldi bereziak lotu behar ditugula», erran du. «Musikaria naiz, eta lanagatik asko ibiltzen naiz harat-honat. Bidaia horietan musikari asko ezagutzen ditugu, eta hori da aukeraketa prozesurik emankorrena». Aitortu du sei talde aukeratu ondoren «nahiko erraza» dela Txingudiko badiara joan daitezen lortzea. Izan ere, jaialdia «nahiko ezaguna» da, folk munduan batez ere, eta musikariek «gogo handia» izaten dute parte hartzeko.
Oholtzara igotzen direnentzat ez ezik, ikusle batzuentzat ere ohikoa da jaialdia, eta, Martinek kontatu duenez, entzule «leial» asko dauzkate. Bertze batzuk, ordea, sorpresaz harrapatzen ditu emanaldiak, eta «denak dira oso ongi etorriak».
Betiko lekuan
Hasierako urteetan lekuak arakatzen eta paisaia berrien bila aritzen ziren; emanaldiak hiru herritan egiten zituzten, baina oholtzak urtero leku desberdinetan muntatzen zituzten. Bortz bat urte gibelera, baina, «leku egokiak» topatu zituzten urtez urte jaialdia han ospatzeko, eta toki horietan ari dira egiten aurtengoa ere.
Hendaiakoa Gaztelu Zahar frontoian egin zuten, herenegun. Son de Madera taldea aritu zen aurrenekoz, eta Para Veracruz un Son ikuskizuna aurkeztu zuen. Abestu eta musika jo ez ezik, dantzatu ere egin zuten taldekideek. Bigarren taldea Gwennyn izan zen, musika zelta jotzen duen talde bat. Europa osoko bira egiten ari dira, eta Immran album berria aurkeztu zuten Hendaian.
Atzo, berriz, Hondarribiaren txanda izan zen, eta hark ere oholtza apain-apaina prestatu zuen Arma plazan. Chloe Bird izan zen lehena jotzen, eta nahasketa bat egin zuen musika klasikoko elementuekin eta genero garaikidekoekin. Esperimentuaren emaitza zera izan zen: pop melodikoa, rocka, folka eta ukitu elektroniko bat. Hurrena El Gato con Jotas taldea izan zen, eta Electrojota ikuskizuna eskaini zuen, musika tradizionalak modernitatea izan dezakeela aldarrikatzeko.
Gaurko kontzertuak 20:00etan hasiko dira, eta Belharra taldea izanen da lehena oholtzara igotzen. Donostiako eta Hendaiako musikariek osatzen dute taldea, eta country estiloa dute oinarri. Orain bortz urte atera zuten lehendabiziko diskoa, eta orduko hartan ingelesez kantatzen bazuten ere, orain euskaraz egiten dituzte zuzenekoak.
Bigarren musikariak 21:10ean hasiko dira jotzen: Joaquin Pardinilla Sexteto. Aragoiko folklorea dakarte, eta En Danze ikuskizuna eginen dute.